Cesaria Evora hil da, morna musika munduratu zuen abeslaria

Osasun arazoak zituela eta, urrian eman zuen amaitutzat bere ibilbide artistikoa 'Diva oinutsa' ezizeneko artistak

Inigo Astiz
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Mindelo hirian (Cabo Verde) jaio zen Cesaria Evora, 1941ean, oraindik ere portugaldarren menpe zen lurraldean, eta hiri hartan egin zen abeslari ere; herriko plazan. Lela izeneko anaiak saxofoia jotzen zuen, eta berak abestu. Cabo Verdeko morna musika estiloaren erreferente nagusi bilakatu zen gerora. Agertokietan oinutsik aritzen zen abesten beti, halere, jende txiroarekiko elkartasuna adierazteko, eta hortik ezizena: Diva oinutsa. Urriaren 23an eman zuen bukatutzat bere ibilbide artistikoa. Bertan behera utzi zituen hitzartua zituen kontzertuak, osasun arazoengatik, eta hainbat ebakuntza egin zizkioten geroztik. Atzo hil zen, 70 urte zituela.

Bere hiriko taberna eta hoteletan hasi zen abesten Evora, eta gorantz egin zuen pixkanaka. 1988an Parisen grabatu zuen La diva aux pied nus diskoa (Diva oinutsa), eta oso kritika onak jaso zituen. Miss Perfumado grabatu zuen 1992an, eta 47 urterekin bilakatu zen nazioarteko izarra, eta Grammy bat ere jaso zuen Voz d'amor (Maitasunaren ahotsa) lanagatik 2004an, munduko musikei eskainitako atalean, eta urrezko domina ere jaso zuen 2007an, Jaques Chirac Frantziako presidentearen eskutik.

Ez zen zailtasunik gabeko ibilbidea izan, ordea, Evorarena. Utzi egin zuen kantua, esaterako, 1975ean, Cabo Verdek independentzia lortu zuen urtean, etxean lan egin, eta familiarentzako dirua lortu ahal izateko. Hamar urte iraun zuen etenak, eta alkoholismoa izan zuen. «Urte ilunak» deitu zituen gerora orduko haiek.

90eko hamarkadan Parisera joan zen bizitzera, geroztik bere manager eta produktore izan den Jose da Silvaren gomendioz, eta han lortu zuen nazioarteko ospea garai hartako bere diskoei eta Sodade izeneko abestiari eskerrak. Hamaika herrialdetan izan da.

Cabo Verden hil da, azkenean, San Vicente irlako Baptista de Sousa ospitalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.