Pepe Carvalhok mesfidantzaz zuzendu zuen soa Rambla aldera, bulegoko leihotik, susmatzen hasia baitzen harentzat behiala hiri-afektibitatearen gune nagusia zena —baldin eta hiriek afektibitatea bazuten— ehun kantzerigeno bihurturik zegoela, eta organismo eri baten partaide mikrobianoa baino ez zela ulertu zuen ziurtasun osoz. Halako egiaztapen erabatekoak ez zuen balio izan, preseski, egun hura zabaldu zenetik ordura arte eduki zuen aldarte iluna argitzeko, baina ezta ilunagotzeko ere, eritasunaren gaineko kontzientzia osoa hartu ondoren baizik ez ohi direlako etortzen ezkortasuna eta etsipena, eta behin kontzientzia hartuz gero, norberaren aldartean gorabeherak egoten direlako, baiki, baina beti gris argitik beltz ilunera doan gama kromatikoaren barruan. Euria euriaren gainean denean, litro gutxiren gorabehera ez omen da esanguratsua. Bestalde, mundua organismo gaixo bat zela egiaztatu zuen une hartan, askoz mingarriagoa gertatu zitzaion, gaixotasunaren egiaztapena bera baino, berrespen hura norekin partekatu ez izatea, Biscuter ez egotea bulego barruko bere sukalde irrigarrian, esaterako, harekin komentatu ahal izateko munduaren egoera desanparatuaren berri. Biscuterrek, ausaz, han izatera, zera galdetuko zion orduan sukalde barrutik: «Jefe, baina munduak minbizia badauka, zer dauka, Rambletako minbizia?», edo, «Zer da Bartzelona munduarentzat? Pankrea? Besikula? Munduak besikulako minbizia dauka?».
«Ez, besikulakoa ez. Gutxienez prostatakoa», erantzungo zuen orduan Carvalhok, eta elkarrizketa hutsal hark uxatuko zuen, une batez baino ez bazen ere, matrioxka joko ero batean bezala, ebakuntza gelez beterik ikusten zuen etorkizun baten perspektiba, haizatuko zituen aieru txarrak oro, eta bizigarri bihurtuko turista japoniarrek, zazpigarren itsas armadako kadeteek, ustezko terrorista islamikoek, karteristek, independentista zalantzatiek, prostituta zaharrek, birmoldaketa ezineko periodiko banatzaileek eta krabelin saltzaileek osaturiko magma erraldoi hura, Rambla bere osotasunean hartzen zuena metastasi baten erritmoan. Inon irakurri berri zuen Bartzelona bisitatzen duten turista guztiek beren argazki kameretako flashak batera disparatuko balituzte, hiriak gordetzen dituen sekretu guztiak denen bistan geratuko liratekeela, argiturik, eta metafora gehiegizkoa iruditu arren (nork jakin, 2003. urte hasiberri hartan, esaterako, pujolismoak gordetzen zituen sekreturik gordeenak non gordetzen zituen), iruditu zitzaion, halaber, ez zegoela gaizki marabuntaren eraso baten pare edo Serengetiko ñuen migrazioaren pare hedatzen zen turisten eragin kaltegarriaz ohartarazteko.
Mundua jada hilik dago, Biscuter, eta gu hilotzaren deskonposizioa eragiten dugun mikroorganismoak baino ez gara, geu ere, halaber, azkenaren zain gaudelarik.
***
Boqueriako merkatua ere ez zen lehengoa. Generoa susmagarria iruditu zitzaion; gaurgero, batek ezin zezakeen jakin zer ezkutatzen zen butifarra itxuraz errugabe baten atzean, edo zer isiltzen zuen legatz inozo baten begiratu malenkonikoak; ez ote ziren izango, bata zein bestea, animalien manipulazio anker edo ez legalen emaitza, edo are, manipulazio genetiko arriskutsu baten ondorioa? Nola jakin butifarra hura ekoizteko ez ote zen bihozgabeki torturatu berorren lehengaia izan zen zerria? Bestetik, zer arrantza arte erabili zen legatz hura harrapatzeko? Pintxoa? Arrastrea? Bolanta? Zerbait okerragoa? Baina mesfidantza, produkzio bitartekoei ez ezik, ekoizleen identitateei ere iristen zitzaien, eta haiei, batez ere: eguneratuta edukiko zituen Ogasunarekikoak butifarra ekoizleak, edo egoitza Andorran zeukan mamu-enpresa baten bidez saihestuko zituen zergak? Eta zer ez esan legatzaz: benetan arrantzan ari zen arrainontzien konpainia bateko arrainontzi batek harrapatua izango zen, edo arrainontzi konpainiarena estalkitzat erabiltzen zuen arma trafikatzaile banda baten harrapaketa izango zen? Boqueria, halako batean, etikari etengabeko dilema moralak eta erronka intelektualak botatzen zizkion arazo bat zen, ingurumenarekin, hirugarren munduko gerrekin eta langileen zapalketarekin eta, oro har, planeta justuago eta ekologikoago baten aldeko borrokekin sentsibilizatutako kontsumitzaile batentzako labirinto deszifraezina. Gauzak horrela, arbi soil eta apal bat erostea planeta mailako ondorioak ekar zitzakeen inteligentzia operazio bat zen.
Carvalho zain zegoen noiz hasiko ziren ozen altxatzen barazkien sufrimenduaren aurkako ahotsak, gauza jakina baita tomateek garrasi egiten dutela landaretik erauzten dituztenean. Fruta postuko saltzaileari komentatu zion. Humanitateak arazo larri bat dauka: ezin du bere burua ezagutu erremediorik gabe den espezie oldarkor, inbaditzaile, denajale eta birrintzailean.
—Okerragoa da nire koinatu bati gertatu zaiona. Kamioi gidaria da eta ospitalean dago. Istripua eduki berri du Frantzian, Holandatik Espainiara tomate karga batekin zetorrenean talka egin zuelako Espainiatik Holandara zihoan beste kamioi baten aurka. Eta jakin nahi duzu besteak zer zekarren?
Bistan zen saltzaileak ez zuela isilduko koinatuaren abenturaren amaiera.
—Tomateak! Harrapa ezak!
Carvalhok sendatze azkarra opa zion kamioilariari koinatuaren bidez, eta bere artean pentsatu zuen etikak etika, zaharregia zela orduantxe gosez hiltzen hasteko. Kilo eta erdiko lupia erosi zuen arrandegian. Garbitzeko eta bi trontzo garbi emateko, luzetara moztuak, eskatu zion arrain saltzaileari; eta badaezpada, burua eta hezurra ere gordetzeko. Bere asmoa zen trontzo horietako bat sukaldatzea, ikusiko zuen nola, eta bigarren trontzoa, burua eta hezurrarekin batera, izoztea, hurrengo baterako, ekonomiak egiten hasteko moduan baitzegoen.
Planetaren aurkako atentatu probable horren fruitua itsasoa betiko izorratuko zuen plastikozko poltsa batean eman zioten, eta bulegora itzuli zen, plastiko poltsa onartzeagatik damuturik eta lupia, lazunaren adiskidea, arrain susmagarria delako, susmagarrietan susmagarriena, ideia buruan zebilkiola.
LIBURU AURRERAPENA
Carvalho Euskadin
Jon Alonsok bi nobela harilkatu ditu argitaratu berri duen liburuan, eta, modu horretan, Enekoitz Ramirez 'Lanbas' pertsonaia eta Manuel Vazquez Montalbanek sortutako Pepe Carvalho detektibea gurutzatuko dira fikzioan. Hona hemen liburuko bi pasarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu