Hitza eta irudia, idatzitakoa eta proiektatutakoa gurutzatuko dira aurten ere Donostiako Tabakalera zentroan, Zinea eta literatura zikloa antolatu baitute bigarrenez. Iaz, Marguerite Durasi eskaini zioten zikloaren lehen aldia, eta Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano eta Beñat Sarasola idazleak izan ziren gonbidatuak. Aurten, berriz, Chantal Akerman zinemagile belgikarra izango du ardatz, eta haren film bana aurkeztuko dute Itxaro Borda, Karmele Jaio eta Danele Sarriugarte idazleek. Gaur izango da lehen saioa, 19:00etan.
Jatorri poloniarreko familia judu batean sortu zen Akerman (Brusela, 1950-Paris, 2015), eta eguneroko bizitzari, emakumeen identitateari eta bakartzeari begiratu zien bere filmetan. 1975ean egin zen ezagun nazioartean, Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles filmarekin. Lan hori inoizko filmik onenen zerrendaren buruan jarri zuen orain bi urte Britainiar Zinemaren Institutuaren Sight and Sound aldizkariak.
Eta, hain justu, film horixe hautatu du Itxaro Bordak zikloari hasiera emateko. Semearekin bizi den emakume alargun bat da istorioko protagonista, zeina eguneroko errepikakor batean murgilduta bizi den; goizean etxeko lanez arduratzen da, eta arratsaldean prostituzioan aritzen da.
Otsailaren 6an izango da bigarren emanaldia, Karmele Jaioren eskutik: Akermanen Golden Eighties (1986) filma aukeratu du idazleak saio horretarako. Hirugarren eta azken saioa martxoaren 6an izango da, eta News from Home (1976) lana izango du hizpide Danele Sarriugartek.
Hiru aurkezpenak euskaraz izango dira, eta hiru filmen euskarazko azpidatziak ere prestatu ditu Tabakalerak emanaldietarako —proiekzio guztietan euskarazko eta gaztelerazko azpidatziak izango dituzte filmek—.