Carreras Mugica galeria izango da euskal ordezkari bakarra Arco arte azokan

Gaurtik igandera bitarte izango da topaketa, Madrilen. Txomin Badiola, Pello Irazu eta Asier Mendizabalen lanak izango dira han, besteak beste

Riveraren Baile de Tehuantepec, Madrilgo Arte Ederren Akademian. S. B. / EFE.
Ainhoa Sarasola.
2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Gaur irekiko ditu ateak Arco Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokak, Madrilen. Igandera bitarte, 27 herrialdetako 200 inguru galeriak hartuko dute aterpe bertan, baita 44 herrialdetatik beren lanekin iritsitako 250 bildumagilek ere. Artista, galerista, bildumagile eta adituen topaleku eta salerosketa gune ere bada, eta urtero izaten da Euskal Herriko galeriarik. Aurten, baina, bakarrak du erakustokia: Bilboko Carreras Mugika galeriak. Txomin Badiola, Pello Irazu eta Asier Mendizabalen lanak eraman ditu, besteak beste.

Madrilgo Ifema gunean, 80 metro koadroko erakustokia du Bilboko galeriak, eta bertan ikusgai jarriko dituzten obrak antolatzen zebilen atzo Ignacio Mujika, Bilboko galeriako arduradunetako bat. «Gure galeriako artisten artetik, urtean erakusketa esanguratsuak egin dituztenak eraman nahi izaten ditugu urtero», azaldu dio BERRIAri. Madrilgo Reina Sofia museoan atzera begirakoa du Badiolak, iazko irailetik; haren pieza bakar batek galeriaren espazioaren ia erdia beteko du Arcon. Irazuk, berriz, martxoan irekiko du bere obraren atzera begirako bat Bilboko Guggenheimen, eta haren hainbat lan eraman ditu Madrilera galeriak. Mendizabalek, halaber, Zegamako (Gipuzkoa) Otzaurteko baselizan iaz eginiko erakusketa ekarri du gogora Mujikak; mostra hartako piezak eraman dituzte. «Horiek hartuko dute erakustokiaren zati handiena, baina gurean ohikoak diren beste artista batzuen lanak ere egongo dira, hala nola Richard Serra, Raul Dominguez, Jon Mikel Euba, Sergio Prego...». 25 obra inguru izango dira, guztira.

Galeriak eramandako lanen artean, askotariko prezioak izango dira: Dominguezen marrazki bat izango da merkeena (300 euro), eta Jorge Oteizaren 1950eko hamarkadako pietate bat, berriz, garestiena (125.000 euro). Aurreikuspen ekonomikoei dagokienez, baikorra izan nahi du Mujikak. «Galeristen artean zurrumurrua dabil Hego Amerikatik iritsitako jende askok Madrilen etxea jarri duela, eta litekeena dela bilduma bat egiten hasi nahi izatea. Mexikarrek, han hainbeste euskal herritar egonda, euskal obrak bilatu ohi dituzte; hori da gure esperantza. Bestelakoan, hemengo merkatua zaila da». Gastu bat ere bada Arcon egotea, «baina egon beharra dago», Mujikaren ustez. «Ezin da errentagarritasunaren arabera bakarrik neurtu; halakoetara etortzeari uzten badiozu, ahaztu egiten zaituzte».

Argentina gonbidatu

Argentina da aurtengo gonbidatua, eta herrialde horretako hamabi galeria izango dira azokan. Halaber, hiru bildumagile sarituko ditu azokak: Eduardo Costantini argentinarra —zeinak Diego Riveraren Baile de Tehuantepec obra ikusgai jarri duen Arte Ederren Akademian—, Agustin Coppel eta Isabel Gomez senar-emazteak, eta Eduardo Hochschild.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.