Carla Simonek opera prima-rik onenaren saria irabazi zuen 2017ko Berlinalen, Estiu 1993 filmarengatik; atzo, zinemaldiko sari nagusia eman zioten Alcarràs bere bigarren lanari. Kataluniako landa eremuko herri bat da Alcarras, eta hango nekazari familia bati buruzkoa da filma. 80 urtean beren lurrak lantzen aritu eta gero, azken uzta biltzeko elkartuko dira denak. Saria jasotzean, beren lurrak «mimoz eta maitasunez» lantzen dituzten nekazariak goraipatu zituen Simonek.
Hong Sang-sooren So-seol-ga-ui Yeong-hwa (The Novelist's Film) lanari eman diote epaimahaiaren sari nagusia, eta Natalia Lopez mexikarraren Manto de gemas-i, berriz, epaimahairen saria. Hong nazioarteko zinemagilerik emankorrenetako bat da: hirugarren urtez jarraian irabazi du sari bat Berlinen.
Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Hartza Claire Denisek irabazi du, Avec amour et acharnement filmarengatik. Andreas Dresenen Rabiye Kurnaz gegen George W. Bush lanak bi sari lortu ditu: gidoirik onenarena (Laila Stieler) eta aktore protagonistarik onenarena (Meltem Kaptan).
Taldeko aktorerik onenaren Zilarrezko Hartza, berriz, Laura Basukik irabazi du, Kamila Andiniren Nana filmean egindako lanarengatik. Ekarpen artistikorik onenaren Zilarrezko Hartza Rithy Panh kanbodiarraren Everything Will Be OK dokumentalari eman diote.
Berlingo 72. Zinemaldia modu berezian gertatzen ari da; sariak atzo eman zituzten arren, jaialdia filmak pantailaratzen arituko dahilaren 20ra bitarte. Hemezortzi filmek parte hartu dute Sail Ofizialean, eta M. Night Shyamalan zinemagilea izan da epaimahai ofizialeko burua; aldamenean izan ditu Karium Ainouz, Anne Zohra Berrached, Tsitsi Dangarembga eta Ryusuke Hamaguchi zuzendariak, Said Ben Said ekoizlea eta Connie Nielsen aktorea.
Carla Simon zinemagile katalanaren 'Alcarràs'-ek irabazi du Urrezko Hartza
Hong Sang-soori epaimahaiaren sari nagusia eman diote Berlinalen, eta Claire Denisek eskuratu du zuzendaririk onenaren Zilarrezko Hartza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu