Jarritako puntuari bertsoz erantzutea. Horixe dute ohiko jarduna bertsolariek. Oraingoan, ordea, bestelako ariketa batean murgildu dira zazpi bertsolari, beste zazpi «konplizerekin» batera, Buruz buru izeneko proiektuan. Bikoteka, elkarrekin solasean jarri ditu Lankuk zazpi bertsolari horiek eta hainbat kultur adierazpidetako zazpi lagun. Haiek jarritako abiapuntu edo galderei erantzun diete bertsolariek, baina ez bertsotan, hitz lauz idatziz baizik. Zazpi liburuxkatan jaso dute ariketaren emaitza, eta kutxa batean bilduta plazaratu. Malen Amenabar ilustratzaile eta bertsolariak ondu du bildumaren diseinua.
Joseba Sarrionandiak, Uxue Alberdik, Gorka Urbizuk, Nerea Ibarzabalek, Ruper Ordorikak, Onintza Enbeitak, Eneko Sagardoik, Danele Sarriugartek, Igor Elortzak, Andoni Egañak, Ilaski Serranok, Julio Sotok, Maite Berriozabalek eta Manex Agirrek parte hartu dute proiektuan, elkarren artean bikoteak osatuz. «Liburuxka bakoitzak gai emaile bat du, eta idazle bat. Oraingoan, idazleen rolean bertsolariak jarri ditugu; zazpi bertsolari, bat-bateko erregistro errimatu eta neurtua alde batera utzi, eta hitz lauz idazten», azaldu zuen Marta Agirrezabala Lankuko koordinatzaileak atzo, proiektuaren aurkezpenean, parte hartzaileetako batzuk aldamenean zituela. Bertsolariei abiapuntua ematen, berriz, idazleak, musikariak, aktoreak, aurkezleak eta beste izan direla gaineratu zuen. Eta bikotekideak «elkarrekin jolasean, elkarrekin solasean» aritu direla. «Hartu-eman konplize horien emaitza da, beraz, liburuxka bakoitza».
Askotariko gaiak izan dituzte hizpide solasaldietan. Eta horiek hartu dituzten formak ere ez dira beti berberak izan, Agirrezabalak azaldu zuenez. «Abiapuntu adina estilorekin egingo du topo irakurleak kutxa honetan; ahalegin literario anitza aurki daiteke bertan». Hala, zazpi idazlanetatik lau saiakera laburrak dira, eta ipuinak beste hirurak. Elortzak, Sotok, Alberdik eta Enbeitak idatzi dituzte saiakerak, azken biek galdera-erantzun moldean. Ipuinak, berriz, Egañak, Ibarzabalek eta Agirrek sortu dituzte.
Elortzak eta Enbeitak ezin izan zuten aurkezpenean izan. Agirrezabalak azaldu zuenez, Elortzari honako galdera hau bota zion Sarrionandiak: «Zer egia dakar bertsolariak?». Begiak testuan eman du bere erantzuna bertsolariak. Enbeitari, berriz, Berriozabalek jarri zizkion puntuak, eta, besteak beste, kantatzen hasi aurretik ere entzuleek bertsolariaz duten informazio, aurreiritzi edo inpresioez gogoeta egin du liburuan.
Sarriugartek azaldu zuenez, Alberdik eta berak «puntuka» jardun zuten solasean, galdera batetik abiatuta: ea bere belaunaldiak zer ekarri dion bertsolaritzari galdetu zion. Alberdik, erantzuteko, aurreko belaunaldiak ekarritakoari begira jarri zela adierazi zuen. Baina bestelakoak ere izan zituztela hizpide gehitu zuen: «ahizpatxikitasuna», kanona, lekukoa pasatzea eta beste. Gogoeta horiek guztiak jaso ditu liburuan.
Sotori, berriz, testu labur bat jarri zion Urbizuk abiapuntu, zeinetan bere amonak esan ohi zuen esaldi bat zetorren: «Vi dos o ches sagundiles entre los achunes, allá ande el Urdiñ». Sotok azaldu zuenez, esaldiak agerian uzten du musikariaren amonak euskara ere baliatzen zuela gazteleraz ari zenean, «beste amona askok egiten zuten moduan, tartean, geureak». Artazun sortu zen Urbizuren amona Jesusa; Irurren Sotoren amona Maria. Nafarroan biak, ez oso urrun elkarrengandik. «Testua irakurrita, badirudi ados jarri ginela, baina kasualitatearen emaitza izan da bi amonek testuan topo egitea». Haien bidez, hizkuntzaren galeraz egin du gogoeta, nola amonak gero jabetu ziren euskarazko hitzak ere bazituztela, nola bizi zuten biloben oholtza gaineko euskarazko jarduna... «Sentimendutik egindako lan bat da».
Bertsolariak ipuingintzan
Ipuin bat sortzea erabaki zuen Agirrek, Serranok abiapuntu gisa jarri zion testuak halakorik eskatzen ez bazuen ere. Gai oso irekia iruditu zitzaion, eta bakarka kantatzean bezala, berau zehaztea eta bideratzea egin zitzaion lanik zailena. «Behin hori eginda, eraikitzea eta idaztea gustuko lana da». Gehiegi argitu nahi izan ez bazuen ere, «fikzioaren bidez, gaur egun bizi-bizirik dagoen zerbait» erakusten saiatu dela adierazi zuen.
Ibarzabalek ia ezinbestean aukeratu zuen ipuinaren formatua. « Ez zegoen beste aukerarik, Enekok [Sagardoik] hasieratik ipuin edo pelikula baten hasiera bidali zidalako testu forman». Hark ere ez zuen gehiegi zehaztu nahi izan, eta ipuinak «ama baten ihesa» kontatzen duela azaldu zuen.
Egañari, berriz, Ordorikak jarri zion abiapuntua: bertso lagunik ez zuela, eta haren bila Euskal Herrian barrena abiatu behar zuela. Gai horri tiraka idatzi zuen ipuina Egañak, eta bilaketa horretan, hamaika pertsonaia agertuko dira:Milia Lasturkoa, Pernando Amezketarra, Lazkao Txiki, Lizaso...
Haien guztien kontakizunetatik hartutako detaileak izan ditu Amenabarrek abiapuntu, collage bidez osatutako irudiak sortzeko.
Proiektuari jarraipena emateko gogoa agertu zuten bai parte hartzaileek bai Lankuko kideek, beraz, litekeena da etorkizunean segida izatea. Bilduma Durangoko Azokan izango da eskuragarri heldu den astean, Lankuren eta Bertsozale Elkartearen erakusmahaian. Gero, www.lanku.eus atarian ere izango da eskura, baita ohiko liburu dendetan ere.
Buruz buru, jolasean
Zazpi bertsolari eta hainbat kultur adierazpidetako zazpi lagun solasean jarri ditu Lankuk, bikoteka. Zazpi liburuxkaz osatutako kutxa batean bildu dute emaitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu