Literatura

'Coca-Cola bat zurekin', poema batetik abiatutako nobela

Bigarren eleberria atera du Beñat Sarasola idazleak, Susa argitaletxearekin. Frank O'Hara poeta eta arte komisario estatubatuarraren bizitzaren pasarte bat nobelatu du Sarasolak, Euskal Herrira egin zuen bidaia baten harira.

Beñat Sarasola idazlea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Beñat Sarasola idazlea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko irailaren 4a
16:00
Entzun

«Coca-Cola bat zurekin hartzea/ are dibertigarriagoa da Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baionara joatea baino». Hala dio Frank O'Hara (Baltimore, AEB, 1926 - Long Island, AEB, 1966) poetaren Coca-Cola bat zurekin hartzea poemak. 1965ean argitaratutako Love poems liburuan aurkitu daiteke testua, eta Beñat Sarasolak (Donostia, 1984) hura irakurri zuenean, segituan bururatu zitzaion galdera: «Zergatik agertzen da Donostia New Yorkeko poeta baten testuan?». Bada, galdera horri tiraka idatzi du Coca-Cola bat zurekin liburua, eta Susa argitaletxearekin plazaratu du.

Liburu aurrerapena: Coca-Cola bat zurekin.

Liburuaren abiapuntua da poema hori —osorik aurki daiteke eleberrian—: «Poema bati idatzitako nobela bat da. Esaten dute poetek lerro gutxi batzuetan idatz dezaketena nobelagileek ehunka orritan idatz dezaketela; bada, nik 300 orrialdetara eraman dut», azaldu du Sarasolak.

O'Hara New Yorkeko MOMA museoko komisarioburua izan zen, eta Espainiara eta Euskal Herrira bidaiatu zuen 1960ko udaberrian, berak antolatutako erakusketa baterako artisten bila. Spanish Painting & Sculpture izan zen erakusketa hori; komisario gisa antolatu zuen lehena. Hamasei artistak hartu zuten parte, eta tartean izan ziren Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza eskultoreak. Donostian egun gutxi batzuk eman bazituen ere, bai poema horretan, bai eta beste batean ere utzi zuen egindako bidaiaren testigantza apurra.

Sarasolak «aspalditik» zuen idazlearen berri. Bartzelonan bizi zela, hango liburu denda batean eskuratu zuen haren lehen alea: Lunch poems (1964). «Aurretik ere banuen haren poemaren bat irakurria, baina ingelesez», gehitu du. Liburu horri esker hasi zen autorean sakontzen. Hain gustuko zuen O'Hara, non 2007an Sautrela programara gonbidatu gisa joan zenean —Kaxa huts bat (Susa) poema liburua idazteagatik —, liburu bat gomendatzeko eskatu, eta hura izendatu baitzuen.

Kaosa alde

Donostiarraren ustez, gizon «kaotikoa» zen estatubatuarra: «Poemak idatzi eta pilatu egiten zituen; gero ateratzen zituen liburuak. Harentzat, publikatzea bigarren mailako zerbait zen». Ia gehienetan musa bati idazten zizkion testuak, eta Vincent Warren ballet dantzari kanadarra izan zuen musa urte batzuetan. Hain zuzen, dantzariarekin eman zuen denboran idatzitako poemak egin dira ezagunenak. «Haren bizitzako maitasunik sutsuena izan zela esan daiteke». Idazleak azaldu duenez, maitasun istorio hori da Coca-Cola bat zurekin-eko zutabeetako bat.

«Poema bati idatzitako nobela bat da. Esaten dute poetek lerro gutxi batzuetan idatz dezaketena nobelagileek ehunka orritan idatz dezaketela; bada, nik 300 orrialdetara eraman dut»

BEÑAT SARASOLAIdazlea

Eleberriaren beste zutabea artearen mundua da; O'Hararen lan esparru nagusietako bat izan zen. MOMAn sarrerak saltzen hasi, eta urteen poderioz museoko komisarioen buru bihurtu zen. Erakusketak antolatzeko lanaz gain, haiek prestatu eta ondorengoko lanak ere aipatzen dira, besteak beste, 1959ko abuztutik 1961eko irailera arteko tartean.

Garai hartan, bai Espainian, bai eta AEBetan ere, Sarasolak kontatutakoaren arabera, «testuinguru artistiko eta politiko bizia» zegoen: «Nazioartean Espainia modernoa zela erakutsi nahi izan zuten artearen bidez, frankismoa nolabait zurituz». Haren esanetan, horren erakusgarri izan ziren Oteizak 1957an Sao Paulon eta Txillidak Venezian 1958an irabazitako biurtekoak.

Aniztasuna

«Liburu hau porrotaren ondorio da», esan du idazleak aurkezpenean. Izan ere, saiakera literario bat egiteko asmoa zuen hasieran, baina tonuarekin ezin asmatu ibili zen. Unibertsitatean egiten du lan Sarasolak, eta artikulu akademikoek duten idazkera «zurrunera» jotzen zuen nahi gabe. Orduan otu zitzaion ideia: «Eta nobela bat idazten badut?». Ordurako makina bat dokumentazio lan egina zuen O'Hararen beraren eta haren lanaren bueltan, eta jasotako argazki eta testu horiek eleberrian txertatzea ideia ona izan zitekeela iruditu zitzaion. «Testua pasatu nion lagun batek esan zidan argazki finkoek bizia hartzen dutela. Dokumentazio lan ona dagoenean, elementu geldoek bizia hartzen dute».

Testu eta argazki originalez gain, O'Harak idatzitako testu errealen itzulpenak eta Sarasolak idatzitako testuak uztartzen dira Coca-Cola bat zurekin lanean. «Kontatu nahi duenak taxu ezberdineko testuak sortzera darama idazlea; forma eta estilo ezberdineko testuek osatzen dute nobela», gehitu du Leire Lopezek, Susa argitaletxeko editoreak. Hirugarren pertsonan idatzitako pasarte narratiboak daude, adibidez: erakusketaren prestaketak, Vincent Warrenekin izan zuen harremana, eta beste artista batzuekin izan zuen harremana kontatzen dutenak, esaterako.

Monologo batzuk ere aurkitu daitezke: Luis Gonzalez Robles arte komisario frankistarena —Espainiako arte garaikideko museoko zuzendaria izan zen—; eta Jorge Oteizak Montevideon egindako hilabeteen inguruan Marta Jauregi izeneko kazetari batek idatzitakoak ere bai. Spanish Painting & Sculpture prestatzeko bidaian Donostia, Baiona eta Miarritze tartean bere egunerokoan idatzitakoak eta erakusketa horren kritikak ere jaso ditu Sarasolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.