Zinema

'Conclave', film onena Bafta sarietan

Brady Corbetek zuzendari onenaren saria jaso du 'The Brutalist' filmagatik, eta lan beragatik jaso du Adrien Brodyk gizonezko aktore onenaren saria. Emakumezko aktore onenarena Mikey Madisonek irabazi du, 'Anora'-gatik.

'Conclave' filmaren lantaldea, Bafta sarietan. TOLGA AKMEN / EFE
'Conclave' filmaren lantaldea, Bafta sarietan. TOLGA AKMEN / EFE
mikel lizarralde
2025eko otsailaren 17a
09:24
Entzun

Edward Berger zinemagile alemaniarrak zuzendu eta Vatikanoaren barrenetan girotutako Conclave filma izan da Erresuma Batuko Bafta sarietako garaile nagusia. Film onenaren saria harentzat izan da, baina beste hiru ere eraman ditu zakura: egokitutako gidoi onenarena —Robert Harrisen nobelan oinarrituta dago—, film britainiar onenarena eta edizio onenarena. Hurrengo aita santua aukeratzeko Vatikanoan gertatzen diren borroka sutsuak kontatzen dira filmean, erritmo geldiezinean.

«Demokraziaren krisi betean gaude», adierazi du Bergerrek ekitaldian. «Lehen batu egiten gintuzten erakundeek banatu egiten gaituzte gaur egun. Batzuetan zaila da fedeari eustea, baina horretarako egiten ditugu filmak, eta horregatik egin dugu film hau».

Conclave-k sari nagusia jaso duen arren, Berger zuzendari onenaren saririk gabe gelditu da, Brady Corbetek eskuratu baitu, The Brutalist lanarengatik. Bigarren Mundu Gerraren ondoren AEBetara ihes egiten duen Laszlo Toth arkitektoaren bizitza kontatzen da film horretan, eta Adrien Brody protagonistari aukera eman dio beste interpretazio sari bat eskuratzeko.

Oscar sarietarako lehia abian jarri zenetik, Jacques Audiard zinemagile frantziarraren Emilia Perez lehen postuetan izan da beti, baina azkeneko asteetan polemika ugari piztu dira filmaren inguruan, eta ikusteko dago oraindik Karla Sofia Gascon aktorearen aspaldiko mezu arrazista batzuek filmari nola eragingo dioten. Bafta sarietan ez dute film horretako protagonista nagusia saritu, baina pelikulak beste garaikur garrantzitsu batzuk eskuratu ditu. Hain zuzen ere, taldeko emakumezko aktore onenaren saria irabazi du Zoe Saldañak, eta ingelesez besteko film onenaren garaikurra pelikulak berak.

Oscarretarako lehia horretan postu onean dago Anora filma ere, eta Bafta sarietan emakumezko aktore onenaren saria irabazi du Mikey Madisonek, film horretan egindako lanagatik.

Taldeko gizonezko onenaren saria, berriz, Kieran Culkinek jaso du, A Real Pain filmagatik. Ez da hori izan pelikula horrek jaso duen sari bakarra, jatorrizko gidoi onenaren garaikurra ere eskuratu baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.