Literatura

Castillo Suarezek ‘Alaska’ plazaratu du, bere zazpigarren poema liburua

Maite izandako tokiez eta pertsonez egin du gogoeta idazleak, eta, haiei lotuta, galeraz eta doluaz. Elkar argitaletxeak plazaratu du lana.

Castillo Suarez idazlea, bere poesia liburu berria eskuetan hartuta, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2023ko otsailaren 15a
18:31
Entzun

«Las Vegas txiki bat» bezalakoa zen Alaska hotela txikitan Castillo Suarezentzat (Altsasu, Nafarroa, 1976). «Etxetik oinez joan gintezkeen, baina aparteko zerbait zen; bazuen igerileku bat...». Etzegaraten, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko mugaldean errepide nagusiaren alboan zegoen hotel bat izan zen Alaska, eta, hortaz, leku ezaguna urteetan jende askorentzat. Baina bide berria egin zutenean, igarobide izateari utzi, eta bazterrean geratu zen. Itxita eta abandonatuta dago aspalditik, baina zutik segitzen du eraikinak. Eta haren izena eman dio idazleak bere zazpigarren poema liburuari; maite izandako lekuez eta pertsonez eta, haiei lotuta, abandonuaz, galeraz eta doluaz egiten baitu gogoeta Alaska-n. Elkar argitaletxeak plazaratu du lana.

Suarezek azaldu du bere liburuek beti dutela lehen «detonante bat», eta, Alaska-ren kasuan, Maddi Barber zinemagileari Reyes Ilintxetak Argia-n eginiko elkarrizketa bat irakurtzean sortu zitzaiola lehen izpi hura. Barberrek botatako galdera bat eraman zuen kazetariak goiburura: «Nola egin daiteke paisaiaren edo lekuren baten dolua?». Hain zuzen, Itoizko urtegiak urpean utzitako tokiez gogoeta egiten duten hainbat ikus-entzunezko pieza ondu ditu urteotan Lakaben (Nafarroa) jaiotako zinemagileak —tartean, 592 metroz goiti dokumentala—. «Berari harrigarria egiten zitzaion nola bizi daitekeen jendea erreparatu gabe urak bere baitan hartu dituen gauza horiei guztiei, herriei zein naturaguneei. Eta esaldi horrekin geratu nintzen».

Doluak kolektiboa izan beharko lukeela esaten zuen Barberrek solasaldian; berak, berriz, poesiaren bidez, doluaren ideia norbanakoaren eremura eraman duela azaldu du Suarezek. Elkarrizketa berean zinemagileak plazaratutako beste ideia bat ekarri du gogora: «Berak aipatu zuen amets egitea dela dolua egiteko modu bat, eta deigarria egin zitzaidan. Nik hortik abiatuta egin dut Alaska».

Maiz pasatzen da Etzegarateko errepidetik idazlea, eta maiz ikusten du han abandonatutako hotela. Hala, eta elkarrizketa hark sortutako ideiek gidatuta, istorio bat eraiki zuen, «Alaska hotelarekin amets egiten zuen neska batena». Bere etxeko puskak jasotzen ari da neska, «bere bizitza kutxetan sartzen», eta, haurra zela egiten zuen gisan, hotelera doala egiten du amets. Haren oroitzapenak eta gogoetak sarrera narratibo batean bildu ditu idazleak. «Puskak jasotzen ari dela, neska horrek gogoeta bat egiten du, neure egiten dudana: zein hari hauskor dauden gure eta geure objektuen artean». Adibide bat ere jarri du ideia azaltzeko: «Zer egin opariekin abandonatzen zaituztenean?».

Ahaztu nahia eta ezina

Lan berrian bere ohiko gaiez hitz egiten duela iruditzen zaio idazleari. «Nire obsesioetako bat galera da, edo gure eta geure inguruan dauden espazio, lurralde eta objektuen arteko harremana». Liburuan bere beste obsesioetako bat ere ageri dela esan du: «Oroimena, ahaztu nahi dituzun gauza horiek nahita ere ezin dituzula ahaztu». Natura, elurra, igerilekuak eta bere obran ohikoak diren beste auzi eta irudi batzuk ere eraman ditu idazleak poemetara.

Baina galerez soilik ez, aurrera egiteaz ere hitz egiten du lanak. «Ideietako bat da bizitzak, azkenean, beti ematen dizula hutsuneak betetzeko moduren bat. Neska honi kantuek ematen diote; musika izan liteke modu bat».

Lau urte dira idazleak Irautera (Elkar, 2019) bere aurreko poema liburua plazaratu zuela. Hain justu, lan hori katalanera itzuli du Jaume Gelabertek, eta egunotan Herrialde Katalanetan aurkeztuko dute idazleak eta itzultzaileak. Bada, Alaska aurreko liburuaren «bonus track moduko bat» ere izan daitekeela iritzi dio egileak.

«Castillo Suarez beti da garantiazko izen bat, eta haren liburuek beti dute interesa», iritzi dio Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. Haren esanetan, «errepide abandonatu baten ondoan geratu den hotel abandonatu batek halako desolazio sentimendu bat pizten du. Liburua ez da hainbeste desolazioaz, baina badu zerikusia doluarekin, abandonuarekin, hoztasun puntu batekin». Suarezek bere poemetan «irudi oso indartsuak» sortzeko duen gaitasuna goraipatu du editoreak.

Eta horri buruz ere egin du gogoeta idazleak: «Aurreko lanetan, irudiak leuntzen saiatu naiz. Alde horretatik, beharbada hau da nire libururik bortitzena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.