Euskaltzaindia

Castillo Suarezen poetika eta botanika

Euskaltzain oso izateko sarrera hitzaldia egin du Castillo Suarezek, Altsasun. Literaturaren gorazarreak, maitasunak eta naturak harilkatu dute testua. Patxi Zabaletaren tokia hartu du idazleak.

Castillo Suarez, atzo, Altsasuko Ioria kulturgunean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko uztailaren 1a
18:18
Entzun

Udazkenean, Sakanako (Nafarroa) basoak gorrituak zirelarik jakinarazi zuen Euskaltzaindiak euskaltzain oso berriaren izena: Castillo Suarez (Altsasu, Nafarroa, 1976). Ordutik, zimeldu dira hostoak, zuritu dira larreak, loratu dira basoak atzera ere, eta jadanik izan da uda giroko egun sargoririk. Urtaroek aurrera egin duten abiada berean bukatu zaio Suarezi prestaketetarako tartea, eta egin du, azkenik, akademiako sarrera hitzaldia: Maitasunaren botanika. Altsasuko Iortia kulturgunean irakurri du testua, eta Miren Agur Meabek erantzun dio hari.

Suarez 2016tik da euskaltzain urgazle. Gaurtik euskaltzain oso, Patxi Zabaletaren lekua hartuta. Baina aspaldi da poeta botanikaria. Neguak, arbolek, oro har naturako elementuek indar handia dute haren literatur obran. Hain justu ere, kargua hartzeko ekitaldian hainbat izan dira horren adierazleak, eta ez soilik hitzetan. Besteak beste, iratzez betea izan da aretora arteko korridorea.

Aretoa lepo bete da jendez; Suarezen senide eta lagunez, Euskaltzaindiko ordezkariz, sortzailez... Zenbait politikari ere azaldu dira; Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko buru Ana Ollo eta Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde tartean.

Jendez bete da Castillo Suarezen hitzaldia bera ere, izen asko aipatu baititu, esker onez. Adibidez, hitz biziki goxoak eskaini dizkio Sagrario Aleman euskaltzainari. «Sagrario Aleman izan baitzen ni jaio baino lehenago gure aitari euskarazko lehen hitzak erakutsi zizkiona», oroitu du. Gurasoei eskaini die hitzaldia Suarezek. «Biei, aitari eta amari, eskaini nahi diet nire hitzaldia, literatura eta liburuak maite dituztelako eta haiei esker maitasun hori neure egin dudalako».

Hain zuzen ere, literaturekiko maitemina izan da gidaria hitzaldian. Horretarako, beste batzuen poema liburuen aipamenak harilkatu ditu idazleak. Argitu duenez, sakon maite dituen lanak bildu ditu zerrendan, arrastoa utzi diotelako, batera edo bestera. Autore hauenak nabarmendu ditu: Harkaitz Cano, Rikardo Arregi, Jose Luis Otamendi, Jon Gerediaga, Miren Agur Meabe, Igor Estankona, Bernardo Atxaga, Leire Bilbao eta Amaia Lasa. Horietako bakoitzaren olerki bana hautatu du, eta irakurri. Eta horietan guztietan agertu dira naturarekin loturiko elementuak. Botanikoak.

Halaber, Bilbao eta Lasa aipatu ondotik, Suarezek aitortu du nahi baino «beranduago» deskubritu dituela hainbat emakume poetaren lanak. Generoen arteko desoreka kritikatu du, nolabait. «Batzuetan penaz hartzen duzu lehenago ez iritsi izana paraje batera. Arrangura sentitzen duzu beste emakume idazle batzuek irekitako bideak ezin izan dituzulako ibili laharrak estaltzen zituelako. Oztopoak kendu eta bilatu behar izan dituzu zure aurretik zeuden emakume poeta euskaldunak».

Bereaz ere mintzatu da Suarez, sakon azaldu baititu azken urteotan idazketari eta poesiari buruz egin dituen gogoetak. Hausnarketa horiei «belarki» deitu die, eta hamabost aletu ditu guztira. Adibidez: «Lehendabiziko belarkia: idazteko ausarta izan behar da». Beste bat: «Bigarren belarkia: poesia ez da autofikzioa». Beste bi: «Bosgarren belarkia: poesiak azaltzeko balio du» eta «Zortzigarren belarkia: idaztea irakurtzea da; eta alderantziz».

Hausnarketa honekin bukatu du hitzaldia Suarezek: «Idazten ez badugu, ez dugu geure burua ezagutzen. Ez badugu geure burua ezagutzen, ezin dugu maitatu. Ezin badugu geure burua maitatu, ezin ditugu besteak maitatu. Eta besteak maite ez baditugu, ez dakigu bizitza zer den»

Belarkiei, loreak opari

Miren Agur Meabek eman dio erantzuna Suarezi. Zuzenean mintzatu zaio euskaltzain oso izendatu berriari, propio hari idatzitako gutunak irakurtzen ariko balitz bezala. «Zer moduz, Castillo Suarez Garcia? Zorionak esateko idazten dizut lehenbiziko gutun hau [...] Ni trenean noa, Galiziarantz». Hala, Meabek zortzi gutun leitu ditu segidan, eta Suarezen ibilbide poetikoari buruzko aipamen mordoa bildu du horietan guztietan, kariñoa adieraziz.

«Beti miretsi izan dut poemei errematea emateko duzun trebezia», laudatu du Meabek Suarez laguna. Askotariko loreak bota dizkio. Esate baterako, nabarmendu du biziki maite duela Suarezek nola lantzen dituen bakardadea eta galera poemetan.

Horiek adituta, herritarrek aise sumatu dute bi idazleen arteko harremana estua dela. Izan ere, Meabek jostalari egin ditu zenbait iruzkin eta galdera. Adibidez: «Ez duzu elurra behin ere aipatu zure hitzaldian! Zelan ba?». Galderak ziztuan piztu du publikoan ziren askoren irribarrea. Jakina baita elurraren aipamena dela Suarezen poesiaren zigiluetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.