RCR arkitektura estudioak Oloten (Herrialde Katalanak) duen bulego nagusian ez dago ordenagailurik. 1988an estudioa sortu zutenez geroztik, han egiten dute lan Rafael Arandak, Carme Pigemek eta Ramon Villaltak, eta arkitektura firmaren egiteko moduen lekuko isila izan daiteke bulego hori. Arkatz lodiak eta pintzelak ere ugari dira han, hiru arkitektoen lan egiteko moduaren isla gisa. Eta, hala ere, ideia guztiak buruan mamitzen dira, Arandak dioenez. «Proiektuak buruan egon behar du eskura pasatu aurretik». Aurten, Pritzker saria jaso du RCR Arquitectes estudioak, munduan dagoen arkitektura saririk garrantzitsuena, eta hari egokitu zaio Mugak-i, hau da, Donostian aurrenekoz antolatzen den arkitektura bienalari hasiera ematea ere. RCR Arquitectes. Sormen partekatua erakusketa handia zabaldu dute Miramar jauregian, estudioak ia hiru hamarkadan egin duen lanaren testigantza zabala.
Erakusketa lau atal nagusitan dago banatua. Lehenengoa estudioaren «sukaldea» litzateke,Arandaren arabera, lan guztia hasten den lekua. Erakusketara RCR zer den jakin gabe iristen denarentzat, parterik harrigarriena izango da zalantza handirik gabe. Paper gainean tintarekin eta urarekin egindako zirriborroek osatzen dute erakusketaren atal hori. Formak, ideiak... kasu askotan abstrakziotik gertu egon daitezkeenak, baina zentzu erabatekoa dutenak arkitektoentzat. «Bezeroari emandako lehen azalpena hauxe da. Ez diogu proiektua zehatz-mehatz azaltzen, baizik eta zeren bila gabiltzan adierazi. Bezeroak zergatia ulertu behar du modu erraz batean». Hamaika adibide ageri dira aretoan, baina arreta erakartzen dute Adria anaiek ireki duten azkeneko jatetxearentzat eginiko bozetoek: japoniar kulturaren arrastoak dituzte, eta naturak RCRren lanean duen garrantziaren neurria ematen dute. Izan ere, Arandak, Pigemek eta Villaltak ez dute paisaiatik edo naturatik bereizten arkitektura. Edo, bestela esanda, «arkitektura onena paisaia da beti». Hor mugitzen da estudioa, eta, horregatik, eraikinaren barrualdearen eta kanpoaldearen arteko lerroak, mugak, ezabatzen edo gutxienez lausotzen saiatzen dira. «Denak bat izan behar du. Eta barruan dagoenak jakin behar du zer duen kanpoan; harremanetan egon behar du».
Naturarekiko lotura hori RCRren lan guztietan antzeman daiteke, baita hiri kokaguneetan landutakoetan ere. Adibide bat: Bartzelonako Sant Antoni-Joan Oliver liburutegia. Bertan, liburutegi modernoa, haurrentzako gunea eta adinduen zentroa biltzen dira, eta erdian lorategia ere baden patioa bilakatzen da guztien arteko lotailu. Beti natura erdigunean. «[Antoni] Gaudik ere horixe zuen erdigunean: natura».
RCRren lana oso lotua agertzen da, batik bat hastapenetan, bere inguruari. Olot herriari, hain zuzen ere. Han dute estudioa Arandak, Pigemek eta Villaltak, eta han egin dute euren lanaren parte handi bat. Naturaren erdian. Horren adibide ugari ematen ditu erakusketak, hala maketen bitartez, nola proiekzioan bidez.
Miramarreko beste areto batean proiektu arkitektonikoak berak ikus daitezke, dela maketen bitartez, dela argazkiekin osatutako proiekzioen bidez. Hor ikus daitezke, esaterako, Sant Antoni-Joan Oliver liburutegia bera eta Rodezeko (Frantzia) Soulages museorako egindako lana. Eta baita RCRren egitasmo berezi bat ere: Oloten egindako atletismo pista bat. Bereizgarri bat du pista horrek, baso batean baitago, zuhaitzen artean.
Erakusketak bere osoan ematen du RCRren lanaren berri, eta, horregatik, azkeneko parte batek kasu egiten die orain momentuan lantzen ari diren proiektuei. Mahai gainean egonda, errealitate bilakatzen hasi direnei edo hastear direnei. Hor da, adibidez, Ganteko (Belgika) Mediatekaren maketa, eta arkitektura estudioaren azken lan handienetako bat: Dubaiko (Arabiar Emirerri Batuak) Dar Al Marefa irakaskuntza integraleko ikastetxerako proiektua.
Arkitekturaren inportantzia nabarmentzen du etengabe Arandak. «Arkitektura espazioetan gaude goizean esnatu eta jaikitzen garen momentutik. Eta gure helburua beti da espazio horri balioa ematea».
Hamaika egitasmo
Aste honetan egingo dira Mugak Arkitektura Biurtekoaren ekitaldi nagusiak —hitzaldiak, mahai inguruak, erakusketak—, baina bienalak urtarrilera arte antolatuko ditu ekitaldiak. Miramarren izango dira saio nagusiak, baina Tabakalerak ere programazio propioa izango du, eta hiriko bost galeriak (Altxerri, Arteko, Ekain, Kur eta Vetust Art), beste horrenbeste erakusketa jarriko dituzte ikusgai datozen asteetan.
Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:
www.mugak-bienalsansebastian.eus
Buruan ontzen den arkitektura
Kataluniako RCR arkitekto estudioari buruzko 'Sormen partekatuak' erakusketa handiarekin hasi da, Donostian, Mugak biurtekoa. Aste honetan egingo dira ekitaldi nagusiak, Miramar jauregian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu