Badago liburu idatzigabe bat Mircea Cartarescuren barren-barrenean. Laudorioz bezala laidoz esaten zaie zenbait idazleri behin eta berriz liburu bera idazten pasatzen dutela bizialdia; emango dizkiote forma diferenteak, aldatuko dute generoa eta bilatuko dituzte bestelako gaiak eta girotzeak, baina azkenean liburu bera idazten dute.
Cartarescu ez da idazle beti berdin horietako bat, baina, argitara eman dituen liburuetatik zenbat eta gehiago irakurri, are eta klaruago antzematen zaio guztien hondoan datzan zerbaiti, idazleak bere-bereak dituen ezaugarri ugariren kumulu abstraktu bati. Badago liburu idatzigabe bat Mircea Cartarescuren barren-barrenean, eta liburu horren kapitulu eta pasarte solteak baino ez ditu argitaratu orain artean.
Ez dago argi esaterik idazlearen barreneko liburu idatzigabe hori zer generotakoa den. Narratibaren etiketapean argitaratutako lanek eman diote Cartarescuri nazioarteko ospea, baina haren gaztetako lan poetikoa datza narratiba osoaren bihotz-mamietan. Poesian egin zituen literatura munduko hastapenak, 1980ko urteen jiran, AEBetako beat belaunaldiaren txundidurak errumaniar letrak jo zituenean. Kerouac, Ginsberg eta enparauak itzultzen hasi zen Cartarescu, eta soka bereko beste zenbait idazlez osatutako poesia zirkuluetan ibiltzen hasi zen.
Aldizkari eta antologia ugaritan plazaratu zituen poemak, bai liburu gisa ere gero, eta halaxe lortu zituen ospea eta estimua Errumanian. Nazioartean, berriz, 1990eko hamarkada ingurutik aurrera hasi ziren Cartarescu ezagutzen, idazlea narratiba argitaratzen eta esportatzen hasi zenean.
Munduak narratzailea ezagutu zuen aurrena, Sortaldea, Nostalgia eta Solenoide prosazko lanen idazlea, eta poeta ezagutu zuen gero —Espainiako Impedimenta argitaletxeak iaz argitaratu zion, hain justu, poesia hautatuaren bilduma mardul bat—. Izatez, ordea, alderantziz da; poeta zegoen narratzailea baino lehen, eta poesia dago narrazio guztien azpian.
Generoa gorabehera, Cartarescuren barreneko liburu idatzigabea autobiografikoa izango da seguru, halakoak baitira argitara eman dituen liburu gehienak ere. Cartarescuren narrazioak, baina, aldendu egiten dira prosa autobiografikoari ohi zaion lehen pertsona narratibo lañotik; hain dira poesiaren gertukoak haren nobelak eta kontakizunak, narratzailea ni poetiko bat baita ia, zeinak betetzen baititu, gutxi-asko, Cartarescuren eremu narratibo guztiak. Poesia bezala leitzen baita Cartarescuren prosa. Narrazio errealistaren ohiko konbentzio gehienak bazterresten ditu idazleak, eta bere ni poetikoak iruditeria oparo eta oso partikular bat gurutzatzen du; ariketa horretan datza, eskuarki, haren narraziogintza ia osoa.
Memoria propioaren estratan barrendu ahala idazten du Cartarescuk, orotariko oroitzapenen zirrikitu gordeetan barrena, eta idazketaren bidez iragana ebokatzea du kezka nagusietako bat. Iragan galduaren eta idazketa beti orainaldikoaren konjuntzioan, irakurleak zenbait gairen errepika aurkitzen du Cartarescuren narrazioetan: haurtzaroko paradisu galdua, identitatearen eraketa, idazketaren zentzua eta asturua bera...
Idazleak, gainera, bere burua testuan agerrarazteko joera dauka, eta horrek memoriaren eta iraganaren gaiak biribiltzen ditu: testua orainaldi atergabe batean girotuta geratzen da, idazketak dirauen orainaldian bertan, eta, endemas, idazlea agerrarazteak marko aproposa ezartzen die Bukaresteko beste hamaika pertsonaiaren istorioei.
Izan ere, Bukaresten dagogirotua, ziur, Cartarescuren liburu idatzigabea. Bukarest da Cartarescuren obra argitaratuaren aingura, iruditeria poetiko guztiaren epizentroa eta bilgarria. Hiriko arkitektura hitsa sobietar handitasun barnehutsaren sinbolo bilakatzen da, eta beste batzuetan ustekabeko kolore printzak ernatzen dira hiri zahar eta margularen zoko ustekabeetatik, Ekialdeko Europarekin lotu ohi den iruditeria koloretsuak —ijitoak, zirku ibiltariak eta abar, guztiak ere Cartarescuren bereizgarri— kontrastea egiten baitu hiriaren histasunarekin, eta are biziago distiratzen haren kontrakarrean.
Bukarest, Bukarest
Cartarescuren literaturan, Bukarest gorputz eskerga bat da, zeinaren anatomia hiria populatzen duten eta zuten gizakien joan-etorrietan errebelatzen baita. Bukaresteko biztanleen oroitzapen eta pasadizoak kontatzen dituenean, hiria bera bihurtzen da protagonista, oso era materialean, gainera. Korporala baita oso Cartarescuren literatura; hiriaren anatomia zabalak ez ezik, harekin nahasten den giza gorputz propioaren materialtasunak ere garrantzi handia hartzen du.
Cartarescuk begirada mikroskopiko batekin erreparatzen dio gorputzari, fokua ia distortsioraino hurbilduta, eta, gertuaren gertuaz, gorputza zer grotesko eta desitxuratu bat bilakatzen da, nardaren lirismo batera ere iristen dena.
Solenoide eleberri mardularen lehenbiziko kapitulua da gorpuztasun horren adibide: «Zorriak harrapatu ditut berriz» sinple batekin hasi, eta Cartarescu kapaz da orriak eta orriak betetzeko itxuraz behintzat beste ezer aipatu gabe; Cartarescuren begirada poetikotik leituta, lirismo sarkor bat dario xaboi eta orrazien hutsaltasunari.
Ez dago seguru asmatzerik nolakoa izango den Cartarescuren liburu idatzigabea. Beharbada gaztaroko Erorikoa poema—argitaratu zuen aurreneko «testu profesionala»— izan liteke barruan daraman liburu idatzigabe horretatik gertuen dagoen lana, bai baitirudi olerki luze horretan kabitzen dela Cartarescuk harrezkeroztik idatzi duen guztia: «Elurra erortzen da, erortzen, baina gutxitan/ itsasten dira maluta bigunok lurraren erretinan/ astroen erpinetan metatzen baitira/ eta han pilakatuta itzaltzen, ezerezeko ortzadar».
Literatura
Cartarescuren liburuaren bila
Errumaniako idazle garaikiderik entzutetsuena da Mircea Cartarescu. Nagusiki narratzaile gisa da ezaguna, baina poesia dago haren narrazio guztien azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu