Artea

Carmelo Ortiz de Elgea margolaria hil da

Bere paisaiengatik eta obra koloretsuagatik egin zen ezagun pintore gasteiztarra, Euskal Herriko artista nabarmenetako bat bilakatzeraino. 80 urterekin zendu da.

Carmelo Ortiz de Elgea, bere margolanetako baten ondoan, 2016an, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Carmelo Ortiz de Elgea, bere margolanetako baten ondoan, 2016an, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2025eko urtarrilaren 11
21:03
Entzun

«Natura da nire pinturaren motor nagusia». Carmelo Ortiz de Elgeak (Gasteiz, 1944) sarritan eraman zuen naturaren aldakortasuna bere margolanetara. Paisaiak marrazten hasi zen, eta, bere ibilbide luzean alde batera utzi bazituen ere tarteka, sarri itzuli izan zen paisaiak irudikatzera. «Naturan besteko aberastasunik ez dut beste inon ikusten, eta ezta han bezainbeste ideiarik eta aldaketarik ere. Natura oso bortitza da. Naturaren aurpegi latz, gordin eta ikaragarri hori interesatzen zait. Dramatismo hori. Oso sakon heltzen zait». Bere obra koloretsuengatik nabarmendu zen pintorea, euskal artistarik garrantzitsuenetako bat bilakatzeraino. Gaur zendu da, 80 urterekin, eta obra oparo bat utzita, haren alaba Dorleta Ortiz de Elgea pintoreak sare sozialen bidez jakinarazi duenez.

Gasteiz ondoko Aretxabaleta herrian igaro zituen haurtzaroa eta gaztaroa —gerora ere bertako pabiloi handi batean margotu izan zituen bere koadroak—; bere kasa ikasi zuen pintatzen. Gerora osatuko zuen ibilbide luzean, natura bezalaxe, aldakorra izan zen haren pintatzeko modua ere. Hain zuzen, paisaiak pintatuz hasi zuen bere bidea umetan. Ondoren, 1960ko hamarkadan, Arabako Orain taldea bultzatu zuen beste hainbat artistarekin batera, eta bestelako bideak esperimentatzen ere hasi zen. «Sorpresa bilatu dut beti. Ez ideia bat eduki eta hura islatzea, baizik eta margotu ahala sortzen dena harrapatzea. Horregatik egin ditut hainbeste estilo aldaketa. Gauza berriak bilatzeagatik; oihalean sorpresa topatzeagatik», aitortu zuen margolariak 2016an, Bilboko Arte Ederren Museoak eskaini zion atzera begirako erakusketa zabalaren aurkezpenean. Haren lau hamarkadako ibilbidea laburbiltzen zuten 50 pieza handi jarri zituzten orduan ikusgai.

Carmelo Ortiz de Elgea
Carmelo Ortiz de Elgea margolaria, Bilboko Arte Ederren Museoak 2016an eskaini zion atzera begirako erakusketan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

1970eko urteetan margolan koloretsu eta ia abstraktuak landu zituen, eta, abangoardiako hainbat estilo probatu ondotik, krisi sasoi batean sartu zen 1980ko hamarkadan. Haurtzaroko irudietan topatu zuen bolada horretatik ateratzeko bidea, eta paisaiak irudikatzeari heldu zion berriro. Tarte batez abandonatu zuen figurazioari ere orduan heldu zion atzera. Eta bere ibilbidea osatuz segitu zuen handik aurrera, margolan handiak sortuz sarritan. Bilbon ikusgai egon zirenen modukoak. Orduko hartan aitortu zuenez, handi aritzea maite baitzuen berak. «Naturaren antza izan dezaten da hori. Zuhaitz bat marraztean, adibidez, ez dut ñimiño irudikatu nahi; kasik-kasik bere dimentsio osoan nahi dut, bere handitasunean».

Carmelo Ortiz de Elgea
Ortiz de Elgearen margolan handietako beste bat, Bilboko museoan ikusgai egondako garaian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.