Cohasset, 1960/07/24
5:30 p.m.
Zuhurtziaz jo du aurrera Vincentek, urrats bakoitzaren aurretik denbora hartuz, horrela oinazpiak gutxiago zamatuko balira bezala. Ederrez begiratzen dio Frankek atzetik, irribarre erdiz, lasai eserita arroka lau samar batean. Beso irmoak zabal, oreka bilatu nahian, eta bizkarra, inoiz laztandu duen bizkar tinko eta lirainena. Omoplato sendo simetriko irtenak, lepauztai tenteak, sorbaldak ondo goratuz, dortsal markatu bai baina ez hipertrofiatuak. Berezko anatomia fermuaren ederra, propio landutako eta handizkatutako anatomia nahi eta ezinaren antipodetan. Dantzariaren anatomia lerden eta naturala, grabitatearen indarrarekin borrokan landua, horixe da Vincentena, Metropolitaneko estatua greziar guztiak baino are perfektuagoa. O, eta bere bisaia, barailaren angelu doia, kopeta zabala, irmotasun aire handiagoa ematen diona, baina ondo proportzionatua; sudur jostaria, hegal angeluarrekin, zeinek punta jasotzen baitute; begi barrenkorrak, malenkonia kutsu batekin, eta ezpain sarriak, haragi bete. Baina ez dio bisaia ikusiko harik eta, motel, arroketan aurrera egin, putzu txiki batean oinak sartu eta, azkenez, jauzi txiki bat egin eta itsasoan murgildu ondoren biratu eta berari begira jarriko den arte; barre betean, lepoaren mugimendu azkar batez tupea buruaren alde batera higituta.
— Hator, Frank, ez hadi hor geratu!
— Hobea duk hiri hemendik begiratzea.
Eskuak ahoaren bueltan jarrita hitz egin dio, ondo entzun diezaion bainoago horrela mezua sakonago iritsiko zaiola irudikatzen duelako.
— Jainkoaren onetan, Frank, benetan hor geratuko haizela?
Arroka handi batek osatzen duen gerizpean da bera; kanpoan eguzki-galdatan da, eta nahiago du aurreko bainualditik erabat lehortu arte itxaron. Bainujantziaren goma elastikoari tiratu eta genitalak ikuskatu ditu, aztura hutsez, azken hilabeteetan egitea egokitu zaion keinua errepikatuz. Ez du arrastorik jada.
Ilea orraztu du tentuz eskuarekin; hezetasunak murriztuago, lanak ditu biloekin bere soiltasuna disimulatzen.
— Badakik? Nahiago nikek hiri begira geratu munduko erretratu bikain guztiak ikusi bainoago.
— Benetan?
Kokotsa eta burua mugitu ditu Vincentek, erdizka jolasari jarraituz, erdizka lotsaturik.
— Tira, akaso salbuespen batekin, Rembrandten Zaldizko poloniarra; badakik, Fricken zagok.
— Benetan mihise eta margo nahasketa bategatik aldatuko nindukeala?
Eskuak jarri ditu ahoaren ondoan berak ere.
— Ez duk ikusia, ezta?
— Ez nauk sekula Fricken izan!
— Jesukristo, hori lehenbailehen konpondu beharra zagok. Begira, elkarrekin joango gaituk eta bertatik bertara ikusiko diagu, bata bestearen aldamenean.
Barrezka hasi da Vincent. Ezberdin entzuten da uraren errebotearen ondorioz.
— Ea bietako nork irabazten duen.
Egun dezente da elkar ikusten ez dutela, Vincent lanez lepo egon da entseguak eta bestelakoak direla-eta. Beti izan da hala, Vincententzat dantza da lehen lerroan dagoena, eta horrek zaildu egiten ditu, maiz, Frankekin izaten dituen enkontruak. Elkartu eta ordu gutxiren buruan hanka egin beharrean izaten da, entsegu bat duelako, edo emanaldi bat, edo, besterik gabe, ariketak egin behar dituelako etxean. Atleta bat izango balitz bezala, bere bizitza bere diziplinari emana. Oraingoan ere, egia da Frankek ezingo dituela egun gehiago hartu eta New Yorkera itzuli beharko dela museoko lanekin jarraitzera, baina Vincent are lotuago dabil: atzo funtzioa izan zuen, gaur ordu batzuk libre izan ditu Frankekin batzeko, baina luze gabe joan beharko da beste norabait beste emanaldi bat duelako, eta auskalo zenbat egun egon ahal izango den hirian. Frankek errezeloa du, dantza kontuak tarteko, Vincent New Yorketik urrun joan beharko ote den, urrun joan betiko. Ez du orain horretan pentsatu nahi, ordea, Atlantikoaren bazter zerutiar horretan; dagoenean hobe dago. Eskuak atzealdean ditu bermatuta, bularra pixka bat aurrerantz, eta Vincenten gorputza bistan, urari desafio egiten. Miarritzerekin akordatu da; hilabete gutxi lehenago Johnekin bisitatu zuenekoa. Itsaslabar horiek, kostalde zoragarri hori hiri zoragarri batek babestuta.
— Tira, Frank, sar hadi behingoz!
Kasu egin dio; tentuz altxatu da, aurrera egin du arroka higatuetatik, eta lehenagoko bainualdirako aurkitu duen koskan jarri da prest. Jauzi txiki batez sartu da itsasoan, supituan sumatu du tenperatura aldaketa. Uretan eguzki betean eta Vincent aldamenean, zail egiten zaio une atsegingarriagorik irudikatzea. Bizkarraren goialdetik heldu dio, eskuaz lehenik, pixka bat gehiago hurreratu eta beso osoarekin gero. Biratu egin da Vincent, Franken sorbaldez harago egin du so adi; ezkerraldera lehenik, eskuinaldera gero. Han, sakonean, hondartza inguruan, bada jendea, urrutiago egurrezko etxe bakanduak, baina beraiek badiaren erdialdean den irlatxo batera etorriak dira, eta ez dute arimarik inguruan. Vincent dagokiona baino kontu handiagoz ibiltzen dela irizten dio Frankek, baina akaso adin ezberdintasunagatik izango da. Bularraldera jaitsi dio eskua, emeki laztanduz. Bestearekin gerrialdetik heldu dio, ezarian gehiago estutuz.
— Oi, Frank, ikusiko gaitiztek.
— Joan daitezela beren buruei txortan egitera.
Bekoz beko begiratu dio Vincenti; grazia egiten dio haren begirada serioak, atezuan. Barrez hasi da, burua pixka bat goratuz, begiak itxi ditu istant batez.
— Baina, Vince, zeren beldur haiz?
Egonarria erakusten duen imintzio bat egin du Vincentek.
— Begira hire ingurura, ez al da zoragarria? Itsaso bare hau, argi izpi epelok, arrokak, kostako eraikin haiek urrutian… Zeren beldur izan?
Ustekabean, musu eman dio Vincentek, eta haren esku irmoak sentitu ditu lepoan.
— Zoragarria duk, bai.
'Coca-cola bat zurekin'
Egilea: Beñat Sarasola.
Argitaletxea: Susa.