Zinema

Carla Simonen 'Alcarràs' filmak irabazi du Urrezko Hartza

Hong Sang-sooren 'So-seol-ga-ui yeong-hwa' lanari eman diote epaimahaiaren sari nagusia Berlinalen, eta Claire Denisek lortu du zuzendaririk onenaren Zilarrezko Hartza.

'Alcarràs' filmaren lantaldea, Urrezko Hartzarekin (Simon, bigarren, eskuinetik hasita). SASCHA STEINBACH / EFE
Andoni Imaz
2022ko otsailaren 16a
20:29
Entzun

Carla Simon zinemagileak (Bartzelona, 1986) opera prima onenaren saria irabazi zuen 2017ko Berlinalen, Estiu 1993 filmarengatik; gaur, zinemaldiko sari nagusia eman diote Alcarràs haren bigarren lanari. Kataluniako landa guneko herri bat da Alcarras, eta hango nekazari familia bati buruzkoa da filma. 80 urtean beren lurrak lantzen aritu eta gero, azken uzta biltzeko elkartuko dira etxeko denak. Katalanez filmatu dute. Saria jasotzean, beren lurrak «mimoz eta maitasunez» lantzen dituzten nekazariak goraipatu ditu Simonek. Hegoaldean, datorren apirilaren 29an estreinatuko dute filma.

Hong Sang-soo korearraren So-seol-ga-ui yeong-hwa (The Novelist's Film) lanari eman diote epaimahaiaren sari nagusia, eta Natalia Lopez mexikarraren Manto de gemas-i, berriz, epaimahairen saria. Hong nazioarteko zinemagilerik emankorrenetako bat da: hirugarren urtez jarraian irabazi du sari bat Berlinen.

Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Hartza Claire Denisi eman diote, Avec amour et acharnement filmarengatik. Andreas Dresenen Rabiye Kurnaz gegen George W. Bush lanak bi sari irabazi ditu: gidoi onenaren Zilarrezko Hartza eman diote Laila Stielerri, eta aktore protagonistarik onenarena Meltem Kaptani.

Taldeko aktorerik onenaren saria, berriz, Laura Basukik irabazi du, Kamila Andiniren Nana filmean egindako lanarengatik. Ekarpen artistiko onenaren Zilarrezko Hartza Rithy Panh kanbodiarraren Everything Will Be OK dokumentalari eman diote.

Bestalde, film laburren atalean, Lois Patiño galiziarraren El sembrador de estrellas filma saritu dute: lan horrek ordezkatuko du Berlinale Europako Zinema Sarietan. Tokioko gaueko unibertsoan egindako bidaia «oniriko eta espiritual» bat da, eta Xabier Erkizia musikagile eta ikerlaria arduratu da soinuaz.

Encounters sailean, Ruth Beckermann austriarraren Mutzenbacher dokumentalari eman diote filmik onenaren saria. Epaimahaiaren sari berezia Mitra Farahaniren À vendredi, Robinson lanak irabazi du, eta zuzendaririk onenarena, berriz, Cyril Schaubilen Unrest filmak.

Berlingo 72. zinemaldia berezia izaten ari da; sariak gaur eman dituzten arren, jaialdiak filmak pantailaratzen jarraituko du hilaren 20ra bitarte. Hemezortzi filmek parte hartu dute Sail Ofizialean, eta M. Night Shyamalan zinemagilea izan da epaimahai ofizialeko burua; aldamenean izan ditu Karium Ainouz, Anne Zohra Berrached, Tsitsi Dangarembga eta Ryusuke Hamaguchi zuzendariak, Said Ben Said ekoizlea eta Connie Nielsen aktorea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.