EPPUR SI MUOVE

'Casta Diva' eta bi hankako arratoia, Bilbon elkarturik

begona del teso
2023ko azaroaren 17a
00:00
Entzun

Bilbao, Bilbao, zu zara Hollywood», kantatzen zuten airos La Otxoak eta antzeko jendaila markaz fuerakoak joan den mendean, Bilboko agertoki guztiak hankaz gora jarri zituen komedia musikal ganberro batean, Karraka antzerki taldeak 1984an sorturiko aldrebeskeria galant hartan, ikusleek sakon maitatua, kritikak zakar arbuiatua izan zen hartan, non Don Diego Lopez de Harok topo eta estropezu egiten zuen ikurrinak zabalik Galtzara Nagusian barrena zihoazen manifestariekin, «Gora Bizkaia eta bakailao ona» oihukatzen zutela.

«Bilbao, Bilbao, zu zara Hollywod», Bizkaia osoa nola, zeren eta Bilbon 65. Zinebi jaialdiak borborka dirauen bitartean, segituan, igandean, hain zuzen ere, hasiko baita (42.ez!) Zallan Enkarzine Nazioarteko Film Laburren Lehiaketa, bertan direla norgehiagokan, batekoz beste eta hamaika gehiagoren artean, Ekaitz Vertizen Hitza eman nion lan arras harrigarria, Euskal Herri fantastikoan itotzen gaituena. Edo Bel Maciaren Santorini, El paradis del parkour, Greziara garamatzan kirol dokumental motz poetiko eta ikusgarria.

«Bilbao, Bilbao, zu zara Hollywood», «Bizkaia maite, atzo ikusi zintudan», gaur, bihar eta etzi ikusiko zaitut zeluloidezko soineko digitalaz jantzia... bihurri kantari.

Kantari, bai. Eta ez Zazpi Kaleetako tabernetan festa handi egunetan entzun ohi diren bilbainada nahikotxo zaharkitu horiek. Ez, tuntun samarrak izan arren, segun eta non, segun eta noiz, segun eta nortzuk eta zergatik kantaturik, majotxo suertatzen diren horiek ez ditugu ezpainetan Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren jauregietan (Bilborock barne, jakina), baizik eta, baizik eta... Belliniren Norma operaren fama, ospe eta entzute handiko Casta Diva aria, edo Puciniren Tosca-ren bigarren ekitaldi kasik osoa, nork kantatua eta Maria Callasek berak.

Zer entzuten da Bilboko izkinetan Zinebi martxan dela? Bada, esaterako, Loli Astorekak berak zuzenean, play-back egin barik, boleroaren erregina den Paquita la del Barrioren Rata de dos patas hori. Seguru gorroto dibertigarriz beteriko bere hitzak ezagunak dituzuela, «Zuri ari natzaizu berbetan, bi hankako arratoi alena; zurekin alderatuta, txikia da mamorro herrestaririk handiena...».

Bilboko Alhondigan edo BBK aretoetako pantailetan Anari aditzen dugu Nacho Vegasen abesti bat labur bat egokituz. Baita Lola Flores ere, Rafael de Leonek eta Juan Solanok sorturiko A tu vera («Zure ondo ondoan amodioz hilko naizen egunera arte») kantatzen beste film labur bateko soinu bandan.

Zergatik Callas, Loli, Lola eta Anari kantari Hollywood dirudien Bilbaon? Beautiful Docks sailean, Callasek Parisen 1958an emandako errezitala berreskuratu, eta zaharberritua ikusi ahal izan baita. Bestalde, A tu vera, espazioarekin eta denborarekin ausart jokatzen duen Prioridades laburrean agertzen da. Eta, bukatzeko edo, Bilboko Etxe Betea eraikinean filmaturiko Pelikula baten bila delakoan, emakumezko aktore hainbaten festaren aurkezpenean, Astorekak Rata de dos patas kantatzeari ekin zion.

Bai ba, «Bilbao Bilbao, zu zara Hollywood» eta «Bizkaia maite», igandean ikusiko zaitut zeluloidezko soineko digitalaz jantzita, Victor Erizeren jaioterria den Enkarterrietan. Bitartean, ez ahaztu Euskal Herriko Hegoaldeko zinema ez hain korrienteetan, La ermita dela ikusgai, agoten, mamuen, sorginen lurraldea den Baztanen filmaturikoa. Ez da, nik uste, akatsik gabekoa, baina pasarte askotan hoztuko dizue bihotza. Iparraldean, Miarritzeko Le Royal aretoan, berriz, igandean, aurrestreinaldi markaz kanpokoa: Yoshimi Itazuren Le gran magasin; bertan, bezero guztiak giza itxura duten animaliak dira, eta uniformedun neska gaztea, hots, saltzailea, gizaki bakarra...

New Yorkeko 42. kalea dirudien Bilbaotik Parisko zumardi handietako biltoki luxuzko batera goaz. Kantari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.