«Burua beti borborka dauka»

Anjel Lertxundik Olariagaren adimen gaztetasuna eta jakin-min kritikoa nabarmendu ditu haren omenez egindako 'laudatio'-an

Anjel Lertxundik Laudatio-a irakurri zion adiskideari, eta Eider Eibarrek margoz omendu zuen Olariaga. I. URIZ / ARP.
gorka erostarbe leunda
Andoain
2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Anjel Lertxundiren Hitz Beste zutabea eta Antton Olariagaren Zakilixut tira eguneroko ogi izan zituzten BERRIAren irakurle askok ia 15 urtean. Lertxundik aurtengo udaberrian utzi zion zutabe hori idazteari; jaso zuen omenaldia hark ere. Atzo berak omendu zuen Olariaga, nahiz eta hark jarraituko duen Zakilixuten berri egunero ematen. Honela hasi eta bukatu zuen atzoko bere laudatio-a: «Zakilixut, berrogei urte eta gero, jendeak maite hau!».

BEGIRADA KRITIKOA





«Jakin-minaren, kuriositatearen, begirada kritikoaren eredu izan da eta da niretzat; errealitatearen alde ilunetan, ertz bihurrietan, arrakaletan fokua jartzen saiatzea da, besteak beste, ikasi diodana. Bere jarrera da, lan egiteko sistema du, natural-natural ateratzen zaio beti atezuan egotea. Eta burua beti borborka dauka. Lo egitean ere hala izango duela pentsatzen dut».

«Urteek ez dute barkatzen, egia, baina gaztetasun iraunkorrena ez du ematen adinak, adimenak baizik». Eta Olariagak gazte segitzen du adimenez. Jakin-minez, alegia.

«Bizitzaren gozamena dago beti jakin-minaren atzean, artearen gozamena da Olariagak transmititu didana bere lan egiteko moduarekin, bere kuriositate aseezinarekin. Olariagak esana: 'Ez diot zentzurik ikusten ibilbideez mintzatzeari ez bada akatsak zuzendu eta norabide berriei buruzko pistak hartzeko'. Hori ez bada gaztetasuna, ni ez naiz erremerrea».

PERFEKZIOARENA





«Olariagarentzat ez dago asunto txikirik, arreta bera eskaintzen die lan guztiei, apalenei bezala inportanteenei ere. Izan etiketa txiki bat, izan bineta bat, izan pentsa litekeen libururik sofistikatuena, Olariagak interes eta intentsitate berarekin tratatzen ditu lan guztiak».

«Horra desioa, perfekzioaren ezinezko ametsa. Desioa beti da lortu nahi den zerbaiten bezpera, eta halaxe bizi da Zakilixut, beti bezperan. Biharamuna datorren arte, perfekzioaren ezina».

'ZIKINBRILLO' EDO ARTEAREN DEFINIZIOA





«Askotan ez daki zer esan ere ikusi edo entzun berri duenaren aurrean, bera ez baita moralista bat, ez da politikaria, ez da soziologoa edo tertulianoa. Ez daki zer pentsatzen duen, baina pentsatzen jartzen bada, aterako da zerbait».

«...klixeak eta topikoak baztertzen saiatzen da, badaki zein izurrite-klase kutsatzen duen onkeriak, politikoki zuzenaren pandemiak... Artista fin guztiak bezala, Olariaga zikin-brillo bat da: zikinean brillo egiten saiatzen dena, alde ilunetan argi egiten. Arteak horixe baitu helburuetako bat: mugatuak gara, denok gara akastunak, eta zikina salatzeaz gainera, zikinaren inguruko alde bizigarriak seinalatzea da, besteak beste, artista baten lana. 'Erreka zikinen iturri garbiak aurkiztea', esaten zuen Letek nik baino dotoreago».

EUSKARA ETA KALEA





«Zakilixuten belarriak beti daude erne zer entzun eta jasoko. Ateraldiak, txinpartak, ironia, ziria, laburrean luze diharduten solas ia monosilabikoak, hitz jokoak, elipsiak, kontrakzioak, aliterazioak, polisemia, distortsioak eta metaplasmoekin lortutako hitz berriak, egunsentitik egursenti edo elursenti eginez. Kaligrafia hitzari ere metaplasmoa aplikatuz, kalegrafia izeneko diziplina berria deskubritu zuen Olariagak kale-kantoietako pintadatan».

«Inork ez daki, Olariagak berak ere ez, zenbat teknika, zenbat estilo, zenbat haustura, zenbat proposamen estetiko egin dituen bere binetetan, kartelgintzan, liburuen diseinu eta ilustrazioetan. In margine esanda: haren marrazki askotako arkitektura ikusita, urbanismoak arkitekto bat galdu zuen eta euskalgintzak artista bat irabazi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.