Collagearen berezko bertuteak

Iruñeko Artista Gazteen Lehiaketara aurkeztutako 39 pieza jarri dituzten ikusgai Ziudadelan

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ahots andana dago, bai, eta elkarren ondoan daude guztiak, baina, hala ere, ezin esan koru bat osatzen dutenik. Collage gisako bat da Iruñeko Ziudadelako Armen aretoko erakusketa kolektiboa. Hori du alde, gainera: Nafarroako artista gazteen lanari begiratu bat emateko aukera eskaintzen duen leiho moduko bat da. 31 artistak aurkeztu dituzte beren lanak aurten Iruñeko Udalak antolatutako Artista Gazteen XXVIII. Lehiaketara. Aurkeztutako 46 piezetako 39 jarri dituzte orain ikusgai. Aurkeztutako guztiak, kasik; arduradunek baztertutako zazpi salbu. Autonomoak dira pieza guztiak, eta, lehiaketarenaz aparte, ez dago erakusketa osoa hartzen duen ildo orokorrik. Baina horrek ez du esan nahi multzo interesgarria osatzen ez dutenik. Abuztuaren 26ra arte izango da erakusketa.

Ahotsen topaketa bera ere bada deigarria batzuetan. Hasieratik; aretoan sartu eta bisitariak ematen dituen lehen urratsetatik. Beatriz Centellesen koadro abstraktu bat eskuineko horman, eta Raquel Samitierren figurazioa haren ondoan; irasagarrondo eder bat bere irasagar helduekin. Eta ohikoak dira halako kontrasteak erakusketa osoan. Talka handiegirik ez, hala ere. Koadroak dira nagusi, baina badira eskulturak, argazkigintza lanak, bideoak, instalazioak, eta baita artista liburu bat eta performance bat erakusten duen pieza bat ere.

Argazki lanen artean, deigarria da Xabier Barrios artistaren pieza, adibidez. Piezak badu indarra bere soiltasunean. Giza figura biluziak eta altzariak; ez dago beste elementurik bere lanean. Baina nahikoa, hala ere, kontsumo produktuen eta pertsonen arteko harremanari buruzko gogoeta egiteko. Aitziber eta aulkia da bi argazkietariko baten izena eta Jon eta mahaia, berriz, bestearena. Pertsonak eta altzariak soilik, baina erosotasun handirik ez. Bere gorputz konkretua gorputz generikoen arabera diseinatutako aulkiaren diseinura moldatu ezinik ageri da Aitziber, eta antzera Jon ere mahaiarekin.

Ederra da aretoaren erdian dagoen Laura Guillen artistaren esfera itxurako eskultura. Eta estu egongo da bisitaria Abel Azkonak Iruñeko Carlos IIIa kalean egindako performanceari begira jarriz gero. Gorputz guztia margo zuriz blaiturik ageri da bideoan Azkona, eskutan soka bat duela. Kaleko argi bati lotzen dio mutur bat, eta bere lepoari bestea. Korrika hasten da gero argitik ahalik eta urrunen heldu nahian, baina sokak gehiago eman ez, eta kolpez erortzen da artista lurrera.

Deigarria da ikuslearen parte hartze aktiboa eskatzen duen Joaquin Miguel San Martinen bi perspektibako instalazioaren jolasa ere. Bisitariak aktibatzen du: urratsak egin ahala, aldatzen sumatuko baitu ikusleak hormako irudia. Ederra da Ana Lacruz margolariak txuri beltzean egindako erretratua, eta materialak erakartzen du arreta, berriz, Estibaliz Garciaren Superficies izeneko lanaren kasuan. Pieza eusten duen marko beltzaren neurrira ezin moldaturik dabiltza artistak tatuaturiko bi txerri larru puskak, eta are nabarmenagoa da tentsioa atalak elkarri lotzeko erabilitako alanbreari esker.

Saritutakoak aretoko buru

Gune berezia dute sartitutako lanek aretoan. Sandra Montero artistak jaso du lehen saria, eta areto buruan jarri dute haren lana. Bi argazkiz osatutako diptiko bat da Remember me izenekoa. Aurpegia ilez estalita duen giza figura bat ageri da bi irudietan. Identitate arrasto nabarmenegirik gabe.Kasik, fantasma baten modura. Lauso xamar ageri da pertsona, bietan.

Instalazio bat eta eskultura bat dira saritutako beste bi lanak. Ariane Artikak sortutako zurezko Arista izeneko pieza da haietariko bat. «Lanaren garbitasunagatik, izaera konstruktibistagatik eta Ipar Europako diseinuagatik» eman dio epaimahaiak bigarren saria. Eta Alberto Oderizen RojoCadmiun eskulturari eman diote hirugarrena. Zati batzuk gorriz margotuta dituzten 12 adreiluz osatutako collage eskultorikoa da pieza. Harri multzo txiki bat. Txikia, baina trinkoa. Aretoko ertz batean jarri dute, lurrean, eta ez da erraz ikusten. Hala ere, ez dago bakarrik. Artista beraren 48 collagez osatutako hormarako pieza bat du ondoan. Eskulturaren izen berekoa hori ere: Rojo Cadmiun. Ariketa beraren bi bariazio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.