Conraden eta Verneren abenturazko eleberri bana, Urrezko Bibliotekara

'Ilunpeen bihotzean' eta 'Mikel Strogoff' Iaki Ibaezek eta Karlos Zabalak ekarri dituzte euskarara

Igor Susaeta.
Donostia
2015eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Badaude aldeak Jules Verneren (1828-1905) eta Joseph Conraden (1857-1924) obraren artean, biak ala biak abenturazko nobelen egile klasikotzat hartzen diren arren. Karlos Zabalak itzuli du aurrenekoaren Mikel Strogoff, eta iruditzen zaio egile frantziarraren literatura ez dela kanonikoa, «literatura herrikoiaren esparruan» sailkatu izan dutela haren lana. Hori hasteko. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearen iritziz, ezberdinak dira Verneren eta jatorri poloniarreko idazle ingelesaren munduak. «Batez ere hizkuntzaren, istorioen eta pertsonaien konplexutasunean». Conraden Ilunpeen bihotzean nobelan nabaritzen da hori, esaterako. «Bere zenbait obsesioren berri ematen du: gizakiaren eta izadiaren arteko borroka, bakardadea, kezka moralak...». Vernerena, aldiz, gehiago hurbiltzen da ia mende bat geroago loratu zen nobela beltzera: trama korapilatsua, traidoreak, espioiak...

Zabalak 2002an itzuli zuen Mikel Strogoff, ia 500 orrialdekoa, Eusko Jaurlaritzak eta EIZIE Euskal Zuzentzaile, Idazle eta Interpreteen elkarteak hauspotutako Literatura Unibertsalaren abaroan; Ibañezek egitasmo bererako ekarri zuen euskarara Conraden lan enblematikoena, baina duela 25 urte. Ibaizabalek kaleratu zituen orduan, eta orain, berriz, EIZIEk eta Jaurlaritzak, Elkarrekin lankidetzan, bultzatutako Urrezko Bibliotekara eramanda.

Vernek 80 lan inguru ondu zituen, eta horietatik 60 bat, Zabalaren esanetan, egileak eta Pierre-Jules Hetzel editoreak abian jarritako «makroproiektu baten barruan» kokatu behar dira. «Bidaia miragarriak izena jarri zioten, eta zientziaren eta geografiaren eleberriak osatzea zuten helburu, aitzakiatzat hartuta deskubritu gabeko toki asko zeudela artean, eta, zientzia, gainera, aurrerapausoak ematen ari zela». Zabalarentzat, alderdi geografikoari ekarpenak egiteagatik eta abenturazko nobelaren eskema zehazteagatik nabarmendu zen batez ere.

Horretan, Urrezko Bibliotekara bildu berria eta Munduari itzulia 80 egunetan (Manuel Arregi, Elkarlanean, 2001), dira idazlearen lan gailurrak. «Besteak baino hobeto zahartu dira, gainontzekoek baino trama osoagoa dutelako».

Zabalak gogoratu du Mikel Strogoff-i buruzko hamar pelikula egin direla dagoeneko: «Aurrenekoa, orain ehun bat urte, mutua, eta azkenekoa, duela bospasei urtekoa, marrazki bizidunetakoa».

Mikel Strogoff mezulariaren istorioa kontatzen du. Tsarra Moskun bizi da, eta bere anaia Irkutsken, 5.000 bat kilometrora. Tsarrak badaki traidore batek anaia hil nahi duela, baina ezin hari jakinarazi, tatariarrek bidea eta telegrafo haria moztu dituzte-eta. Beraz, Strogoff bidaliko du abisua ematera. Bidean, amarekin, bi kazetarirekin, traidorearekin, haren laguntzaile emakumezkoarekin eta besterekin topo egingo du. Abenturazko eleberri «bete-betea» da Zabalaren aburuz. «Borrokatuko da hartz batekin, ibaia bat zeharkatu beharko du txaluparik gabe, ama torturatuko dute...».

Irakurketa anitzekoa

Abenturako nobela gisa irakur daiteke Ilunpeen bihotzean, Ibañezen hitzetan; «eta baita horrela aseta geratu ere». Baina lanak irakurketa anitz dituela pentsatzen du. «Merezi du irakurketa bat egilearen obsesioei erreparatuta; beste bat kolonialismoaren gaia aintzat hartuta...». Kontatzen du egileak gaztetan Belgikaren mendeko Kongon itsasontziz egindako bidaia, Leopoldo erregeak ustiatutako kolonia hartako krudelkeria salatzeko.

Poloniako Berdyczowen jaiotakoa izaki —egun Ukraina da—, Conradek errusiarrengandik ihesi Ingalaterrara jo zuen hemeretzi urte zituenean. Han marinel hasi zen, eta lanean ari zela ingelesez idazten hasi.

Idazketa hori oso konplexua da, Ibañezen iritziz. Duela 25 urte itzulitako testua orraztu du orain —«ordukoaren mami bera du»—, baina gogoratzen du langintza zaila izan zela eta, nahiz eta nobela laburra izan, urtebete behar izan zuela gauzatzeko. «Esaldi luzeak ditu... Eta deskripzio fisiko zein psikologiko pila bat; hain zuzen, horiek dira itzultzeko zailenak». Lortutako emaitzarekin gustura geratu zen, eta oroitzen du sasoi hartan itzultzaileen artean bazela kezka bat: nola itzuli erlatibozko esaldiak. «Arazoak sortzen zituen, erdaraz koma bat jarrita konpontzen da, baina euskaraz... Nik, orduan, ez nuen zein partikula behin ere erabili. Orain, aldiz, ari da finkatzen haren erabilera, bai itzultzaileen eta baita idazleen artean ere».

Itzulitako liburuaren ibiliaz pena dauka Ibañezek, etsipena sentitzen du, 24 urtean ez duelako, kritika edo komentario taxuzko bakar bat ere jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.