Musika

Camera Obscura, bide berri baten hasieran

Carey Lander taldekidearen heriotzaren ondorioz, banda eskoziarrak bere ibilbidea eten zuen 2015ean. ‘Look to the East, Look to the West’ diskoarekin itzuli da aurten.

Camera Obscura taldeko bost kideak.
Camera Obscura taldeko bost kideak.
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 12a
05:30
Entzun

Orain dela ia bederatzi urte, 2015ko urriaren 11n, Carey Lander hil zen. Camera Obscura Glasgowko (Eskozia) pop taldeko teklatu jotzailea zen Lander, eta hala taldekideek nola jarraitzaileek oso maitatua eta preziatua. Berri lazgarri haren ondorioz, taldeak ez zuen indarrik izan aurrera egiteko. Tracyanne Campbell aldeko abeslariak aitortu du ezinezkoa egin zitzaiela. «Badakit Careyk berak nahiko zuela guk jarraitzea eta beste disko bat grabatzea, eta gure artean hitz egin ere hitz egin genuen, baina ez genuen horretarako nahikoa indarrik. Talde oso estu eta lotua osatzen genuen». Lander hil zenetik bederatzi urtera, baina, disko berri batekin itzuli da Camera Obscura: Look to the East, Look to the West (Merge).

Camera Obscurak 2000ko hamarkadaren hasieran eman zuen ezagutzera bere burua, eta hasieratik nabarmendu zen malenkonia nahiz bizi gogoa islatzen zuten pop kantuen bitartez, nahiz eta hasieran taldearen erreferentziak oso agerikoak ziren —batik bat Belle and Sebastian herrikideena—.  Let’s Get Out of This Country (2006) hirugarren diskoarekin, ordea, aurrerapauso nabarmena eman zuen taldeak, eta, estiloz aldatu gabe, aurrekoak baino lan askoz biribilagoa osatu zuen, nortasun propioa erakusten zuena, baina, batik bat, melodia distiratsuak biltzen zituena. Lan hartan zegoen Camera Obscuraren kanturik ezagunena,  Lloyd, I’m Ready to Be Heartbroken, Lloyd Colek bi hamarkada lehenago idatzitako Are You Ready to Be Heartbroken abestiari emandako maitasunezko erantzuna.

Baina Lander hil, eta kito. Camera Obscura isildu zen. Campellek disko bat grabatu zuen Danny Coughlanekin (Tracyanne & Danny, 2018), baina 2019an Stuart Murdockek (Belle and Sebastian) gonbidapena egin zion Campbelli Camera Obscura berrosatu eta hark antolatutako Boaty Weekender jaialdi nautikoan parte hartzeko. Itsasontzi batean zen egitekoa festibala, lau egunetan eta Mediterraneoan, eta hara batu ziren, besteak beste, Mogwai, Buzzcocks, Teenage Fanclub eta Yo La Tengo. Baita, azkenean, Camera Obscura ere. «Taldeak denbora zeraman elkarrekin jo gabe, eta oso urduri geunden. Baina inoiz izan dudan esperientziarik ederrenetakoa izan zen. Orduan konturatu ginen jendeak maite gaituela». 

Kontzertu hartan Donna Maciocia batu zitzaion taldeari teklatuekin, eta, Campbellek aitortu duenez, ezinbestekoa zitzaien «haize berria» eraman zien. «Hasieratik maitagarria egin zitzaigun, eta berehala ohartu ginen ez gindoazela Carey ordezkatzera. Hau taldearen atal berri bat dela».

Country ukituak

Boaty Weekenderren izandako sentsazio onek bultzatuta, Camera Obscura Look to the East, Look to the West diskoarekin itzuli da aurten, taldearen nortasun zeinuei eutsi arren, berrikuntza batzuk ere ekartzen dituena. Nabarmenena, pedal steel-aren erabilerari esker, country ahairea dariela kantu batzuei (Big Love singlea, The Light Nights). «Nik uste dut beti izan dugula ukitu hori, baina oraingoan, agian, agerikoagoa da». 

Beste elementu berriren bat ere bada —Liberty Print-en ehundura elektroniko apala—, baina Look to the East, Look to the West-ek, beste ezeren gainetik, Camera Obscurak Let’s Get Out of This Country-rekin hasitako bidera eramaten du entzulea, eta, ondorioz, pop dotorea, goxoa eta, aldi berean, distira berezia duena da nagusi bildumako 11 kantuen artean. Eta horien artean badira malenkoniaz jotako pieza batzuk ere. Esaterako, Sugar Almond, Campbellek eta Maciociak idatzi eta Landerri eskaini diotena. «Doluari aurre egiteko egiten diren gauza horietako bat da. Sentimendu horiek neure barrenetik atera, eta, nola edo hala, kantu batean islatu behar nituen. Esperientzia katartikoa izan da niretzat, baina oso inportantea zen kantu hori diskoan egotea».  

Eta orain zer? Campbellek esan duenez, Look to the East, Look to the West  ez da izango taldearen azken diskoa, eta ez da, alde horretatik, amaiera bat. «Alderantziz, zentzu askotan, disko hau gauza askoren hasiera da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.