Noam Chomsky hizkuntzalari eta pentsalariari sendagiria eman diote, eta aurrerantzean etxean jasoko du osasun arta. Azken bolada honetan Sao Pauloko erietxe batean egon da (Brasil), buruko isuri baten ondorioetatik sendatzen. Haren emazte Valeria Wassermanek erabaki zuen Chomsky AEBetatik Brasilera eramatea, han arta egokiagoa emango ziotelakoan. Iazko ekainean buruko isuria izan zuenetik, hitz egiteko eta gorputzaren eskuineko aldea mugitzeko arazoak ditu Chomskyk.
Atzo, Chomsky hil egin zela zabaldu zen, eta mundu osoko hedabide ugarik —besteak beste, BERRIAk— horren berri eman zuten segituan. Sare sozialetan ere zabalpen handia eta azkarra izan zuen. Chomsky ezkerreko pentsamenduaren erreferentzia garrantzitsua da, eta azkar asko ugaldu ziren haren omenezko mezuak; adibidez, Brasilgo PT Langileen Alderdiarena eta Giannis Varufakis Greziako Finantza ministro ohiarena. Geroago, baina, Wassermanek albistea gezurtatu zuen, eta, orain, Beneficiencia Portuguesa ospitaleak plazaratutako agiriak berretsi du Chomsky bizirik dagoela.
Chomsky (Filadelfia, AEB, 1928) Arizonako Unibertsitateko irakasle emeritua da, eta ezaguna da hizkuntzalaritzan egindako ekarpenengatik, baina azken hamarkadetako ezkerreko pentsamenduaren egilerik esanguratsuenetako bat ere bada. Euskal gatazkaren inguruko kontuetan ere jarrera hartu du behin baino gehiagotan: adibidez, Nafarroako torturatuei babesa eman zienean edo Josu Urrutikoetxearen aldeko agiria sustatu zuenean.