milango scalako orkestra filarmonikoa
Zuzendaria. Riccardo Chailly. Egitaraua: P. I. Txaikovskiren 5. sinfonia eta M. Ravelen 'Daphnis et Chloé' 1. eta 2. suiteak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 27a.
Aurreikusi zitekeen asteartean Kursaaleko taula gainean egon ziren interpreteek eta programaren aukeraketak musika sinfonikoaren alderdi askotarikoak gozatzeko aukera aparta eskainiko zutela. Baina kontzertuak sortutako zirrararen ostean, horren inguruan idatzi behar izateak egoera estuan utzi nau, sentsazioa daukadalako esan litekeen oro ez dela sekula iritsiko modu egokian bertan bizi izan genuenaren berri emateko. Saiakera egingo dut, idaztearen ondorioz zerbait gehiago ulertu eta gozatu —bata bestearen korrelatu, noski— daitekeelakoan bederen.
Piotr Illitx Txaikovskiren 5. sinfoniak osatu zuen lehen zatia, dramatismo handikoa, bidaia emozional konplexu batean zehar gidatzen gaituena patuaren aurkako borrokatik nostalgiaraino, edertasun malenkoniatsua eta, azkenik, garaipena ere aurkeztuz, behin-behinekoa bada ere. Chaillyk zentzu eta sentiberatasun osoz gidatu zituen sinfonia honek miatzen dituen aldarteak keinu zintzo, doi, malgu eta dotoreez. Orkestrak modu ezin hobean erantzun zion batuta bikainari, une oro soinu trinko, inguratzaile eta guztiz orekatua mantenduz, lerro garbia marraztuz eta dinamika zabal eta beteak barreiatuz. Une gorenak izan ziren, esaterako, lehen Allegro con anima-n klarineteak eta fagotak aurkeztutako gaia, Valse dotorearen trioan biolinen eskala zehatzak eta, nola ez, bigarren mugimenduan tronpa bakarlariak zabaltzen duen melodia goxoa, gustu handiz josia.
Orkestrak modu ezin hobean erantzun zion batuta bikainari, une oro soinu trinko, inguratzaile eta guztiz orekatua mantenduz, lerro garbia marraztuz eta dinamika zabal eta beteak barreiatuz.
Txaikovski distiratsuaren ostean, Maurice Ravelek bere Daphnis et Chloé balletetik sortutako lehen eta bigarren suiteetan orkestrako sekzio guztietan azaleratu ziren berezkoak zaizkien koloreen argitasun eta fintasuna. Zurezko haizeak samur Nocturne lasaian, tronpa bizien oharra, metal eta perkusio kartsuak Danse guerrière-n. Gero, harien, flauten eta harpen urrezko dirdaiak Lever du jour magikoan, azken mugimenduan aurkezten den elkartzean orkestra osoa bozkario betean. Zenbat kolore, zelako argitasuna eta indarra. Esango nuke, batutaren ordez, Chaillyk paleta bizia zuela eskuan.