Celineren paper galduen bidaia

Frantzia okupatuan Gestaporekin kolaboratzeagatik epaitua izan ondoren, Louis Ferdinand Celine arrangura zen: «Itzuli egizkidazue lapurtutako nire eskuizkribuak!». Jean Pierre Thibaudat antzerki kritikariak agerrarazi ditu.

Louis Ferdinand Celine, 1932. urtean. LOUIS MEURISSE.
Gorka Arrese.
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Duela bi aste Frantziako Le Monde egunkariak eman zuen albistea: Louis Ferdinand Celinek 1944ko ekainaren 17an etxetik ihes egin zuenean utzitako paperak agertu dira. Sei mila orri eta eskuizkribu. Haien artean daude hiru eleberri argitaragabe: London, Casse-pipe (osorik) eta La volonté du roi Krogold. Baita ere argazkiak, gutunak, medikuntzako idazkiak, Gen Paul pintorearen marrazkiak, eta abar.

Milaka paper horien agerpenaren historiak ere nobela baten traza dauka.

Celine idazlearen emazte Lucette Destouches dantzaria (sortzez Lucie Almanzor) 2019ko azaroan hil ondoren, Jean Pierre Thibaudat antzerki kritikariak Emmanuel Piarret abokatuarengana jo zuen, eta honela kontatu zion: «Orain dela urte asko, Libération egunkarian lanean ari nintzela [2006ra arte jardun zuen], irakurle batek hots egin zidan esanez agiri batzuk eman nahi zizkidala. Hitzorduaren egunean poltsa handi batzuekin etorri zen, Celineren paperez beteta. Baldintza bakarra jarri zidan: ez nitzala jendaurrean agertu, Lucette Destouches hil baino lehen; emailea ezkertiarra izaki, ez baitzuen nahi alarguna aberasterik».

Joan zen etxera, zabaldu zituen maletak, eta orri eta eskuizkribu pila bat azaldu zitzaizkion Thibaudati: «Ordenatzen bakarrik, hilabeteak igaro nituen. Eta ondoren urteak eman ditut orriok transkribatzen: milioi bat karaktere pasa».

Honenbestez, Celineren emaztea hildakoan, bi pertsonarengana jotzea erabaki zuten. Idazleari buruzko biografia bat idatzi zuen François Gibault jaunarengana, batetik, eta Lucette Destouchesen oinordeko Veronique Chovin andrearengana, bestetik. Bilera bat egin zuten 2020ko ekainean, Parisen, Piarret abokatuaren bulegoan. Guibaultek nahi zuen Gallimard argitaletxeak inprima zitzala. Thibaudatek nahi zuen Institut Memoires de l'Edition Contemporaine erakundea dagoen abadian uztea paper guztiak. Baina Chovin sututa zegoen, eta esan zuen bera zela oinordekoa.

Azkenean, 2021eko hasmentan, Chovinek eta Gibaultek epaiketara eraman zuten Thibaudat, lapurtutako paperak ezkutuan gordetzeagatik.

Naziekin 'collabo'

Louis Ferdinand Destouches sendagile frantsesak Celine goitizena erabili zuen literaturan, bere amaren izenetik hartuta: Celine Guilloux. Eta, lehendabiziko nobelari esker, XX. mendeko idazle frantsesetatik irakurrienetako bat bihurtu da, 40 inguru hizkuntzatara itzulia izan ondoren. Gauaren muturrerainoko bidaia da Celineren eleberri hori (Voyage au bout de la nuit jatorrizkoan), 1932an argitaratua.

Ferdinand Bardamu izeneko sendagile nihilista baten bidaia luzea kontatzen du: Gerla Handia, Afrikako kolonia frantsesa, New York, Detroit, eta Parisera buelta.

Matias Mujikak euskaratu eta Igela argitaletxeak plazaratu zuen 1992an, Ramon Saizarbitoriaren hitzaurre argigarri batekin, letra ttipiz eta 528 orrialdetan.

Saizarbitoriak gaztigatzen du Maurice Bardeche literatur kritikariak azkar laburbildu zuela nobela. Izenburuak adierazten duen gisa, periplo bat da. Kontakizunak lau zati dituela antzematen erraza da. Bidaiariak uharte hauek bisitatzen ditu: gerraren uhartea, kolonizazioaren uhartea, Amerikaren uhartea, miseriaren uhartea; eta, ondorioz, bidaiariaren naufragioa da, maitasunaren uhartearen aitzinean.

Maxim Gorki idazle errusiarraren aburuz, Bardamu pertsonaiak bere aberria galdu du, jendea mespretxatzen du, zakurra esaten dio amari, prostitutatzat ditu amoranteak, axolagabea da krimen guztien aurrean, eta heldurik dago faxismoa onartzeko.

Alemaniak 1940an Frantzia okupatu zuenean, Celine kolaboratzailea bilakatu zen. Annick Duraffour eta Pierre Andre Taguieff historialariek artxibategiak ikertu ostean, Celine, la race, le Juif liburuan (Fayard, 2017) idatzi dute Gestaporen aurrean salatu zituela gutxienez hiru sendagile, zirujau bat, bi idazle eta Erresistentziako bretoi bat.

Ihesi joan zen

Alemaniak gerra galduko zuela igarritakoan, Celinek ihes egin zuen, arrapaladan, Montmartre auzuneko Girardon kaleko bosgarren pisuko apartamentutik. Paristik alde egin aurretik, hala ere, Gauaren muturrerainoko bidaia nobelaren eskuizkribuak arte galerista bati saltzea lortu zuen, Renoir pintorearen margolan txiki baten eta 10.000 liberaren truke.

Antonio Zuloaga Dethomas adiskideak proposatua zion errefuxiatu zedila Bilbon. Frankistek agintzen zuten hemen, eta komunitate nazi ongi saretu bat ere bazegoen behintzat, iheslariak babesten zituena.

Kontua da Celine eta Zuloaga (margolariaren bigarren semea) 1933an lagun handiak egin zirela Parisen, eta artista batzuekin batera Montmartreko Banda osatu zutela. Urte batzuk geroago, 1939an, Espainia frankistako enbaxadore karguaz Jose Felix Lekerika bilbotarra Parisera bidali zutelarik, horrentzat lanean jardun zuen Zuloagak. Eta Celineri esan zion traturen bat egitea lortuko zuela Espainiako Gobernuan, Bilbon har zezaten.

Celinek, ordea, Danimarkara iritsi nahi zuen nola edo hala. Horregatik erabaki zuen 1944ko ekainean Alemaniako Baden-Badenera joatea, Vichyko Gobernuko kideak ostatu hartuta zeuden Brenners Park Hotelera. Paper faltsuak egin zituen: Louis François Deletang deitura baliatuko zuen handik aurrera. Eta, ondoren, 1945eko martxoan, Danimarkara aldatu zen, Karen Jensen adiskidearen etxera, honi emanak baitzizkion urre lingote batzuk Kopenhageko banku batean gordetzeko badaezpada ere.

Bien bitartean, 1944ko abuztuan Paris liberatutakoan, Erresistentziakoek idazlearen etxeko atea behartu egin zuten, eta, antza denez, hango paper guztiak biltzea eta ezkutatzea deliberatu zuten.

Frantziako Gobernuaren eskariz, Celine atxilotua izan zen Danimarkan, 1945eko abenduan. Han gatibu zeukatela, bere adiskide Zuloagari eskutitzak idazten hasi zitzaion Zumaiara (Gipuzkoa), laguntza eske, hariak mugitzeko erregutzen, beldur baitzen zigor luzea bete beharko zuen, edo beharbada gillotinaz exekutatuko ote zuten. Denera 250 orri baino gehiagoko gutuneria bilduta dago Lettres à Antonio Zuloaga 1947-1954 liburuan (La Sirene, 2002), Philippe Sollers idazlearen hitzaurre batekin.

Celineren aurkako epaiketa 1950ean egin zen Parisen, idazlea Danimarkan gatibu zeukatela. Epaiketa abiatzear zenean, Le Libertaire egunkariak inkesta moduko bat egin zuen artisten, idazleen, argitaldarien artean. «Zer iruditzen zaizu Celineri egingo zaion epaiketa?», galdetu zuen. Adierazgarria da nola mintzatu zen Albert Camus: «Nazka ematen dit justizia politikoak; beraz, iruditzen zait bakean laga behar luketela Celine, eta epaiketa hori bertan behera utzi. Nolanahi dela, antisemitismoak, eta bereziki 1940ko hamarkadakoak, botaka eginarazten dit».

Celine amnistiatua izan zen 1951ko apirilean. Nizara erretiratu zen aurrena, lagun batzuengana, eta Meudon hiriko etxalde batera bizitzera joan zen gero.

Gallimard argitaletxeak argitaratu zizkion Féerie pour une autre fois (1952), D'un château l'autre (1957), Nord (1960), Le Pont de Londres (1964) eta Rigodon (1969) eleberriak.

Esku misteriotsuak

Orain azaldu diren sei mila orriak Thibaudat antzerki kritikariaren eskuetara nola iritsi ziren, misterio bat da. Oscar Rosemblyren senide edo lagun baten bidez agian? Rosembly korsikarra baitzen Celineren diru kontuak eramaten zituena eta idazlearen etxeko giltzak zeuzkana. Edo Erresistentziako kide Ybon Morandaten bidez beharbada? Idazlearen etxea arakatu zuenetako bat izan baitzen, eta ondoren Morandat apartamentu hartan bertan bizi izan baitzen bolada batez.

Le Monde egunkariak Thibaudati galdetu dio ea nork eman zizkion Celineren paper gordeak. Eta erantzun du: «Sekretua da iturria».

Thibaudat polizia etxera deitu zuten joan den martxoan. Ez zen hara esku hutsik joan: sei mila orriak eraman zizkien. Fiskalak agindu zuen itzultzeko ondasunak oinordekoei. Hots, uztailaren 19an paper guztiak hartu dituzte Gibaultek eta Chovinek. Le Monde egunkariak abuztuaren 4an albistea eta argazkiak eman dituenez gero, Europako hedabide nagusietan zabaldu da Celineren hiru nobela argitaragabe plazaratuko direla laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.