Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak hogei egun eman dizkio Gipuzkoako Aldundiari Pablo Maloren Lasa eta Zabala eta Asier Altunaren Amama filmei emandako diru laguntzen txostenak helarazteko. Aldundiak lan bakoitzari 100.000 euroko laguntza eman zion, ekoizpen eta hedapen gastuetarako.
Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketak kontatzen ditu Lasa eta Zabala filmak. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten, lehiaketaz kanpo, eta 70.000ikusle baino gehiagok izan ditu dagoeneko. Amama, berriz, ez da oraindik iritsi pantailetara. Filmaketa lanak amaituta, muntaketa fasean dago Altunak zuzendutako lan hori; baserria ulertzeko bi moduren arteko talka da kontaketaren ardatza.
Urkijoren «jazarpen etengabea» salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, «bereziki euskarari lotutako gaien inguruan». Hala ere, nabarmendu du euskararen aldeko neurriak hartzen jarraituko duela, «Gipuzkoa euskaldunagoa izan dezagun».
Lasa eta Zabala filmaren estreinaldiak oihartzun handia izan zuen Donostiako Zinemaldiaren iazko ekitaldian. Filmak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ETBren laguntza jaso izana kritikatu zuen hainbatek. Filma aurkeztean, Malok adierazi zuen ez zuela «panfleto bat» egin nahi izan. «Ez dut istorio politikoegia kontatu nahi izan, gertatutakoaren bueltako aldagaiak nahiko politikoak zirelako berez. Gidoigilearekin [Joanes Urkixo] hitz egin nuenean, argi neukan istorio honi sentipenetatik heldu behar geniola, bakoitzaren iritzi politikoak gorabehera».
Carlos Urkijok bi filmi emandako laguntzen txostenak eskatu ditu
Gipuzkoako Aldundiak 'Lasa eta Zabala'-ri eta 'Amama'-ri emandako babesa aztertu nahi du.Aldundiak «jazarpen etengabea» salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu