Munduko hamaika txokotako emazte protagonistak, hamaika istoriorekin. Hainbat herrialdetarik ekarriko dituzte lanak Fipadoc jaialdira, hainbat aldarriz eta gai ezberdinez koloreztatzeko pantaila. Asteartean hasiko da, hilaren 21ean, eta 26 arte iraunen du Miarritzeko (Lapurdi) bost gunetan: Gare du Midi gelan, Kasinoan, Koliseoan, Royal zinema gelan eta Auditoriumean.
Justizia sozialaren aldarriak finkatzen du ildoa. Munduko leku ezberdinetan izanik ere zapalkuntza berdintsu jasaten dutenei lekua uzten diete jaialdian,eta irudiek berek dute salatzen. Hori da Fipadoc. Eta lehen lerroan, mundu osoko emazteak.
Lehen lerrora ekarriko dituzten emakumeen artean, gonbidatu berezi bat dago: Carmen Castillo.1945ean Txilen sortua, Salvador eta Beatriz Allenderekin lan egina, eta MIR Ezker Iraultzailearen Mugimenduan militante aritua luzaz. Miguel Enriquez MIReko burua zuen senar. Augusto Pinocheten poliziak 1974ko urriaren 5ean hil zuen arte. Egun hartan, Castillo bera ere atxilotu eta kolpatu zuten. Haurdun zegoen. Azkenean, Txiletik kanporatu zuten. Londresko erbestean jaio zitzaion semea; berehala hil ere bai.
Castillok egin dituen dokumentaletako bost erakutsiko dituzte Fipadocen. Lehena, Chili 1973, une ambassade face au coup d'Etat (2019), asteartean, 14:00etan, Kasinoan. Bigarrena, On est vivants (2015), asteazkenean, 10:00etan, Kasinoan. Daniel Bensaid filosofo eta militantearekin egin elkarrizketa politiko zein intimoa azaltzen da bertan. Asteazken berean, 18:45ean, Auditorumean, Rue Santa Fe (2007) emango dute. Dokumental horretan, Castillok berak kontatzen du senarra zenarekin urratutako borroka eta maitasun bidea, oroitzapenak eta artxiboetako irudiak aldizkatuz. Ostegunez, La Flaca Alejandra emango dute Auditoriumean, 18:00etan. Torturapean lagunak —tartean, Castillo bera— salatu zituen La Flaca ezizeneko militantearen lekukotza agertzen du. Azkenik, La véridique légende du sous-commandant Marcos (1995) erakutsiko dute gaur zortzi, Auditoriumean, 15:00etan.
Sailak eta lehiaketak
Sei eguneko programazio joria du Fipaco jaialdiak; betea eta askotarikoa. Nazioarteko saila, Frantziako estatukoa, dokumental laburrena, musikalena... eta badago besterik oraino. Inpaktu saila, esaterako. «Justizia sozialaren, giza eskubideen eta ingurumenaren zaintzaren alde» agertzen diren dokumentalen atala. Sailikgehienetan lehiaketak antolatuak dituzte, eta Inpaktu sailean hamar bat lehiatuko dira. Laura Coppensek zuzenduriko Le gout de l'espoir da bat. Lipton enpresako langileen esperientzia kontatzen du: multinazionalak usina utzi ostean, langileek te enpresa berriz martxan jartzea lortu zuten, kooperatiba bat sortuta.
Halaber, Inpaktu sailean lehiatuko dira, besteak beste, Sung-A Yoon zinemagilearen Overseaseta Nicolas Bliesek eta Stephane Hueber-Bliesek zuzenduriko Zero Impunity. Yoonek Filipinetako hainbat emazteren ibilbidea jarri du iruditan. Anitz doaz atzerrira haur zaindari edo etxeko garbitzaile gisa, eta joan aitzin jasotzen duten formakuntzaz egin du dokumentala. Etxeko lanak nola egin ikasteaz gain, pairatuko dituzten zapalkuntzei eta herriminari aurre egiteko prestatzen dute beren burua. Zero impunity-n, berriz, gerra krimenetako biktimei ematen zaie hitza; batez ere, sexu erasoak jasan dituztenei.
Dokumental musikalen sailean ere, beste hamar bat lan sartu dituzte lehiaketan. Hala, azken lau urteotan ospitale psikiatrikoan dagoen pianista baten bizipenak dakartza argira Solo dokumentalak, sorkuntza musikala eta eritasuna aipatuz. Jacob Frossen egilearen The Heart is a Drum ere lehian sartuko da. Klaus Dinger bateria jotzaileari buruz egin du dokumentala Frossenek, maitasun penak gainditzeko bateria estilo berri eta errepikakorra sortu baitzuen: Motorik-a.
Badaude lehiaz kanpoko sailak ere. Sorkuntza frankofonoaren panorama biltzen duena, esaterako. Gehien-gehienak Frantzian ekoitziak dira —Olivier Zabaten eskizofreniari buruzko Arguments, adibidez—, baina badira beste hainbat herrialdetakoak ere. Burkina Fasoko Aicha Chloe Bororen Le Loup d'or de Balolé aurkeztuko dute, konparazione.
Ohartu Gatzaie sailean, berriz,Incendies géants : enquête sur un nouveau fléau eta Rwanda, un génocide en héritage. Paroles de jeunes dokumentalak ikusi ahalko dira, besteak beste. Lan horrek Rwandako genozidioak utzi duen mamuari eman dio lekua, genozidioa bizi izan dutenen seme-alabak mintzo baitira gertatu zenaz eta bizi dutenaz.
Suediako dokumentalgintzari eskainitako atala ere bada. Herrialde horretako ekoizpena «sortzaileenetarik bat» dela uste dute Fifadocen antolatzaileek, eta azken bi urteotan han egindako zazpi dokumental ekarriko dituzte Miarritzera. Bi aipatzekotan, Fredrik Gerttenek zuzendu duen Push —hiri handietako etxebizitza prezioaren problematika du mamia— eta Mating —sare sozialak eta amodioaren gaia korapilatzen ditu—.
Profesionalentzako tartea
Zinemazaleentzat soilik ez, sektoreko profesionalentzat ere «topagune» izatea nahi lukete Miarritzeko jaialdiaren antolatzaileek. Asmo horrekin programatu dituzte profesionalentzako lau egun berezi. Elkarlana «bultzatzeko» parada dela uste dute. Egunotan, gogoetak garatu nahi dituzte hainbat gairen inguruan eztabaidatuz: dokumentalak egiteko manera, sorkuntza numerikoaren ibilbidea, elkarlanerako bideak eta dokumentalen geroa, besteak beste.
Carmen Castillo txiletarraren lana, aurtengo Fipadoceko bitxietako bat
Datorren astean iraganen da Miarritzeko Fipadoc dokumental jaialdia. Ehundik gora lan izanen dira ikusgai, hilaren 21etik 26ra bitartean. Suediako dokumentalgintzari atal bat eskainiko diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu