Burua baino azkarrago dabiltzan eskuetatik

Mar de Dios artistaren zeramikazko 30 pieza bildu ditu Tabakalerak 'Batzuk' erakusketan. Lerro berri bat abiatu dute horrekin, eta urtero «euskal testuinguruko» komisario eta egileek osatuko dute

Lau Pareta guneak hartuko ditu Tabakaleran euskal artisten obrak; lehenak dira Mar de Diosen piezak. JON URBE / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hitzak erabiltzea baino gehiago maite du Mar de Diosek eskulangintza: «Nire hizkuntza, aditzera emateko nire modua egiten dudan oro da». Zeramikagilea da, eta Donostiako Tabakaleran ikusgai dago propio bertarako sortu duen Batzuk, 30 lanen bilduma. Bera izango da lehena Lau Pareta izena duen gelan ireki duten lerroan ostatu hartzen. Urtero «euskal testuinguruko» komisario bat gonbidatuko dutela zehaztu du Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak: «Hala, komisarioak bere belaunaldiko artista batekin erakusketa bat egin dezan elkarlanean».

Ane Lekuonari eman diote komisariotza lana, eta prozesua «intentsoa» eta «polita» egin zaiola aitortu du: «Artista baten lana hurbiletik ikustea beti da interesgarria, eta Mar de Dios oso eskuzabala izan da. Haren lana ikustera joaten den orori behatze soilez sortuko zaizkion galdera denak dira balekoak».

Hori eraman nahi izan dute aretora De Diosek eta Lekuonak. Erakusketa kolorista da. Ikusgaidaude kolore askotariko zeramikazko hainbat pieza. Norbere buruari galdetuko diote pieza bakoitzak funtzionaltasunik ba ote duten: ontziak diren ala eskulturak diren. Beraz, funtzionaltasunaren eta kontenplazioaren artean jolasten dira, hots, artearen eta diseinuaren artean. Izaera zehaztugabe horren erreferentzia da Batzuk erakusketaren izenburua ere, Lekuonak adierazi duenez.

De Diosek inoiz egin duen erakusketa indibidual handiena da Batzuk. Obrak nahita daude jarrita belaunen altueran, «edonork ikuska ditzan», baina azaldu du daukaten ordenaren zergatia ez duela jakinaraziko: «Nahiago dut ikuslea hona baldin badator, eta inongo azalpenik gabe bere interpretazioa egiten badu».

Lau gune nagusi daude aretoaren lau erpinetan, eta ohol zuri baten gainean daude piezak. Beste bi erakusmahai daude sartu eta parez pare.

Hori lortzeko prozesuan, eskuz egindako lanean, esperimentazioan, forman eta kolorean oinarritutako lan egiteko era aldarrikatu du De Diosek.

Esaldi adierazgarri batean laburtzen du artistak emaitzaren bidea: «Zeramika izan da, niretzat, eskuak burua baino azkarrago joan zaizkidan lehen aldia». Bozetorik gabe egiten du lan. Irudi edo ideia batetik abiatzen dela esaten du sarri, baina, orokorrean, egin ahala moldatu ohi ditu piezak. Eskaiola erabiltzen du moldeak egiteko, eta airezko pistolaz esmaltatzen ditu lanak.

Bere burua zeramikaren errepresentazio txikitzat hartzen du De Diosek: «Zeramika egun izaten hasi denaz bederen, indarra hartzen ari baita, eta, ohartuko zinetenez, merezi duen lekua hartzen ari da arte garaikidean».

Zorteari egokitu dio De Diosek zeramika egurasten ari den belaunaldi berri horren aurpegi izatea, baina, azpimarratu du badela jende asko langintzan: «Niri orain kasu egiten didate, baina, EHUk Bilboko Arte Ederren Fakultatean eskaintzen duen Zeramika masterra belaunaldi askoko harrobia sortzen ari da». Artistak azaldu du Bilbok ez duela izan tradizio zeramikorik, eta, Espainiako sortaldean edo Galizian ez bezala, unibertsitateak errotu eta egonkortu du, haren iritziz, diziplina.

EHUn lizentziatu ondoren, Artea Ikertzeko Masterra egin zuen Madrilen, eta «tentsioa» eragin zion akademiak: «Teorizatzeko asko zeukan lan horrek, eta ezinegona eragiten zidan itzulketa lan horrek». Azaldu du berarentzat bi hizkuntza bereiz direla egitea eta hori hitzetara egokitzea. Horregatik adierazten du sarritan bere eskuek adimenaren abiadura gainditzen dutela sortze prozesuan; ikerkuntzan, ordea, ez zaio hori gertatzen. Horregatik ere nahiago du sorkuntzak hitzez ez esplikatu eta jatorrizko lengoaian utzi, interpretazio askerako.

Bisitak otsailaren 22an eta martxoaren 22an izango dira, eta apirilaren 15ean arte tailerra egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.