Carreras Mugica eta Cibrian izango dira Arcoko «erakusleihoan»

Gaurtik igandera bitarte egingo da arte garaikidearen azoka, Madrilen. 185 galeria bilduko dira

185 galeria izango dira aurten Arcon. Irudian, galeristak azken ukituak ematen. JAVIER LIZON / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Erakusleiho handi bat. Hala definitu ohi dute Arco, Madrilen egiten den Arte Garaikidearen Nazioarteko Azoka. Gaur abiatu du 41. aldia, eta igandera bitartean egongo da ikusgai; artista, galerista, bildumagile, zale eta gehiagoren topagune bilakatuko da bost egunez. Aurtengoa, gainera, berezia izango da: iaz, pandemiaren ondorioz, uztailean egin behar izan zuten azoka, parte hartzaile kopurua eta nazioarteko presentzia murriztuta; hala, aurten ospatuko dute urteurrena, 40 (+1) izenburupean.

30 herrialde ingurutatik heldutako 185 galeriak jarriko dute euren erakustokia, eta hainbatetan izango dira Euskal Herriko artisten lanak. Euskal galeriek ez dute halako presentziarik izango. Bi ordezkari izango dira: Bilboko Carreras Mugica eta Donostiako Cibrian. Aste hasieran muntaketa lanetan ibili ondoren, prest dute esposizioa. «Gogotsu» daudela adierazi du Ignacio Mujikak, Carreras Mugica galeriako arduradunetako batek. «Optimismo pixka bat arnasten da. Eta hori kutsatu egiten da».

Erakustokian zer jarriko duten azaldu du: «Urtero, ordezkatzen ditugun artisten obrarik berrienak aurkezten ditugu, eta ekitaldi berezi batean parte hartuko duen norbaiten lana nabarmendu». Oraingoan, June Crespo artistarengan jarri dute arreta. Besteak beste, Veneziako Bienalean izango da, arte garaikidearen inguruko ekitaldi garrantzitsuenetako batean, eta, datorren urtean, Guggenheim museoan ere jarriko du erakusketa. «Junek sekulako bolada du. Hori aprobetxatu nahi dugu, eta haren lana erakutsi».

Euskal Herriko beste hainbat artistaren lanak ere ipiniko dituzte: Asier Mendizabal, Xabi Salaberria, Raul Dominguez, Pello Irazu, Txomin Badiola... Hogei obra pasatxok osatuko dute erakusketa. Berritasun moduan, Rafael Ruiz Balerdiren obra bat ere jarri dute, aitortza egin nahian: «1990eko hamarkadan hil zen, baina obra erabat garaikidea du, eta klera batzuk berreskuratu ditugu... Balerdiren obra peto-peto bat da». Hiru metroko formatuan eraman dute: «Harrigarria da». Mujikaren arabera, Arco «erakusleiho» handia da instituzioentzat, bildumagileentzat eta fundazioentzat, eta «bultzada» eman nahi diote Balerdiren figurari: «Artista handia da, baina Txillidarekin eta Oteizarekin bizi behar izan zuen, eta haiek lortu zuten sonarik handiena. Halakoetan, batzuk itzalean geratzen dira».

Euskal Herriko artistez aritu arren, horiek nazioarteko markoan jarri behar direla uste du Mujikak, eta horregatik lan egiten dute, hala nola Richard Serra eta Armando Andrade Tudela artistekin. «Onena da gure artistak atzerrikoekin kokatzea, nazioartean prestigioa irabazita dutenekin. Mantentzen bada eta eusten badio, nazioarteko kalitatea duelako da. Hori da gure estrategia: arte garaikideko euskal artistak, maila ikusgarria dutenak, nazioarteko marko batean jartzea, nazioartean duten pisua ere ikusteko».

Beste aldietako joerari jarraituz, Carreras Mugicaren erakustokian leku nabarmena izango du eskulturak. «Euskal artisten artean, eskultura ezinbestekoa da. Euskal arte garaikidearen erroak Oteizarengan, Txillidarengan... daude, eta horrek esnatu zuen gero etorri zen guztia». Azoka handia izanik, prezioetan ere badago aldea: lanik merkeena 300 euroan izango dute, eta garestiena, berriz, 600.000 euroan.

Euskal galerien eskasia

Hainbat euskal artista, baina bi galeria baino ez. Hori da aurten Ifema gunean sumatuko dena. Duela urte batzuk, zazpiraino ere iristen zen Arcora joaten ziren Euskal Herriko galerien kopurua. Ez da egungo errealitatea. Carreras Mugica dago programa orokorrean, eta Cibrian galeria gazteentzako Opening by Allianz sailean —bigarrenez parte hartuko du—.

Horrek «pena» ematen dio Mujikari: «Nahiago nuke gure galeria dagoen kale berean beste hamar baleude. Mesede egingo zigun guztioi. Oso bakarrik gaude». Euskal galerien pisua «oso txikia» dela dio, eta artistena, aldiz, «oso handia», «belaunaldi berezia delako, kalitate handikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.