Crystal Fighters taldea hainbat euskal artistarekin batera ariko da Zeidfest jaialdian

Besteak beste, Zetak ariko da Londresko taldearekin Barakaldoko BECen apirilaren 5ean egingo den festibalean. Erramun Martikorenak, Eñaut Elorrietak eta La Mariak saio akustikoak egingo dituzte.

Crystal Fighters taldea, iazko udan, Coruñan. MONCHO FUENTES / EFE
Crystal Fighters taldea, iazko udan, Coruñan. MONCHO FUENTES / EFE
mikel lizarralde
2025eko martxoaren 5a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain dela ia urtebete iragarri zuten Crystal Fighters taldea izango zela 2025eko Zeidfest jaialdiaren kartelburua. Gaur, berriz, antolatzaileek jakinarazi dute Londresko taldeak hainbat euskal artista izango dituela gonbidatu oholtza gainean, Zetak taldea tartean. Crystal Fightersekin zein beste artista ariko den datozen egunetan jakinaraziko dute. Bestalde, Erramun Martikorenak, Eñaut Elorrietak eta La Maria artista kataluniarrak saio akustikoak egingo dituzte jaialdian, eta Albina Stardust eta Divina Comedia ere gehitu dira festibalera. Zeidfest apirilaren 5ean egingo dute, Barakaldoko BECen (Bizkaia).

Aurtengoa laugarren Zeifest jaialdia izango da, eta, gaurko agerraldian antolatzaileek gogorarazi dutenez, «pandemiaren ziurgabetasunaren testuinguruan» sortu zen festibal hura «euskal musika eszenaren erreferente» bihurtu da ordudanik. Itziar Lamarka komunikazio arduradunak jaialdiaren balioak ere aipatu ditu: euskara, euskal kultura, askatasuna eta aniztasuna.

Aurten, besteak beste, Zea Mays, Iseo & Dodosound, Betagarri, Sune, Dupla, Isabel Aaiun, Kai Nakai, Joselu Anayak, Sorotan Bele Gogoan, Ingot, Zilibito Records eta Maria Rivero ariko dira jaialdian. 

Horretaz gain, aurreko urteetan Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaizkibel konpainiak eta Naizen elkarteak egin bezala, aurten AEK-k jasoko du Zeidfest jaialdiaren omenaldia. «AEKn ohituta gaude omenaldiak egitera, eta ez hainbeste jasotzera. Ohore handiz hartu dugu gonbidapen hau», esan dute AEK-ko kide Lurdes Etxezarretak eta Aize Otañok. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.