Efemeridea alde izan du, azkenean. Aurten 75 urte dira Arturo Campion pentsalari nafarra hil zela, eta hari buruzko ikerketa bat kaleratu berri du Emilio Majuelo historialariak orain. 2006an irabazi zuen Majuelok Eusko Ikaskuntzak egindako Arturo Campion beka deialdia, eta orduan hasitako lanaren emaitza da liburua: La idea de historia de Arturo Campion (Arturo Campionen historiaren ideia). «Ez da ohiko biografia bat», dio egileak, «biografia intelektual bat baizik». Pentsalari nafarraren historiari buruzko ideien jatorria eta bilakaera azaldu nahi izan duela, alegia. «Halakoen hutsune handia dago euskal historiagintzan».
Majuelok urte bat hartzen du Campionen pentsamenduaren abiapuntutzat: 1876a. Zehazki, Euskal Herrian karlisten eta liberalen artean izandako guda amaitu zen urtea. «Baskongadetako foruak moldatzea eta Nafarroakoak negoziatzea ekarri zuen gerra hark, eta oso garrantzitsua da hori kontuan hartzea. Campion ez zen ez karlista, ezta tradizionalista ere. Ideologia liberal errepublikano eta federalekoa zen, eta boluntario ere izan zen gudan. Pentsa liteke hark eta haren belaunaldikoek garaile sentitu behar zutela liberalak ziren heinean, baina Euskal Herrian ez zen halakorik gertatu; garaipenean galtzaile sentitu ziren. Porrot sentimendua nabarmena zen haien artean, euskal foruak deseginda gelditu zirelako».
Horrek markatu egin zituen garai hartako pentsalari asko. Baita Campion ere. «Hori izan zen haren borroka aurrerantzean; Euskal Herritzat zuena berreskuratzea, nafar nazioa berreskuratzea. Foruak desagertu aurreko instituzioak berreskuratzea». 1876an, Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas en Navarra liburua atera zuen (Nafarroako karlisten eta arazo foralaren inguruko gogoetak), eta hor ageri dira jadanik ideia horiek. «Haren ibilbide osoaren laburpena da lan hori, eta Campionek ere onartu zuen hura izan zela beti bere bide orria», dio Majuelok.
Majuelok bi giltza aipatzen ditu Campionen gogoetetara heltzeko: izate nazionalen instituzioen errespetua eskatzen duen foruzaletasuna, batetik; eta katolizismoa, bestetik. «Bi printzipio nagusi horiek gidatzen dute haren jokaera politiko eta morala». Dena den, historiak Campionentzat duen garrantzia ere giltzarri da. Garai harekin bat zihoan.«Historiaren mendea da XIX.a. Diziplina horretaz baliatu ziren pentsalari asko, garai hartan, beren proiektu politiko, kultural eta zientifikoak sustatzeko». Historia da Campionen pentsamendu osoaren ardatza ere, Majueloren hitzetan: «Haren sorkuntza intelektual eta literarioaren arteko zubi lanak egiten ditu haren historiaren ikuspegiak».
Humboldten itzala
Ez zuen idatzi historiari buruz zituen iritziak propio biltzen zituen testurik, baina, hala ere, pentsalari nafarraren lanen osotasuna hartzen du historiaren kontzeptuak. Haren literatura lanak, kazetaritza testuak eta eskutitzak blaituta daude historiaz, Majuelok azaldu duenez. Horregatik, testuz testu lan egin behar izan du. Bitan banatu du liburua. Lehen atalean, Campionen bizitza aztertzen du egileak; haren prestakuntza, lagun giroa, irakurketak... Bigarren atalean, berriz, Campionen gogoeta historiografikoen iturri eta eragin nagusietan murgiltzen da ikerketa.
Parisen izan zen Campionen aita, eta, gazte zenerako, frantsesa menderatua zuen. Eta Frantziako hiru historialari izan ziren pentsalari nafarraren oinarri nagusiak: Jules Michelet, Edgar Quinet eta Hippolyte Taine. Alemaniako pentsalarien eragina ere heldu zitzaion, gainera, haien bidez. «XIX. mendeko pentsalari alemaniarrik handienak daude Quinet, Taine eta Micheleten atzean». Esaterako, Alexander von Humboldt hizkuntzalari eta garai hartako humanista ezagunaren itzala nabarmendu du Majuelok. Eta baita Johann Gottfried Herder ere. Sakona izan zen pentsalari horien eragina, baina esaldi batean laburtzen saiatu da Majuelo: «Edozein kultura da kultura unibertsal bat. Ez dago hoberik eta okerragorik. Gainera, badu Herderrek hori azaltzeko metafora eder bat. Dioenez, kultura bakoitzak bere barruan du grabitate zentroa». Eta horrexen alde zegoen Campion ere.
Kultura eta politika ere eskutik ulertzen zituen Campionek, eta adibide bat aipatu du Majuelok, horren frogatzat: Asociación Euskera de Navarra izenekoa sortu izana. 1936ko gerraren ondoren sortu zen elkarte kultural hura, gerra egoera deklaratuta zegoenean. «Elkarteak helburu espresuki kulturalak zituen egoera hartan. Giro hartan, ez zegoen foruen alde aritzerik, baina gerra egoera desagertu bezain azkar egin zuen estatutuak aldatzearen aldeko proposamena, herriaren behar politikoei erantzun ahal izateko».
Abertzaletasuna
Hamaika alderdi politiko eta elkarte kulturaletan aritu zen Campion bere ibilbide osoan; alderdi foruzalea sortu zuen; Iruñeko hautetsi izan zen; EAJko kide... Majueloren ustez, gaizki ulertu dira aldaketa horiek. «Beti izan zuen jarrera bera, baina unean-unean jakin zuen bide ezberdinak aukeratzen ideia horien alde egin ahal izateko». Jarrera politiko argia izan zuen beti pentsalari nafarrak, historialariaren hitzetan. «Sabino Arana agertu baino askoz ere lehenago, abertzale izan zen Campion, arrakasta politikorik izateko aukerarik ez bazuen ere».
Majuelorentzat, gaur egun ere interesgarria da autore nafarraren irakurketa, ematen baitu zer pentsatua. Baina, dioenez, ezin da egungo egoerarentzako erantzunik espero testu horietan. Eta mezu hori dute liburuko azken hitzek ere: «Campion hibernatzen egon zen hainbat hamarkadatan, diktadura frankistak iraun zuen artean izandako glaziazio kulturalean. Esnatu eta kalera atera zenean, diziplina historikoa beste aro batean zegoen».
Liburua eskuratu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.eusko-ikaskuntza.org
Campionek historiari buruz zuen ikuspegia aztertu du Emilio Majuelok
Pentsalari nafarraren biografia intelektuala egin du historialariak, haren ideiek Europatik jasotako eragina ikertuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu