Txileko 'Cuadro Negro'-k irabazi du Ikuspuntu jaialdiko Film Onenaren Saria

Anne Benhaiem frantsesaren ‘La limace et l’escargot’ filmak jaso du zuzendari onenaren Jean Vigo saria, eta Marina Lameiro eta Maddi Barber nafarren 'Cambium' filmak, berriz, Publikoaren Sari Berezia.

Jose Luis Sepulveda eta Carolina Adriazola zuzendarien 'Cuadro Negro' filmeko fotograma bat. IKUSPUNTU
Jose Luis Sepulveda eta Carolina Adriazola zuzendarien 'Cuadro Negro' filmeko fotograma bat. IKUSPUNTU
garbine ubeda goikoetxea
2025eko martxoaren 1a
21:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Sail Ofizialetan lehiatu diren hamazazpi dokumentalen artetik gailendu da Jose Luis Sepulveda eta Carolina Adriazola txiletarren lana: Cuadro Negro. 10.000 euroko diru saria jasoko dute. Cyril Neyrat, Boris Nelepo eta Monica Rovira epaimahaikideek halaxe agertu dute Cuadro Negro filmaren aldeko ebazpena: «Kamera txiki batez lagundurik eta kazetari bati jarraikiz, pelikula honek gizartearen eta zinemaren gainetik dauden aginte mota guztien aurkako gerrilla satiriko batera darama ikus-entzulea». Sepulvedaren eta Adriazolaren dokumentala «pertsonaren eta pertsonaiaren zein errealitatearen eta errepresentazioaren arteko mugetan» dabilela diote epaimahaiko hiru kideek: «Rolak eta pentsamendu ohitura guztiak desorekatzen dituzte, katastrofeari umore zentzu zorrotzez aurre eginez. Zuzendariek zinemari berezkoa zaion anarkia bizi dute etengabe».

Zuzendari onenaren Jean Vigo saria Anne Benhaiem zuzendari eta aktore frantsesak irabazi du, La limace et l’escargot dokumentalagatik; 5.000 euro eskuratuko ditu.

Film laburren artean, Wonwoo Kimen Writing Poems at the End of the World lana gailendu da. Film labur horri buruz halaxe mintzatu da epaimahaia: «Bizitzan egunez egun alderrai dabilen bitartean, soinuen eta irudien hiztegi bat osatzen du filmak. Zinemagileak bere inguruan gertatzen denarekin lengoaian esperimentatzeko materiala aurkitu du, eta horrekin soneto bana osatzen du egun bakoitzeko». Wonwoo Kimek 3.000 euro jasoko ditu.

(ID_17408512800785) (/EZEZAGUNA) \'Cambium\'
Marina Lameiro eta Maddi Barberren 'Cambium' filmeko fotograma bat. IKUSPUNTU

Sari eta aipamen bereziak

Sari berezirik ere eman du aurtengo Ikuspuntu jaialdiak. Publikoak, esate baterako, Marina Lameiro eta Maddi Barberren Cambium filma hobetsi du. Artzibarko ibarreko (Nafarroa) pinudi baten mozketaren inguruko dokumentala da Cambium. 2021ean, bertako herritarren borondatez, errotik moztu zituzten arbolok, soroak behar zituztelako. Eta, hala, agur baten mingotsa eta paisaia berriekiko adiskidetzea, biak dira lanaren gakoak. 

Gazte epaimahaiak ere film baten alde egin ohi du, eta aldi honetan Sail Ofizialean irabazle izandakoa hobetsi du, Cuadro Negro: «Ikuspuntu jaialdiak debate kritikorako zabaldu duen tartea bereziki aktibatu du film horrek. Instituzioen botereaz mintzo da, eta diskurtso politiko, historiko eta kulturala berridazteko gezurra erabiltzeaz».

Bestalde, bi aipamen berezi egin ditu jaialdiak. Batetik, Pierre Louapreren La prunelle rouge filmari. Epaimahaiak azaldu duenez, «alderdi utziak» aztertzen ditu: «Ikusi nahi ez diren alderdi horiek oso modu subjektiboan agertzen ditu filmak, beharrak eta barne ikuspegiak hartaratuta agertu ere, eta, horri esker, elementurik apalenak poema bihurtzen ditu. Poesia anabasan ordena jartzeko modu gisa ageri da: etxeak gain behera ari direnean, bizitoki bihurtzen da filma».

Ramon Balcellsen A filmak ere aipamen berezia jaso du. Halaxe azaldu du epaimahaiak filmaren meritua: «Etxebizitza huts batean ahotsak entzuten dira. Kamera etxebizitza deskribatzen ari dela, lehen bizi izandako norbait azaltzen da pozik, pareten artetik. Ez da deus handirik ikusten, ezta entzuten ere. Bitarteko urrien bidez, kasik xuxurlaka, jada ez dagoen horren presentzia erakusten du pelikulak».

Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak XIX. aldia izan du aurtengoa. Manuel Asiain zuzendari artistikoak jaialdiaren aurkezpenean azaldu zuenez, zinema dokumentalak ematen dituen «aukera mugagabeak» bistaratzea izan du xede behinena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.