Literatura

Celineren alde eta kontra

Frantziako Gobernuak 2011n loriatu beharreko jende eta efemerideen zerrenda argitaratu zuenean, eta Louis-Ferdinand Celineren izena bertan agertu zenean haren heriotzaren 50. urteurrena zela eta, Serge Klasferld Frantziatik deportatutako juduen seme-alaben elkarteko buruak eta nazismoaren aurkako erreferente historikoak eta beste askok hitza jaso zuten. Frederic Mitterrandek, Frantziako Kultura ministroak, Celine zerrendatik ezabatu zuen bi egunera. Batzuentzat zentsura izan zen, eta besterentzat, justiziazko ariketa. Horrek galdera asko uzten zituen, baina, bazterrera: nola gogoratu Celine?

Louis-Ferdinand Celine (Courbevoie, Frantzia, 1894 – Paris, 1961) idazlea hil zela 50 urte bete ziren herenegun. Z / BERRIA.
Jon Benito.
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Eta galderaren ostean, egilea haren bizitzatik banantzeko ezintasuna geratzen da agerian. Alegia: epaitu ote liteke egilearen obra egilearen bizitza eta erabakiak aztertzera sartu gabe? Nola baldintzatzen du egilearen afiliazio politikoak edo historiako gertakariekiko konpromiso edo axolagabekeria edo fribolitateak haren lanaren balorazioan? Zalantza gutxi dituzte kritikari eta tokiko ministroek Celineren literatur lanen merituak aztertzerakoan, baina beste zerbait dira, haren antisemitismoarekiko keria hori, gustuko ez dutena. Baztertu ote liteke Frantziaren loria eta memoriatik Marcel Proustekin batera Frantziako XX. mendeko idazlerik onenetakoa izan dena? Eta zer da gogoratu nahi dena aipamen hauekin: literatur ibilbide baten balioa ala memoria nazional bat, idazlearen balio moral eta ideologikoak saritu eta zigortuz?

Celine ez omentzea erabaki zuen Kultura ministroak, ez literatur meriturik ez zuelako, haren iritzi antisemitengatik baizik. Lehenago aipatu galderen gaineko eztabaida ekarri zuen horrek, ordea. Batzuentzat morala jartzen da haren literatur balioaren gainetik, debekuarekin; besterentzat, aldiz, literaturaren aitzakian, hura sarituta, haren antisemitismoaren inmoralitatea ospatuko litzateke.

Celine, Frantzia

Celinek berak ere bazuen bere iritziaren arriskuaren berri.W. Strauss doktoreari bidali gutuna, horren adibide: «Liburu nazkagarriki antisemita idatzi berri dut; bidali egiten dizut. Juduen etsai nagusia naiz». Celine ez da zenbaitentzat idazle handi bat soilik; Drieu de la Rochellerekin batera, bi gerren artean egosi zen Frantziako antisemitismoaren erreferente intelektual nagusia da. Vichyren garaietan kolaborazionista, Hitlerren jarraitzaile, Goebbelsek Frantziarako juduen ardura eskaini zion, hark beste arrazoi batzuengatik uko egin zion arren.

Bernard-Henri Levyk defendatzen zuen bezala, omenaldi bat egokia ote zitekeen, Celine eta beste hainbatekin, jeinuaren eta bizitzaren infamiaren arteko harremana ulertzeko? Alegia, ez duela idazle, zientzialari edo artista onak zertan pertsona eredugarria izan. Aldi berean, ez ote luke Celine omentzeak Frantziaren aro ilun bat ez bere egin eta errekonozitzeko balioko? Ala Celine ez da Frantziaren eta frantziarren garai eta kolaborazio ilun baten ordezkari?

Celine laudatzearen alde eta kontra

Pierre Lainerentzat, Celineren biografia idatzi zuenarentzat, Ministerioaren erabakia akats nabarmena da. Metin Arditirentzat ere, nazkagarria izan daiteke idazlearen pentsaera, baina ez saritzea mendeku ergela da. David Alliotentzat Celine zentsuratzea stalinismo literarioaren adibide da.

Aldiz, Patrick Kechichian, Le Monde-ren literatur gehigarriko buruetakoa izandakoarentzat, «Celinek ez zuen odolik eskuetan. Baina tinta baino gehiago zen tintan zeramana». Haren ustetan, ezin dira artista eta pertsonaren pentsaera eta izugarrikeria banandu: «Idazlea eta pertsona bat eta bera dira». Zatiketa oro artifiziala da Kechichianentzat, eta idazle onak etika eta moral arautua behar ditu, garaiko ideologiaren araberakoa, jakina.

Jazarria loriatua

Celineren itzalak, obrak, loriaren debekuak, ez du haren figura puztu baino egiten. Idazle gaitzituen zerrendan dago, maldito-aren izaera beretzat hartu du: hilda piztu dute, berriz kondenatzeko. Eta horrek Frantziaren kulturaren mugak zedarritzen ditu: bere aurrien gainean eraikia dago, baina librea beharrean, eta tabu guztiak gaindituta dituela uste duen bitartean, tabu horiek indartzen ditu. Berreskura dezadan artikulu honetarako, Celineren saritzearen aldeko jarrera erakusten dutenen iritzia: Celineren liburuetakoa ez al da bere eta garaiko egia, honen bilaketa ez al da mingarria izaten? Ez al dute, geu ez, beste jende baten dialektika morala azaltzen?

Azken batean, Celinek ez zituen bere liburuak inor bere posizio ideologiko-moraletan birkoka zedin idatzi, gaur haiek zalantzan jartzeko eta orduan jazotakoa ulertzeko eta hedatzeko baizik. Geure balioak desorekatzen ditu: ez ote da hori artearen beraren funtzioetako bat? Hitza ez al zen bada libre, edo mugak ditu, jarrera moral jakin batzuk urratzen dituenean?

Literatura ez al zen dena? Mundua berrasmatzea, haren mugak haustea, fikzioa eta errealitatea: hitzen eta fantasiaren buruaskitasuna eta askatasuna. Mort a credit liburuko lehen orrian Celinek dio: «Istorioak itzul zatzaizkidan moduan idatziko ditut; munduko lau ertzetatik itzuliko zaizkit. Orduan dena amaitua izango da eta gustura izango naiz». Celineren loria mundutarren bazterketa ote zen? Ez ote du saririk handiena jaso bere omentzeak baztertzearekin?

Andre Giderentzat Celineren jarrera antisemita broma pisutsu bat besterik ez zen, boutade grotesko bat. Paul Nizan eta Trotskirentzat Celineren literatura goi mailakoa zen, baina haren etsipen eta sumindurak ez zezakeen ezer onik ekarri, eta are gehiago, kontrairaultzailea zen. Steinerrek, Kafkak diseinatutako munduan bizi zirenez/zaretenez/garenez, egiak Celineren antzeko aho eta luma ez gizatiarretatik ihes egiten zuen. Bidezidor eta bide okerrengatik da aske literatura. Antiliteraturarengatik da literatura. Celinerengatik dira beste asko. Ezer ez dio literaturak Celineri zor? Ez da iritzi ezberdintasuna literatur lan ibilbide baten aberastasun?

Boz mindu, ahots bakar, aitorpen histeriko eta historiko bat da Celinerena. Ez eredugarria etikoki, errepikaezina estetikoki. Zer saritu nahi du, ordea, Frantziako Gobernuak: ibilbide literario bat idazlearen heriotzaren 50. urteurrenean, ala jarrera etiko bat, pertsonaiaren bizitza eta pentsamendua (Frantziaren historiako hainbat pasarte ere auzitan jarriz)? Baina zein da estatu bat, azken finean, kritika literarioa egiten hasteko? Eta zer demontre saritu nahi du, beste idazle bat bai, baina Celine baztertzen duenean? Gauaren muturrenerainoko bidaia (Matias Mugikaren itzulpena, Igela argitaletxea, 1992) irakurtzerakoan, irakurleari begi eta hauspoak betetzen dizkion irakurlearen gisara gogoratu nahi da, edo kolabo, antisemita, ahobero-etsitu gisa estali nahi du Frantziak Celine? Hori da, herenegunez eta gaur, oraindik, auzitan dagoena.

P.D.: Biharamunean Hemingway hil zen. Haren heriotzatik ere 50 urte bete dira egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.