D2016ko proiektu batean parte hartzeari uko egin dio hainbat fotokazetarik

Argazkien tarifak ordaindu nahi ez izatea leporatu diote profesionalek erakusketaren antolatzaileari. K6 enpresak ukatu egin ditu salaketak

Andoni Lubaki fotokazetaria izan da protesta egin dutenetako bat. ANDONI LUBAKI.
Ander Perez Argote
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Polemika piztu da uztailaren 18an irekitzekoa den Donostia 2016ko Bakearen milia erakusketaren inguruan. Fotokazetari talde batek bertan parte hartzeari uko egin dio, erakusketa kudeatzen duen K6 Gestion Cultural enpresak haien argazkiak ordaindu nahi ez zituela iritzita. Argazkilarietako batzuek zabaldu egin dituzte enpresak bidalitako mezu elektronikoak. Haietan, esaldi hau irakur daiteke: «Printzipioz, ez dugu irudietarako aurrekonturik, izan ere, ulertuko duzuen bezala, erakusketak ez du dirua irabazteko inolako asmorik». Proiektuak 226.100 euroko aurrekontua du.

Andoni Lubaki fotokazetaria da protesta egin dutenetako bat. BERRIAri adierazi dionez, erakusketa ikusteko sarrerarik ordaindu behar ez izatea argudiatu zuen enpresak dirua irabazteko asmoa ukatzeko. «Bob Dylanek Donostiako Zurriolan jo zuenean, inork ez zuen sarrerarik ordaindu, baina Bob Dylanek kobratu zuen. Hori ez da irabazi asmorik gabeko zerbait». Lubakik azaldu duenez, bera arduratu zen «oso haserre» zeuden fotokazetariak lasaitzeaz, baina, enpresaren aldetik «erantzuten ez zutela» ikusita, protestarako bidea hartzea erabaki zuten. Sona handiko berriemaile batzuek —Gervasio Sanchez eta Manu Brabo, adibidez— izenpetu dute protesta oharra.

Lubakik salatu duenez, K6 Gestion Cultural enpresak «azpitik jokatu du», AP agentziaren bitartez eskuratuz proiektuan parte hartzeari uko egin dioten bi argazkilariren lanak; Lubaki berarenak, tartean. Euskal argazkilariak azaldu duenez, «baimenikgabe» lortu dituzte bere irudiak: «legezkoa izango da, baina moralki arbuiagarria da». Era berean, fotokazetariak aitortu du enpresak jarrera aldatu eta argazkiak ordaintzeko asmoa erakutsi duela, baina, zehaztu duenez, protesten ostean izan da hori.

Cristina Agirre K6 Gestion Cultural enpresako zuzendariak onartu du «gaizki idatzia» zegoela argazkilariei bidalitako mezu hura, «hasieratik egon delako argazkientzako aurrekontua». Edonola, ukatu egin ditu argazkilarien salaketak, dioenez, enpresak otsailean bertan zuzendu zuelako «gaizki ulertua», hautatuak ziren fotokazetariekin harremanetan jarrita. Gainera, enpresak argazkiak ordaindu nahi izan dituen galdetuta, argi mintzatu da: «Bai, argi eta garbi. Argazki guztiak ordaintzen ditugu». Era berean, argazkiak hainbat agentzien bitartez hartu izana defendatu du Agirrek: «Haiek [fotokazetariek] modu boluntarioan merkaturatzen dituzte argazkiak agentzien bitartez». Azkenik, iritzia eman du gertakariaren iturburuaren inguruan: «Ez da autore erakusketa bat, eta uste dut hortik sortu dela guztia eragin duen frustrazioa».

Erreakzioak

Auziari buruz hitz egin zuen atzo Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusiak. Haren esanetan, kultur hiriburutzak beti ordaindu dizkie egile eskubideak bere proiektuetan parte hartu duten artistei, eta Bakearen milia K6 enpresaren oker bati egotzi dio gertatutakoa. Dena den, jada zuzendu dela iritzita, uste du polemikak ez duela «izateko arrazoi objektiborik».

Haren hitzetan, urtarrilean bidali zen hainbat argazkilarik sare sozialetan erakutsitako K6 enpresaren mezu elektronikoa, eta, «gaizki azalduta» zegoenez, zuzentzeko eskatu zion D2016k enpresari. «Gure jarrera beti izan da argia. Beti egon da artistei ordaintzeko asmoa». Berastegiren ustez, polemikan zerikusia izan dezake enpresak hainbat agentziarekin negoziatu izanak, zeintzuek argazkilari horien irudiak dituzten, eta merkeago eskainiko dituzten. Adierazi du D2016ko lantaldeak ez zuela elkarrizketa horietan parte hartu, eta zalantza agertu du polemika hori guztia «noraino izan daitekeen baldintza hobeak lortzeko presio egiteko modu bat».

EIGE Euskal Herriko Informatzaileen Elkarteak, bestalde, ohar bat kaleratu zuen atzo, gertatutakoaren harira. Elkarteak «kezka» adierazi zuen, eta fotokazetarien lanekin «egindako kudeaketa argitzea» galdegin zuen. Era berean, «egonezina» azaldu zuen informatzaile grafikoek lanean dituzten baldintzak direla eta:«Gehienetan, gure lanaren kaltean izaten dira baldintza horiek, eta bada egoera horri buelta emateko garaia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.