Chick Coreak eta Paco de Luciak elkarrekin joko dute Gasteizko Jazzaldian

Melody Gardot, Bill Frisell eta Brandford Marsalis ere ariko dira 37. aldian, uztailaren 15a eta 20a bitartean

Erredakzioa
Gasteiz
2013ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Orain dela hamabi urteko uztailean bezala, Chick Corea piano jotzaileak eta Paco de Lucia gitarristak elkarrekin joko dute Gasteizko Jazzaldian. Uztailaren 20an izango da, Mendizorrotza kiroldegian, jaialdiaren 37. aldiaren azkeneko egunean. Antolakuntzak aurtengo programazioaren aurrerapen bat eman zuen atzo, eta, besteak beste, Melody Gardot, Bill Frisell eta Brandford Marsalis ere ariko dira Gasteizen, uztailaren 15a eta 20a bitartean.

Chick Corea estatubatuarra(1941) jazzeko mitoetako bat da; 50 urteko ibilbidean, Grammy saria hogei aldiz irabazi du, esaterako. 60ko hamarkadan Miles Davisen taldeko kidea izan zen; 70ekoan jazz fusioa lantzen hasi zen. Herbie Hancock, McCoy Tyner eta Keith Jarrettekin batera, jazz piano jotzaile laudatuenetako bat da. Bere talde berriarekin, The Vigil-ekin igoko da Chick Corea Mendizorrotzako oholtzara. Alboan izango ditu Christian McBride (azken bost urteotako kontrabaxu jotzaile onena, Down Beat aldizkariaren arabera), Tim Garlan saxofonista, Marcus Gilmore bateria jotzailea eta Charles Altura gitarrista.

De Lucia espainiarra (1947), berriz, «inoizko flamenko onenaren erabateko maisua» da, antolatzaileen esanetan. Gitarra flamenkoaren doinuak jazzarekin nahasten ditu bere seikotearen laguntzarekin (baxu elektrikoa, txirula, saxofoia, harmonika, teklatuak eta kaxoi peruarra).

Aurrena Chick Coreak joko du, gero Paco de Luciak, eta bai gauari eta baita jazzaldiari amaiera emateko ere, elkarrekin arituko dira.

Egun bat lehenago, uztailaren 19an, Bradford Marsalis bere laukotearekin arituko da Mendizorrotzan. Adituen esanetan, munduko hiru saxofonista tenor onenetako bat da. 18an, berriz, Melody Gardot piano jotzaile, gitarrista eta abeslari estatubatuarra ariko da. 28 urte baino ez ditu k, baina munduko jazz jaialdi handienetan aritutakoa da. 17an Ibrahim Maaluf tronpeta jotzaileak joko du, eta egun berean, baina bigarrean saion, Bill Frisell gitarristak. Azkenaldian, laukote batekin ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.