Cromlecha, natura omentzeko

Juan Gorritik 'Gaztarri erakusketa mailopean' izeneko erakusketa jarri du Azkuen. Bi cromlechekin eta beste hainbat piezarekin osatu du. Igandera arte egongo da zabalik

Juan Gorriti eskultoreak bi cromlech sortu ditu egurrezko ehunka piezarekin, eta Azkueko zelaietan jarri ditu ikusgai. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
2019ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Natura zati bat»: hori da gizakia Juan Gorriti (Larraun, Nafarroa, 1942) eskultorearentzat; «harria, airea, natura». Haren lana ere lotua dago naturarekin, eta, oraingoan, hari omenaldia egiteko erakusketa bat jarri du Nafarroako Araitz bailaran, Azkueko inguruan. Bi cromlech dira obra nagusiak, eta haiei laguntzen diete beste hainbat piezak. Aire zabalean dago erakusketa; aterik gabe, irekia. Gaztarri erakusketa mailopean izena jarri dio Gorritik, artzainen gaztari eta mailoetako harriei erreferentzia eginez. Ekainaren 8an zabaldu zuten erakusketa, eta asteburuero hainbat artista gonbidatu ditu «haren parte bihurtzera». Asteburuan izango dira azkeneko jarduerak: bertsolariak, abeslariak eta dantzariak arituko dira, besteak beste.

«Erakusketak egin izan ditudanean, leku politak ikusi ditut, baina beti lau pareta artean eta teilatuen azpian. Orain dela hiru urte, erakusketa bat egin nuen, Donostiako Miramar jauregian, eta pieza batzuk kanpoan jarri nituen, itsasoari begira. Eta itsasoak besarkatu egin zuen erakusketa», azaldu du Gorritik. «Orduan, ni mendiko semea naizenez, segituan etorri zitzaidan Azkue burura. Pentsatu nuen han jarriko nuela erakusketa bat, denentzat, askatasun horrekin». Hala, aretoetako paretak zeruarekin, lurrarekin eta mendiekin ordezkatzea erabaki zuen. Gorritirentzat, «berezitasun handiko» toki bat da Azkueko ingurua; «oso ederra».

Erakusketak lotura handia du oroimenarekin; «guztia da oroimena». Artistak gogora ekarri ditu aitak txikitan irakatsi zizkion gauzak: «Egunsentia usaintzen ere erakutsi zidan». Halako irakaspenak ere eraman ditu haren artelanetara. Kontatu duenez, gaztetan hirira joan zen, ikastera, baina ez zuen bere tokia aurkitzen. «Txoria ezin da kaiolan bizi, eta ni txori bat naiz», adierazi du. Hala, Azkueren moduko inguruneetan aurkitzen du bere lekua, eta, orain, artelanak hara eramanez omenaldi egin nahi dio lekuari, han ibiltzen diren artzain eta baserritarrei, eta, oro har, naturari.

Harrespilak dira Gorritiren eskultura multzoko pieza nagusiak. Artistak lotura sentitzen du cromlecharekin, haren lana «oso primitiboa» baita. Baina, azaldu duenez, behin norbaitek esan zion Nafarroan ez zegoela cromlechik, eta erabaki zuen hark egingo zituela. Bi cromlech sortu ditu, egurrezko ehunka pieza originalekin, eta, zirkuluak osatzeko, soka baten laguntzaz baliatu da. «Beharrak erakusten dizkizu gauzak», esan du, umoretsu.

Sortze prozesuan, eskultoreak harrespilaren historia aztertu du Xabier Peñalver ikertzailearen laguntzarekin. Peñalverrek Euskal Herriko megalitoak ikertu ditu, eta liburu batean bildu ditu trikuharrien, cromlechen eta menhirren ezaugarriak eta historia. Ikerlan horri esker, Gorritik jakin ahal izan du cromlecha orain dela 3.000 urtekoa dela. Ondorioz, harentzat, sortu dituen cromlechak dira arbasoek garai hartan egin zuten lanaren jarraipena. Baina hau zehaztu du: «Ez dira nireak, denonak baizik».

Cromlechei laguntzen dieten pertsonaia batzuk ere sortu ditu. Izan ere, piezekin lanean ari zenean, egun batean, imajinatu zuen nolakoak izango liratekeen orain dela 3.000 urteko pertsonaiak. Irudimenak gidatuta, zortzi izaki mitologiko sortu ditu, eta cromlechen inguruan jarri ditu. «Pertsonaiak sortzeko prozesua luzea izan da, baina asko disfrutatu dut», adierazi du.

Artelan horiekin batera, artzainak omentzeko instalazio bat dago, aurretik Miramar jauregira eraman zuena. Eskultorearentzat «ohore bat da» artzainei artelan bat eskaini ahal izatea, bera ere «huts egindako artzain» bat delako. «Horregatik, niretzat hoberena litzateke inguruko artzainak eta baserritarrak erakusketa ikustera etortzea». Erakusketa osatzeko, Miramarren jarritako beste pieza solte batzuk eraman ditu, hala nola behi urdin bat, artzainek gazta egiteko erabiltzen zuten malatsa izeneko tresna, eta txalaparta bat. Txalapartaren piezaren bitartez, eskultoreak gorazarre egin nahi izan dio zurginen lanari, hark ere lotura handia baitu egurrarekin, betidanik aritu baita zurgintzan. «Txalaparta musika da; baina gure sustraietako historia ere bada».

Gorritik dio «gogobeteta» sentitzen dela haren lana Azkuen ikustean: «Poz handia da ikustea mailoen azpian egin dugun lan guztia». Materialen eta naturaren bat-egitean baitago haren lanaren funtsa. «Nire lana da herria, lurra, natura», laburbildu du.

Artisten trukea

Azken asteetan, hainbat artistak bisitatu dute erakusketa. Asteburuetan antolatu dituzte ekitaldiak. Inaugurazio egunean, Jon Maia dantzaria cromlecharen barruan aritu zen dantzan, eta Ion Gorriti eta Peio Goåikoetxea txalapartariek ikuskizun bat egin zuten Txomin Amondarain eta Ibai Soroa aizkolariekin. Horietaz gain, Azkueko zelaiak bisitatu dituzte Josetxo Silguero saxofoi jotzaileak, Sonakay taldeak eta Uxue Alberdi, Sustrai Colina, Miren Amuriza eta Amets Arzallus bertsolariek, besteak beste.

Bihar, Gema Ines eta Lara Mitxelena txalapartariak eta Maddalen eta Amets Arzallus bertsolariak izango dira. Larunbatean, berriz, Alaia Martin, Julio Soto eta Jon Martin bertsolariak arituko dira kantuan; Peru Magdalenak eta Gotzon Garaizabalek 2D1 proiektua erakutsiko dute, Kukai dantza taldeak dantzatuko du, eta Mikel eta Esti Markezek abestuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.