Buztinezkoa dirudien zura

Jesus Lizaso artistak azken hamarkadan sortutako 27 eskultura abstraktu hartzen dituen erakusketa zabaldu dute Bilboko Rekalde aretoan.Beste hasiera batean ikusten du bere burua artistak

Inigo Astiz
Bilbo
2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
«Ezinezko ametsak errealitate bihurtu ahal izateko jainkoaren grazia hori du eskultoreak». Artisauek materiarekiko duten gertutasun berarekin mintzo da bere lanari buruz Jesus Lizaso eskultorea (Barakaldo, Bizkaia, 1961). Bere eskuz landu ditu guztiak, eta bere eskuz ezagutzen ditu horregatik pieza bakoitzaren ertz eta txokoak. Azken hamarkadan sortutako 27 eskultura biltzen dituen erakusketa zabaldu du Bilboko Rekalde aretoan orain, eta asko du han ikus daitekeenak ezinezko ametsetik: buztinezkoak dirudite zurak eta metalak Lizasoren eskulturetan: likidoak. Kontatzen duenez, zirrara berezia eragin zion umetan buztina zeinen moldagarri izan zitekeen deskubritzeak, eta zirrara horri jarraituz sortutakoak dirudite bere piezek oraindik ere. Bihurritu, tolestu eta kasik urtu egiten da materiala haren eskuetan. Re flexion izendatu du bilduma, eta maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai.

Adibide bat: paperezko orri bat balitz bezala tolesten du bere baitarantz lau hankako zur hutsezko mahai bat Lizasok piezetariko batean; hiru ertz normal eta laugarrena mahai gainerantz doblatuta. Zur puska solido bat, baina buztina bezain moldakor. Eta, hain zuzen , materialaren moldakortasun hori da erakusketako konstanteetariko bat. «Artisau nortasun hori badut, eta gozatu egiten dut horregatik lehengaiak bilatzen, piezak egiten, piezak bizitzen eta piezak egiten. Gaur egun artea ulertzeko nagusi den moduaren arabera emaitza da inporta duen bakarra, baina nik guztiarekin gozatzen dut».

Ez da debaldekoa Lizasok artisautzari buruz egindako aipamena, zeren hasi, artisau modura hasi baitzuen ibilbide profesionala, postuz postu zeramika lanak saltzen. Dioenez, Bilboko Arte Ederren Museora sartu zen lehen aldian piztu zitzaion, ordea, artea egiten hasteko gogoa. Alberto Giacomettiren Emakume koilara eskultura ikusi zuen museoan, eta pieza hark sekulako zirrara eragin ziola du gogoan. 1983an hasi zuen ibilbide artistikoa Basauriko kultur etxeko zeramika eta eskultura tailerrean, eta aurrez metala lantzen ikasia zen. Figurazioa landu zuen lehen urteetan, baina, dioenez, formak kezkatzen du orain, eta abstraktuak dira horregatik Rekalden ikus daitezkeen pieza guztiak.

Figurazioari izkin

Eskultoreak honela azaldu du bere garapena: «Apenas ezagutzen nuen artearen mundu horretan murgiltzen hasi nintzenean, figurazioa lantzen hasi nintzen; gero, figurazio hori murriztera jo nuen, eta, laburpen hori egin ostean, ohartzen zara oso zaila dela figurazioari ihes egitea. Baina azkenean lortu egiten duzu, prozesu motel baten ondoren, eta aitortu behar dut min pixka bat ere ematen didala figurazioa utzi behar horrek. Gertatzen dena da eskultura ez dela obra bat, baizik eta obra multzo bat, eta horrek osatzen du zure lengoaia». Eta nazioartean hainbat sari jasotakoa da lengoaia horri esker, gainera. Arteen Urrezko Domina irabazi zuen Bartzelonako Olinpiar Museoan 2000. urtean, eta Florentziako Biurtekoan ere saritu zuten 2011n.

Beste adibide bat: Impactos izeneko eskultura saila (talkak). Metalezko kubo perfektu bat eta zizelkatutako zur puskak konbinatzen ditu pieza multzo horrek, eta ikusgarria da emaitza. Kuboaren kolpea jaso berri duen buztin puska baten modura desitxuratzen eta moldatzen da zura, metalaren aginduetara.

Eten batean ikusten du bere burua eskultoreak, ireki berri duen erakusketarekin. «Azterketa moduko bat da erakusketa hau niretzat, eta autokritika egiteko baliatuko dut. Ikasi egin behar dut nire akatsez, gehiago ikasten baita akatsez, asmatzeez baino». Lurralde berri batean ikusten du bere burua orain. «Irudipena dut nire lana orain hasten dela».

Jose Julian Bakedano komisarioak lagundu du artista erakusketarekin. Txalotu egin dio artistari abstrakziora egindako urratsa, eta horri esker estilo propioa lortu duela azaldu du. «Eskultura da arterik zailena», azaldu du komisarioak. «Ez da berehalako arte bat, eta munduko azken eskulturgintzaren zama du gainean. Euskadin eskulturgintza horrek garrantzi berezia du [Eduardo] Txillidarekin, [Jorge] Oteizarekin, [Remigio] Mendibururekin eta abarrekin, eta eskola horri ihes egiteko muga batzuk jarri behar dizkio sortzaileak bere buruari, estilo berean edo ezkutuko plagio batean ez erortzeko. Asimilatu egin behar da tradizio hori, eta gero jakin behar da hura bazter utzi eta beste leku batzuetara joaten. Erakusketa honekin, Lizasok azaltzen du nola lortu duen bere bide propioa lantzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.