Clarisa Navas zuzendari argentinarrak jasoko du Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko ohorezko saria. Zinegoak-eko zuzendari Alaitz Arenzanak azaldu du «eraldaketarako motor gisa sorkuntza kolektiboko prozesuak» bultzatzeagatik egin nahi izan diotela aitortza Navasen lanari. «Orainaldiko eta etorkizuneko erreferentzia bat da. Zinema eta mundua ulertzeko modu bat, espazio bizigarriagoak bizitzeko aukera ematen diguna, nahiz eta gogorrak eta bortitzak izaten jarraitu, baina izateko eta egoteko beste modu batzuk erakusten dizkiguna. Zinegoak-etik bere lan artistikoa eskertu eta gure sari nagusiarekin duen konpromiso politiko eta soziala aitortu nahi dugu». Zinemagilea, gidoilaria, ekoizlea, irakaslea eta idazlea da Navas, eta «klase eta genero ikuspegidun zinema garatzen du, pasioz eta konbentzimenduz», jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez.
Sortzaile polifazetikoa, Ikus-entzunezko Arteetan lizentziaduna da Argentinako Arteen Unibertsitate Nazionalean (UNA), ENERC Esperimentazio eta Errealizazio Zinematografikoko Eskola Nazionalean irakaslea ere bai, eta, 2010az geroztik, baita Argentinako ipar-ekialdean eta Paraguain zinema egiteko beste modu batzuk asmatzen dituen Yagua Piru Cine kolektiboko kidea ere.
Bere lehen lan luzea, Retratos de otro país dokumentala, 2011n ondu zuen, zeinetan Argentinako komunitate indigenak, landa eremuko herriak eta sistema instituzionaletatik kanpo antolatutakoak erakutsi zituen. Jaialdiak ohar baten bidez azaldu duenez, bere lan ia guztietan bi elementu nagusi nabarmentzen dira: jendearekiko pasioa (batez ere emakumeekikoa) eta mugekiko lotura, identitateak diluitzen dituen espazio gisa: Los Guarangos dokumentala (2012), Mujeres entre fronteras dokumental saila (2015) eta Rio atrevido fikziozko saila (2016) dira horren adibide.
Fikziozko bi film luze ere ondu ditu zinemagileak: Hoy partido a las 3 (2017) eta Las mil y una (2020). Zinegoak-ek nabarmendu duenez, «emakumeei, giza harremanei, aniztasunari eta ezarritako eredu eta konbentzioetatik at geratzen diren bizipenak garatzeko borrokari egindako kantua dira» bi lan horiek. Lehen filmak futbolean ari diren emakumeek dituzten zailtasunak ditu hizpide, baita haien arteko harremanak ere. Las mil y una-n, berriz, zinemagilea hazi zen auzora, «emozionalki eraiki zuten lekuetara» itzuli zen —Berlinaleko Panorama sailaren inaugurazioan proiektatu zuten lan hori—.
Argentinako egoerarekin kezkatuta
Jaialdiak jakinarazi du Navas hunkituta agertu dela aitorpenarekin: «Oso eskertuta nago nigan pentsatu dutelako. Argentinan hain garai zaila izaten ari da, eta egiten dugun guztirako hain panorama tamalgarria denez, gonbidapen hau besarkada baten gisan sentitzen da, gure herrialdean erasoak baino jasotzen ez ditugun garai batean». Herrialdearen eta kulturgintzaren egoerarekin kezka agertu du zuzendariak, halaber: «Zaila da sentsazioa azaltzea, baina hilabete hauetan, ultraeskuina gobernura heldu zenetik, bizi baldintzak amildu egin dira gehienentzat, kultur adierazpen guztiak, hemen bizi garenon eskubideak, baina baita herri honen memoria ere, sistematikoki suntsitzeko plana ikaragarria da».
«Argentinan hain garai zaila izaten ari da, eta egiten dugun guztirako hain panorama tamalgarria denez, gonbidapen hau besarkada baten gisan sentitzen da, gure herrialdean erasoak baino jasotzen ez ditugun garai batean».CLARISA NAVASZinemagilea
Nekea ere aitortu du zinemagileak, egunero borrokaren bati aurre egin behar izanagatiko nekea. «Hori dela eta, zaila da pentsatzea nola jarraitu zinema egiten, edo zer leku izan dezakeen film batek gaur egungo testuinguruan, herrialdearen gehiengoak gosea pairatzen duenean. Hala ere, bizitzen ari garen hondamendi sozial hori beste zerbait imajinatuz ere inguratu behar da. Uste dut guk, queer sentitzen garenok, hori oso presente daukagula, badakigulako borrokarik gabe eta desiorik gabe ez genukeela aukerarik izango mundu hau desberdina izateko. Orain hemen berriro ixten ari da, eta horrek larritasun handia sortzen du, baina ez diogu utziko hain erraz egiten».
Jaialdiak ekainaren 24an emango dio saria Navasi, Bilboko Arriaga antzokian, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian. Bezperan, Bilborock aretoan, solasaldi bat ere izango da, Irantzu Varela kazetari feministarekin, eta zinemagilearen hiru lan —bi labur eta luze bat—emango dituzte: Enviado para falsear, No es un juego eta Hoy partido a las 3, hain zuzen ere. Halaber, ekainaren 25ean, Bilbo Arten, Las mil y una proiektatuko dute.
Ekainaren 24tik uztailaren 1era bitarte egingo dute XXI. Zinegoak. Jaialdiak jakinarazi du hilaren 11n aurkeztuko duela aurtengo programazio osoa.