'Caminho Longe' gaur iritsiko da hainbat zinema aretotara

Deportaturik 33 urte igaro ostean, ETAko kide izandako Alfonso Etxegarairen itzulera du hizpide dokumentalak

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
ZINEMA. Gaurtik aurrera, Bilbo, Donostia, Iruñe eta Gasteizko nahiz Bartzelonako hainbat zinema aretotan ikusi ahal izango da Txaber Larreategik eta Josu Martinezek zuzendutako Caminho Longe dokumentala. Donostiako 68. Zinemaldian aurkeztu zuten filma, iazko irailean. Orain, zinema aretoetan estreinatzeko garaia heldu zaio.

ETAko militante izandako Alfonso Etxegarairen itzuleraren kontakizuna egiten du filmak: Sao Tome irlan deportatuta 33 urte egin ostean, Euskal Herrira bueltatzeak ixten duen zikloa du hizpide dokumentalak. Horrekin batera, denbora horretan guztian lagun izan duen Kristiane Etxaluz eta bien arteko harremana ere hartzen du ardatz filmak.

Larreategik eta Martinezek elkarlanean zuzendutako bigarren lana da —Sagarraren denbora dokumentala izan zen lehenengoa—. Hibai Castro Egiak filmatu du, eta Adabaki Ekoizpenak taldeak ekoitzi, IPES, Gastibeltza Filmak eta Zinez-en laguntzarekin. Mezenasgo kanpaina baten bidez lortu zuten ekoizpena finantzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.