Carme Pinosi erreparatuko dio Mugak arkitektura biurtekoak

Azaroan egingo dute biurtekoaren hirugarren aldia. Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira ekitaldiak.

Carme Pinos arkitekto kataluniarra, artxiboko argazkian. ERICK / EFE.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
ARKITEKTURA. Carme Pinos arkitektoari eskainitako erakusketa bat izango da aurtengo Mugak arkitektura biurtekoaren ekitaldi nagusia. Azaroan egingo dute biurtekoaren hirugarren aldia, eta Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan izango da ikusgai erakusketa, Donostiako Santa Teresa komentu zaharrean. Nolanahi ere, eta aurreko aldietan egin bezala, ekintzak antolatuko dira Bilbon, Donostian, eta Gasteizen. Ondasuna eta modernitatea izango da aurtengo gaia, eta hura izango da, beraz, ekitaldi eta jardueren ardatz nagusia.

Askoren esanetan, Carme Pinos (Bartzelona, 1954) azken hamarkadetako arkitektorik garrantzitsuena da. Nazioartekoan ibilbide luzea egindakoa da. Enric Mirallesekin batera eman zituen lehen pausoak, 1980eko hamarraldian. Senarra zuen garai hartan Miralles, eta harekin batera egin zituen, besteak beste, Igualadako hilerriko eraikina edo 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetako Arku Tiro Zentroa. Eraikin horiek erreferentziazko bilakatu dira gaur egungo arkitekturan.

Pinosek, ordea, bakarkako bideari ekin zion gero, bere estudio propioa eratu zuenean. Frantzian, Australian eta Mexikon eraikin ezagun batzuk egin zituen, eta ospe handia eskuratu zuen haiei esker. Haren lan garrantzitsuenen artean daude, besteak beste, Zaragozako Caixa Forum eraikina, Bartzelonako Gardunya plazaren birmoldaketa eta Alacantekogimnastika erritmikoko zentroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.