begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Clauderena? Ez, Jaionerena

2024ko martxoaren 29a
05:15
Entzun

Asteazkenetik Donibane Lohizunen, Urruñan eta Baionan galegoz entzun eta frantsesez irakurtzen den film baten izenburuari Une histoire de femmes jarri dio azpititulu Iparraldean ez ezik Frantzian ere zabalduko duen bere etxe banatzaileak. Epicentre Films du deitura, eta ez da hala moduzkoa sostengatzen dituen pelikulen zerrenda. Hortxe aurkituko dituzue, etsenplurako, Manoel de Oliveiraren lan pare bat, Cesarea Evora gizaki, emakume, kantari, musikari igualik gabeari eskainitako dokumentala, Jerzy Skolimovskiren 11 minutes, Ingmar Bergmanen inguruan Margarethe von Trottak egindako ikerketa zeluloidezkoa, Ariel Escalanteren Domingo y la niebla. Zinema maite dute Parisen habia eta lau haizeetarako abiapuntua hartu duten zinemajale horiek; Baionan zein Urruñan edo Donibane Lohizunen, Poitiersen nahiz Aix-en-Provencen Une histoire de femmes azpititulua daraman filma estreinatuko duten horiek; Daniel Chabannes buru dela, Kelly Reihardt edo Joao Pedro Rodriguesen lana bizi eta sutsu defendatzen duen lantalde menderaezinak.

Une histoire de femmes, emakumeen istorio bat. Zer dakarkizue burura? Agian Claude Chabrolek zuzendu eta Isabelle Huppertek parte hartutako Une affaire de femmes (Emakumezkoen afera bat)garratz hura, 1988koa? Zilegia oso barrenetan egiten dizuen burrunba hori. Izan ere, bi zinema puskek maneiatzen-gobernatzen-plazaratzen dute kontu bera, abortuarena; eta biek azaldu, batere gozoa ez den modu ezberdin batean. Ezberdinean eta, aldi berean, bertsuan.

Abortua eta joanak zirela uste genuen garai ez oso urrutikoetan sorrarazten zituen beldurra, mina, arriskua, jazarpena, zigorra, odol jarioa, galera, herioa. Nobel sariduna den Annie Ernauxen eta Veneziako Urrezko Lehoiduna den Audrey Diwanen L'Evenement-ek ere salaketa bera, gogoeta bertsua egiten du; manerak jo ditzakezue, akaso, ezberdintzat; ez, ordea, mamia.

Hiru proposamen zeluloidezko horiek gaindiezinezko dardara eragin zuten gure erraietan, eta su biziak hartu zituen esan oneko zein pentsamendu bakarreko hainbat, zeinek haserre osoan nahi izan zioten eraso. Saiatu ziren. Alferrik.

Lyonetik ez oso urrun dagoen Villeurbanne eta Grenoble hiria korritu izan ditu Une histoire de femmes azpititulatu duten filmaren zuzendariak, bere lanaren aurkezpenetan, serio eta oldarki.

Hamalau sari (Venezian, Bostonen, Bogotan, Valladoliden) eskuratu zituen Chabrolen eta Hupperten Une affaire de femmes-ek. 27, berriz, Ernauxen eta Diwanen 2021koak. Hamar ditu asteazkenean Donibane Lohizunen, Urruñan eta Baionan (ez ahaztu Miarritzeko Le Royal obretan dagoela apirila arte) estreinatu zen Une histoire de femmes izenorde duen horrek...

Chabrol, Huppert, Ernaux, Diwan eta... Donostian jaioa, Iruñeko Ikuspuntu festibalerako lan egina, Tabakalerako egoiliarra, Galizian aterpe eta bultzada hartua, eta San Sebastian International Film Festivalen (Zinemaldian, alegia) Urrezko Maskorrarekin saritua den Jaione Camborda. Ahaztu barik, merezitako hainbat garaikur eskuratu dituen Janet Novas aktorea. Izan ere, Une affaire des femmes eta L'evenement burura, tripetara eta nerbio bukaeretara dakarzkigun filma, Iparraldean estreinatu berria, beren (Jaioneren eta Janeten) O Corno da.

Segituan konturatuko zarete, oi zuek Lapurdiko zinemazale txit agurgarriak, gizakiok (are gehiago desiraturiko-ez desiraturiko seme-alabez erditzen diren horiek) propio, berezko, geurezko dugun animaltasun bizia, zeluloidea bustitzen duena, dariola pelikulari. Ohartuko zarete Grenoblen, Proventzan edo Poitersen deserrian (edo zorionetan) zaudeten euskal jendea badagoela filmean artifiziozko diskurtsorik gabeko ahizpatasuna, badagoela filmean solidaritate isila, jatorrizkoa, sortzez zikindua, zeina justu kumeez erditzen diren animaliek eta gauaren iluntasun zakarrean hondoraturik ihesari emanak diren izakiek partekatzen duten. Kontu anitzez, afera makina batez, mugako istorioez enteratuko zarete O Corno ikusten baduzue, oi zuek miarriztar, urruñar, baionar zuek.

Ederki asko ikasiko duzue galegoz corno deituriko onddoari, gaztelaniazko cornezuelo del centeno, frantsesezko ergot du seigle, latinezko Claviceps purpuree horri, zekale-aino esaten zaiola euskaraz.

Emakumezkoen kontu bakar batekin asko ikasten da. Zinemaz. Biziaz. Herioaz. Gauaz. Solidaritateaz. Minaz. Mugaz. Hizkuntzaz. Zaitezte belarri prest, frantsesez du azpititulua pelikulak, baina galegoa eta Portugaleko mintzoa entzungo dituzue. Donibanen. Urruñan. Baionan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.