Itzulingururik gabe iragarri du Chill Mafiak ibilbidea bukatzeko erabakia. Agur Eta Ohore X Allá Va La Despedida diskoa plazaratu du gaur, eta adio esan haren bitartez. Bederatzi kantu bildu dituzte mixtape horretan; aurrez kaleratuak ziren horietako bi, eta aurrenekoz aireratu dituzte beste zazpiak. Edonola ere, taldearen agurra baieztatu izanak harritu ditu batez ere zale asko. 2021eko otsailean Gazte arruntaren koplak abestiasareratzearekin batera egin ziren ezagun batik bat, eta ibilbide arrakastatsua egin dute ordutik. Euskal Herriko eta kanpoko oholtzak lepo bete dituzte, eta, orain, badoaz. Baina despedida eginen dute aurretik, kontzertuen bidez: lehenbizikoa urriaren 31n izanen da, Gasteizen.
Iruñerrian sortua da Chill Mafia taldea. «Iruñerriko periferian, 2019-2020 aldean», Beñat Rodrigo Kiliki Frexko-k BERRIAri eskainitako elkarrizketan zehaztu zuenez. Hura da, hain zuzen ere, taldeko aurpegirik ezagunenetakoa, Julen Goldarazena Flako Fonki-rekin batera, baina badira beste asko ere: hala nola Sara Goxua DJa —Sara Losua, benetako izenez—. Hain justu, Goxuak eta Flako Fonkik baieztatu dute Chill Mafiaren agurra, gaur, Gazteako Dida irratsaioan.
Lauzpabost urteko ibilbidean, kantu arrakastatsu ugari kaleratu dituzte Chill Mafiakoek, eta, akaso, hitzen bitartez erakutsitako lotsagabekeria da, besteak beste, taldearen berezko ezaugarrietako bat. Euskara kasik etengabe erdararekin korapilatzea ere ohiko joera izan dute, eta horren harira ere izan dituzte polemika ugari. Horren guztiaren gainetik, baina, ukatu ezinezkoa da urteotan erdietsitako arrakasta. Esate baterako, aurtengo sanferminetan Gazteluko plazan kantatu zuten Iruñeko Udalak kontratatuta, eta plaza mukuru bete.
Zaleei agur esateko —eta azken lana aurkezteko—, zenbait kontzertu iragarri dituzte gaur-gaurkoz. Hauek dira Euskal Herrikoak: urriaren 31n Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izanen dira; azaroaren 11n, Errenteriako Lekuonan (Gipuzkoa); abenduaren 25ean, Iruñeko Zentral aretoan; eta urtarrilaren 3an, Bilboko Kafe Antzokian.
Erlazionatuta