Camille Chopin artistak Altxaliliko protagonistak erakutsiko ditu gaurtik ‘Bai ala bai’ erakusketan, Baionan

Atalante zinema gelan estreinatuko du argazki erakusketa, eta urtarrilaren 14ra arte egonen da ikusgai. Altxalili 'drag' kabareteko arizaleei atera argazkiak dira.

'Bai ala Bai' erakusketako irudi bat. CAMILLE CHOPIN
'Bai ala Bai' erakusketako irudi bat. CAMILLE CHOPIN
Iñaki Etxeleku.
2024ko azaroaren 28a
16:30
Entzun

Bai ala Bai erakusketa Euskal Herrian erroturik dago. «Beren lurraldean eta jendartean tokia hartu eta segurtamenez agertzen direnak agerian» ematen dituen erakusketa bat dela dio aurkezpenean Chopinek. Argazki serie bat muntatu du, zeinetan Altxalili drag kabareteko zortzi lagun agertzen baitira. Barnealdeko zortzi gazte, «oholtza gainera igotzeko elkartu direnak» queer mugimenduko kide direla aldarrikatzeko, «beren euskal nortasuna ukatu gabe, edo kontrakoa», hori ere aldarrikatuz.

Chopinek Altxaliliko kide bakoitza drag show-a eginez bizi den herriko gune batzuetan atera du argazkitan. Modu horretan agertuz, «baserrialde hutsa den lurralde horretan ordu arte ikusi ez ziren modelo bilakatu nahi dute».

Bai ala bai-k «etsi nahi ez duten» pertsonak eman nahi ditu argitan; «beren nortasuna hautsi-mautsirik gabe bizitzea hautatzen duten» pertsonak. Baztertua izatetik onarpenerainoko bidean, Chopin argazkilariak «batzuek hartu duten bide ausart eta ohiz kanpoko hori» nahi izan du dokumentatu. Eta, horrekin, «gaurko borrokak biharko eskubideen oinarriak» direla adierazi nahi luke.

Hortik doa erakusketaren izendatzea ere. Bai ala bai erranez haratik ez honatik ez dela erran nahi baitute goraki: «Beste aukerarik ez da: hori da edo deus ez» baliote bezala.

Zirkutik argazkira

Oso gazterik sartu zen zirku eskolara Camille Chopin. «11 urtetan sartu nintzen, eta 22 urtetan atera». Ikuskizun Artegintzan lizentziatu zen ondotik, baina COVID-19aren pandemiaren denboran deliberatu zuen argazkilaritza lantzea artoski. Ofizio ere bilakatu zaio geroztik.

Nolako argazkilaritza erabiltzen duen esplikatu du: «Maiz txuri-beltzean eta analogikoan ari naiz; dokumentalaren eta portretaren artean banabil ixtaklok». Bai ala bai erakusketarekin, ikuskizun mundua eta nortasun aldarrikapena juntatu ditu Altxaliliko lagunekin. Gaur izango da estreinaldia, Baionako Atalante zinema gelan, 18:30ean, eta urtarrilaren 14ra arte ikusten ahalko da bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.