Kritika-Antzerkia

Cortes: maitasunaren eta desioaren delirioa

Alberto Cortesen 'One night at the golden bar' antzezlana.
Alberto Cortesen 'One night at the golden bar' antzezlana.
2024ko ekainaren 12a
05:05
Entzun

'One night at the golden bar'

Ideia, dramaturgia, interpretazioa: Alberto Cortes.
Musika: Cesar Barco Manrique.
Tokia: Errenteria, Lekuona Fabrika (Eztena Jaialdia).
Eguna: Ekainaren 9a.

Alberto Cortes: Malagako (Espainia) zuzendari, dramaturgo eta performerrak bere gorputza, desira, maitasuna eta identitatea taularatu ditu, hauskortasuna eta intimitatea esperimentatu nahian, betiere begirada queer batetik. Lan honek bere historia pertsonal bat du oinarri, eta maitasun erromantiko bat adierazten du: ia nerabea, esajeratua, egilea lotsarazi egiten duena ia. Erromantizismoak dibinitatearekin, kutsu zerutar eta aingerutarrarekin duen lotura nabarmena da eszenografian, espazioa girotzen duen piano eztian, Cortesen jantzian eta ahotsean… baina bada dikotomia argi bat ere: haragizkoa, ipurmasailena, eszenaren erdian kokatuta dagoen potroarena —gimnasian gainetik salto egiteko erabiltzen ziren horiek—, metafora poetikoekin nahasten den lizunkeriarena… Baina Cortesek hain egiten du bere hau guztia, hain egiazko, non ez den inolako talkarik sumatzen: dena da maitasunaren eta desioaren esperientzia horren parte; esperientzia eder, liluragarri, terrorifiko, lazgarri hori. Egileak Rilkeri egiten dion erreferentziak ondo laburtzen duen moduan: «Aingeru oro terriblea da».

Cortes ertzetan bizi da, eta ez bakarrik iruditegi marika baten aldarria egiten duelako. Darabilen lengoaia artistikoak poesiatik, antzerkitik, dantza garaikidetik… edaten du, baina ez du bere burua sailkatzen, ezta beharrik ere. Ikertzen ari dena hobekien adierazten lagunduko dion lengoaiari heltzen dio. Sortzaile bezala, piezak bizirik egotea eta ikusleekin espazio komun bat sortzea interesatzen zaio; ikusleen begirada bilatzen du, ikuslea ere ikusia sentitu dadin, gertatzen ari den horren parte. Abuztu amaieran, Mamuen eskola izeneko ikastaro bati hasiera emango dio Bilboko Bobo espazioan: idazketa prozesu bat planteatzen du, bere hurrengo lanaren ikerketa-ildoarekin lotuta, eta mamuak dira gaia. Dudarik gabe, pista jarraitzea merezi duen artista.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.