Sortzaileak eta programatzaileak aurrez aurre jartzea. Hori da Durangoko Azokan egingo dituzten DA! Pro topaketen helburua. Azaroaren 26an eta 27an izango dira, eta musikako zein familientzako ikuskizunetako profesionalei egingo zaie tokia. Haiei begira, Euskal Herriko programatzaile, kultur teknikari eta jai antolatzaileak egongo dira. Seigarren aldia izango du aurten DA! Pro-k. Musika Bulegoaren eta Gerediaga elkartearen arteko elkarlanetik sortu zen asmoa, eta 2018an izan zuen estreinakoa.
Aurtengo Durangoko Azokak Hartzea ematea DA! izango du leloa. Horren harira, antolatzaileek adierazi dute programatzaileak eta jai antolatzaileak direla kultura herriari ematen diotenak Euskal Herrian. Halaxe aipatu dute, ohar bidez: «Kulturaren zabalpenak hainbat balio ditu; kultura jasotzea gizarteari bueltan ematea da, eta euskara indartzeko bide bat ere bada». Sortzaileen eta programatzaileen arteko elkarlanarekin, bi helburu bete nahi ditu Durangoko Azokak: batetik, kulturgileen lana Euskal Herrian hedatzea, eta, bestetik, kultur programazioa euskarazko proposamenekin betetzea.
Parte hartzekotan, izena eman behar izan dute sortzaileek; 27 izan dira guztira. Horien artetik hamar aukeratu dituzte programatzaileen aurrean proposamen bana aurkez dezaten. Azaroaren 27an Plateruena aretoan Albina Stardust, Aria, Eider, Erromintxelak, Heriotz, Kai Nakai, Karena, Mikel Urretagoiena, Trigger eta Zilibito records ariko dira. Bezperan, familia ikuskizunak aurkeztuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel liburutegian; guztira zortzi izango dira: Ene Kantak, Gora Musika, Gookapi, Hutsun txalaparta, Komorebi produkzioak, Laura Penagos, Loa eta Laia eta Marramiau sorkuntza taldea. Parte hartzaile bakoitzak hamar minutu izango ditu bere proposamena aurkezteko, eta zuzeneko musika eskaintzen dutenei emango zaie lehentasuna.
Familia ikuskizunetarako proposamena aurkeztu dutenen artetik hemezortzi aukeratu dituzte, baina, hala ere, izena eman duten sortzaile guztiak agertuko dira katalogoetan, antolatzaileen esanetan. Katalogo horiek programatzaileei banatuko zaizkie, urte osoan antolatzen dituzten kultur ekitaldietan proiektu guztiak kontuan hartzeko.
Programatzaileek azaroaren 11tik 22ra arte izango dute izena emateko epea, Durangoko Azokaren webgunean.
Bestalde, aurkeztutako sortzaileek proposamenak oholtza gainean erakusteko aukera bat izango dute datorren urtearen hasieran. Urtarrilaren 25ean Zornotzan MusikaGaz Fest jaialdia egingo dute, eta DA! Pro topaketetan arituko diren musikariek osatuko dute eguneko programazioa.