Carreras Mugica izango da Euskal Herriko galeria bakarra Arcon

Gaurtik igandera bitarte egingo da arte garaikidearen azoka, Madrilen. 202 galeria bilduko dira

Nazioarteko 206 galeria izango dira aurtengo Arcon. Irudian, Pelaires galeriaren erakustokia, muntatze lanetan. C. MOYA / EFE.
itziar ugarte irizar
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Erakusleiho bat. Hori izan ohi da Arco Arte Garaikidearen Nazioarteko Azoka: artearen eta arte sistemaren erakusleiho handi bat. Gaur eguerdian abiatuko du 38. aldia, eta, igandera bitartean, bost egunez, erakusleihoaz gain, artista, galerista, bildumagile, zale eta gehiagoren elkargune bihurtuko da. 30 herrialdetatik baino gehiagotik heldutako 203 galeriak jarriko dute euren erakustokia, eta batean baino gehiagotan izango dira Euskal Herriko artisten lanak ikusgai. Galerien artean, ordea, euskal ordezkari bakarra izango da: Bilboko Carreras Mugica.

Azken ukituekin lanean zen atzo Ignacio Mujika galeriako arduradunetako bat BERRIAri azalpenak ematean. «Urtero, gure artisten obra berrienen aurkezpen bat egiten dugu; egun zertan ari diren erakutsi». Horrekin abiatu, eta urtero foku ezberdin bat jartzen ere saiatzen dira. Aurten, Peruren urtea izanda, Armando Andrade Tudela artista perutarraren lanari egin diote lekua erakustokian, eta lantaldea pozik da horrekin. «Duela hiru urte erakutsi genuen aurrenekoz haren lana, eta harreman oso ona dugu ordutik». Tudelarekin batera, beste bi izen ere nabarmendu ditu Mujikak: Sergio Prego eta Itziar Okariz. Biak Veneziako Bienalean izango dira, eta, aurretik ere euren lanak erakutsi izan dituzten arren, aurten horiek «ikusarazteko» ahalegina egin nahi du galeriak.

Eurenean «etxeko» bihurtu diren euskal artisten lanak ere ez dira faltako: Juan Perez Agirregoikoa, Txomin Badiola, Pello Irazu, Erlea Maneroz Zabala, Xabi Salaberria, Asier Mendizabal... Denera, 30 obra ingururekin osatu dute erakustokia, zeinetan eskulturak pisu nabarmena izango duen. «Hainbeste galeriaren artean norberarena bereizteko lana egin behar da, eta, gu eskulturatik etorrita, hor egiten dugu apustua». Euskal Herriko artistez aritu arren, horiek «nazioarteko markoan» jarri behar direla nabarmendu du Mujikak. «Euskal artistak dira, baina, atzerriko azoka eta galerietan presente daudenez, nazioartekoak ere badira».

Azoka handia da Arcokoa, eta prezioen artean ere izaten da aldea. Mujikaren hitzetan, «denetarik» izango da, bai oro har, etabai eurenean. Lanik garestiena 700.000 euroan izango dute beraiek: Richard Serraren Federal plaza 1 marrazkia. Serrak izen bereko New Yorkeko plazan jarritako eskulturatik eratorritako marrazki bat da. Hiriko alkatea aldatu zenean, hura kendu nahi izan zuten, jendearen joan-etorria oztopatzen zuelakoan. Auzia epaitegira heldu zen, eta Serrak galdu egin zuen. Halere, Mujikak azpimarratu duenez, haren ondotik ireki zen eztabaidari esker, artistek beren obrekiko eskubideak irabazi zituzten. «Horrek ekarri zuen egungo egoera, non artista baten lana saldu egiten bada ere, sortze baldintzek errespetatuak izan behar duten». Beste muturrean, Raul Dominguez artistaren lana izango da merkeena Carreras Mujicasen, 200 euro inguruan.

Obrez gain, jarduera saldoa

Beste arte azoka batzuen aldean,Mujikak dio Arco sentitzen dutela «gertukoena»: bildumagileekin bai, baina artistekin elkartzeko parada izaten baita eurentzat. Ibon Aranberri, Txomin Badiola, June Crespo eta Pello Irazu galeriakoei obrak jartzen laguntzen izan ziren, esaterako, atzo.

Duela bospasei urte zazpiraino ere iristen zen Euskal Herritik Arcora joaten ziren galerien kopurua. Baina azken urteetan Carreras Mugica izan da bakarra. «Pena». Hori sentitzen du Mujikak. «Azkenean, galeristok nahi duguna da galeria gehiago egotea, denon artean merkatu bat garatzeko, eta arte garaikidearen mundua egonkortzeko».

Galerien erakustokiek hartuko dute Ifema guneko azalera gehiena, baina askotariko jarduerek osatuko dute azokako programa; tailer, topaketa eta hitzaldiekin, batik bat. Horien artean, Bilboko Consonni ekoizpen etxeak Maider Lopez artistaren Marcapaginas proiektua aurkeztuko du gaur, eta harekin ariko da Ivan de la Nuez idazle eta kritikaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.