Chill Mafiak martxoaren 28an amaituko du agur bira, BECen, hamar ordu iraungo duen festa batekin

Bihar irekiko dute sarreren aurresalmenta, 'Osopolita.org' webgunean, eta ostegunean zabalduko dute ohiko salmenta. 20:30etik 06:00etara iraungo duen festa bat antolatu dute, eta hamaika lagunen kolaborazioak iragarri dituzte zuzenekorako.

Chill Mafia kolektiboko zenbait kide.
Chill Mafia kolektiboko zenbait kide.
Inigo Astiz
2024ko azaroaren 18a
11:40
Entzun

Ez dira sekula neurritasunera errenditu, eta agurreko kontzertua ez da salbuespena izango. Chill Mafia musika kolektiboak irailaren 18an jakinarazi zuen taldea desegingo zuela, eta agur mixtape bat ere kaleratu zuten: Agur eta ohore X Allá va la despedida. Azken kontzertu sorta bat emateko asmoa ere iragarri zuten, eta agur bira hori itxiko duen emanaldiaren nondik norakoak zehaztu dituzte orain. Barakaldon (Bizkaia) emango dute azken agur kontzertua, BEC erakustazokako Cubec aretoan, 2025eko martxoaren 28an, eta hamar orduko festa bat izango dela zehaztu dute. 20:30ean hasi, eta 06:00etan buka. Hainbat lagun gonbidatuko dituzte oholtzara, eta bertan izango dira Nerve Agent, Hofe x 4:40, Bengo, Euskoprincess, La Txama, Mirua eta Arepas, esaterako. Metrika taldeak ere egingo du emanaldia aurretik, eta Katza, Bichos Raros eta Puñales arituko dira kontzertuaren ostean.

Bihar hasiko dira aurresalmentak www.osopolita.orgeta www.lasttour.org webguneetan, eta azaroaren 21etik aurrera hasiko dira ohiko salmentak. Beñat Rodrigo Kiliki Frexko eta Julen Goldarazena Flako fonki-k eman dute albistea, Gaztea irratiko Dida saioan.

Intentsua izan da Iruñerriko kolektiboaren ibilbidea, 2021ean Gazte arruntaren koplak abestiarekin ezagun egin eta sareak inarrosi zituztenetik. Ezorregatik x Berpizkundea mixtapea kaleratu zuten urte horretan bertan, single ugari ere eman dituzte ordutik hona, eta bederatzi abestiko bilduma bat kaleratu dute aurten, azkenik, Gontzal Mendibilen Merezi ote kantuaren bertsio bat tartean. Hala, hamaika abesti arrakastatsu sortu eta Euskal Herriko eta atzerriko areto asko ere bete dituzte urteotan, eta nekea aipatu izan dute agurra emateko arrazoi nagusien artean.

Urriaren 31n hasi zuten despedida bira, Gasteizen, eta, Barakaldoko agurra iragarri arte, Bartzelonan egitekoa zutena zen iragarria zuten azken emanaldia, martxoaren 7an, Apolo aretoan. Euskal Herrian amaituko du ibilbidea orain. Lagun artean. Neurritasunaren ifrentzuan. Hamar orduko festa horrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.