Munduan gehien antzeztu den operen artean hirugarrena da; ez da nolanahiko marka. Carmen du izena, George Bizet konpositoreak sortu zuen, eta 1820ko Espainian girotuta dago, nahiz eta sortzailea ez zen inoiz han izan. Orain dela hamasei urte antzeztu zen azkenekoz Donostiako Musika Hamabostaldian, eta aurtengo aldian haren ekoizpen berri bat ekarri nahi izan dute. Bihar eta larunbatean izango dira saioak, 19:00etan, Kursaalean. Nazioarteko abeslariez osatutako taldeaz gain, Easo abesbatzak eta Euskadiko Orkestrak ere parte hartuko dute. Sarrerak Musika Hamabostaldiaren webgunean daude eskuragarri.
Posper Merimeer idazle frantsesaren Carmen eleberrian (1847) oinarrituta dago opera. Henri Meilhacek eta Ludovic Halevyk sortu zuten libretoa —garai hartan Parisen zeuden bi libretista onenak ziren—. 1873an hasi zen Bizet musika sortzen, eta 1875ean estreinatu zuen obra, Parisko Opera Comiquen. Istorioa Sevillan girotuta dago, 1820an. Carmen da protagonista, aske izan nahi duen emakume errebeldea. Don Jose soldadua Carmenez zeharo maitemintzen da, eta, nahiz eta emaztegaia duen, ahal duen guztia egingo du harekin egoteko. Carmenek, ordea, Escamillo toreatzailea du gustuko. Hori ez du batere ongi hartuko Don Josek, eta protagonista behin eta berriz konbentzitzen saiatuko da. Azkenean, eztabaida gogor baten ostean, Carmen erailko du soldaduak.
Estreinatu berritan, obrak ez zuen harrera onik izan, konpositoreak Espainiako musika folklorikoaren hainbat elementu modu berritzailean txertatu baitzituen. Hala ere, eztabaida hark ez zuen asko iraun, eta bai Frantzian, bai eta handik kanpo ere, segituan lortu zuen ospea operak. Miguel Perez-Sierra ekoizpenaren musika zuzendariaren ustez, «jenio unibertsala» zen Bizet: «Sinplea delako da hain ona Carmen».
Debuta
Rihab Chaieb (Carmen) eta Dymitro Popov (Don Jose) lehen aldiz izango dira Musika Hamabostaldian, eta ez dute ardura makala, operako bi rol nagusiak antzeztea egokitu baitzaie. Chaiebi emakume «harrigarria» iruditzen zaio Carmen: «Garai okerrean jaio zela iruditzen zait. Erabat apurtzailea da haren izaera; orain arruntagoa da haren moduko emakumeak ikustea». Kosta ahala kosta aske izan nahi du protagonistak, eta ez du inork gelditzerik izango, Don Josek hiltzen duen arte. «Feminizidio baten istorioa da», gehitu du mezzosopranoak. Donostian Carmenen paperean lehen aldia badu ere, aurten beste ekoizpen batzuetan ere izan du ardura hori: Glyndebourneko jaialdian —Diane Paulus zuzendariaren ekoizpen berrian— izan da, eta Londresko Royal Albert Hall aretoan ere izango da datorren abuztuaren 29an.
2013an erakarri zuen nazioarteko arreta Popovek, eta geroztik gelditu gabe ibili da hainbat ekoizpenetan lanean. New Yorkeko Metropolitan Operan, San Petersburgoko (Errusia) Mariinsky antzokian, Torinoko (Italia) Teatro Region eta Berlingo Deustche Operan izan da, besteak beste. Maitasunak zeharo itsututa, Carmenekin egoteko edozer egiteko prest dagoen gizonezkoa antzeztu behar du Popovek. «Maitasunak guztiz suntsitzen du Don Jose», adierazi du.
Partehatzaile euskaldunak ere izango ditu operak. Abeslarien artean, Miren Urbieta-Vega, Mikel Zabala eta Aitor Garitano izango dira. Urbieta-Vega Mikaela izango da, Don Joseren emaztegaia. Hura Carmenez maitemindutakoan, ordea, utzi egingo du. Soldadua gehien ezagutzen duen pertsonaia izango da Mikaelarena; eta hark erokeriak egitea saihestu dezakeen bakarra. Urbieta-Vega: «Opera iluna da Carmen, eta Mikaelak txanponaren beste aldea erakusten du. Argitasuna ematen dio kontakizunari, eta Don Joseren aurreko bizitza azaltzen du». Halaber, Don Jose aurreko bizitza horretara eramaten ahalegintzen da bikote ohia, arrakastarik gabe, baina.
Zabalak Zuñigaren rola antzezten du. Besteak beste, Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako aretoetan egin du bere ibilbidea. Garitano hasiberria da operaren munduan, baina hainbat ekoizpenetan parte hartzeko aukera izan du. Bakarlari gisa, Juan Carlos Perezen Saturraran operan aritu zen lehen aldiz —ekainaren 20an estreinatu zen, Bilboko Arriaga antzokian—. Oraingoan, Remendado izango da.
Euskal estetika
Beste aldi batzuetan bezala, Euskadiko Orkestrak eta Easo abesbatzak hartuko dute parte opera emanaldian. Abesbatzari dagokionez, ia ehun pertsona elkartuko dira; bai haur, bai heldu. Gorka Miranda Easo abesbatzako zuzendariak aipatu du abesbatza «oso presente» dagoela ikuskizunean, eta tramari forma ematen laguntzen diola. Easo Eskolania haur taldea ere arituko da, lehen ekitaldiko Avec la garde montante (guardiekin) martxa militarra abesteko.
Emilio Lopez izan da eszenografiaren arduraduna. Aurretik ere jaialdian aritutakoa da; 2019an berak sortu zuen Pucciniren Madama Butterfly-ren ekoizpena. Bai jantzi, bai eta dekoratuetarako, Espainiako 1950eko hamarkada irudikatu nahi izan du Lopezek; 36ko gerraoste bete-betea. Horretarako, euskal familiak hartu ditu inspiraziotzat. Naiara Beistegi izan du lankide—jantzien diseinuaz arduratu da—, eta haren familiaren aspaldiko argazkiak ikusi ondoren hartu zuen erabakia. Ekoizpena Euskal Herrian aurkeztuta, euskal herritarrei keinu egiteko modu bat dela adierazi du. «Nik 50eko hamarkadan kokatu dut, baina edozein garaitan islatu daiteke operaren mezua; aske izan nahi duen emakumearena».