Corpus eguneko euskal dantzak izango dira 'Besta berri' ikuskizunean

Donostiako Viktoria Eugenian izango da Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako erakustaldia, igandean

Jexux Larrea, Fernando Aristizabal eta Juan Antonio Urbeltz, ikuskizunaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Donostia
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Bestaberri da, gure inguruan, ideia zahar bat. Festa garrantzitsua izan zen, herriko kulturaren barnean». Corpus Christi egunez egiten den ospakizuna da Besta berri, eta horren hainbat adibide eman ditu Juan Antonio Urbeltz ikuskizunaren zuzendariak, hala nola Gipuzkoan, eta egun horretan zehazki Oñatin, egiten diren ezpata dantzak, edota Ipar Euskal Herriko hainbat herrixkatan egiten direnak; Heletan (Nafarroa Beherea), esate baterako.

Ospakizun horretan Euskal Herrian egiten diren dantzetatik abiatu da Urbeltz Donostian igandean egingo den Besta Berri ikuskizuna prestatzeko. Viktoria Eugenia antzokian izango da, 20:00etan hasita, eta dantza talde hauetako kideak ariko dira: Argia (Donostia), Haritz (Elgoibar), Kezka (Eibar), Duguna (Iruñea), Gure Kai (Deba), Maritzuli (Miarritze) eta Xinkako (Bidarte). Horiek Taraskaren paseoa, Gipuzkoako Ezpata dantza eta Trokel dantza, Heletako Besta Berri konpartsaren saioa, Goizeko Auto Sakramentala —Jorge Oteizaren apostoluen Aurreskua— eta Arratseko Auto Sakramentala —Pastoral dantzatua, trukuen edo mairuen eta kristauen borrokaldiekin— egingo dituzte. Ikuskizuna Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko zuzendariaren omenez egingo dute, joan den apirilaren 9an zendu baitzen.

Ezpata dantzen sinbolismoa

XIII. mendean Corpus izena ezarri zion kristautasunak ospakizun paganoari, Urbeltzek azaldu duenez, Kristo jaio eta 60 egunera ezarri zutena: «Elizak ezarritako ordezkatze bat da, Erromatar Inperioak ere lehenago jarri zuena. Abenduaren 26an, Kristoren jaiotzarekin, edota Mitra jainkoarenarekin —erromatarrek persiarrengandik jaso zuten eguzkiaren jainkoa da Mitra— batera ematen da. Erromatarrek eguzki invictus, garaitezinaren etorrera ospatzen zuten». Baita konkistatu zituzten gizarte paganoek ere, eurek baino lehenago. «Mami kultural bat dago horren guztiaren atzean, gizateria eurasiarrean sustraitua, Baskoniatik Japoniaraino».

Ezpata dantzak, eta horiek Corpus egunez dantzatzearen funtsa, naturarekin erlazionatua dagoela ondorioztatu dute ikerketa antropologikoek. Urbeltz aditua da horretan, eta ezpata dantzak barnebiltzen duen sinbolismoa azaldu nahi izan du: «Arma dantzek ez daukate inolako zerikusirik gudaldiekin, alardeekin. Armak metaforak baino ez dira». Urbeltzek berak Los bailes de espada y sus símbolos ikerketa argitaratu zuen (Ezpata dantzak eta horien sinboloak), non ezpata dantzen jatorria intsektuen izurriteak uxatzeko erritualetan kokatu zuen. Ezpatak eztenak lirateke, beste sinbolismo batzuen artean.

«Corpus egunez, oldarraldi bat dago erriberetara, gero lurrera botea izango den belarra ebakitzeko. Ibaiko ekosistema suntsitzen da, eta bertako intsektu fauna ere bai. Kristo eguzki-alegoria modura gainetik pasatuko da, horren boteretsua dena Corpus egunez. Hainbat paradoxa eder biltzen dira», Urbeltzen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.