Antonio Lauzurikak konposaturiko obra bat estreinatu zuen Euskadiko Orkestrak atzo. Aurten, Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena denez, hainbat ekitaldi antolatu dira artistaren omenez. Lauzurikak konposatutako pieza urteurren horren barne dago, Txillida oinarritzat hartuz sortu baitu. Eskultoreak bere lanak sortzeko erabili zituen zenbait material aprobetxatu ditu Euskadiko Orkestrak, haiekin musika egiteko. Pieza horiek Legazpiko (Gipuzkoa) Txillida Lantoki museotik hartutakoak dira. Txillida familiaren laguntza izan dute Lauzurikak eta orkestrak, materialak erabiltzeko eta eskultoreari buruzko dokumentazioa lortzeko. Txillida-Goraipamenak izena du piezak, eskultoreak egindako goraipamen obren omenez. 20 minutuko emanaldia da.
Lauzurikak «zirraraz» jaso zuen eskultorearen inguruko lana egiteko eskaera: «Betidanik erreparatu diot Txillidari. 92ko erakusketa antologikora joan nintzen; Zerumugaren goraipamena eskultura multzoan ere hura inauguratu eta gutxira egon nintzen; eta munduko leku askotan aurkitu ditut haren lanak. Oso identifikatuta sentitu izan naiz haren lanarekin, baita haren izaerarekin ere». Baina hasierako zirrarari lana kudeatzeko «presioak» hartu zion lekukoa. «Nola egin, nondik hasi... asko ziren hasierako galderak. Proiektuaren hastapenak ikerketa lanez beteta egon ziren. Dokumentazio lan handia egin nuen, eta ondoren hasi nintzen eduki musikala sortzen», azaldu du Lauzurikak.
Konpositoreak galdera nagusi bat zuen buruan: «Nola elkartu bi munduak? Nola uztartu musika eta eskultura?». Txillidaren laneko hainbat ideia eta kontzeptu barneratu zituen Lauzurikak hasieratik, orkestrarako lanean horiek irudikatzeko. «Haien artean materialen erabilera izan zen ideia nagusietako bat», esan du Lauzurikak: «Txillidak garrantzi handia ematen zien erabiltzen zituen materialei, eta hori, nolabait, oholtza gainean irudikatu behar nuen». Mikel Txillidak, eskultorearen bilobak, haren aitonaren eta musikaren arteko lotura nabarmendu du: «Nire aitonak musika erabiltzen zuen bere lanen sormen prozesuan; musika inspirazio iturri handia zen harentzat. Orain, berak egiten zuenaren kontrakoa dugu hemen: eskulturatik sortutako musika».
Lau zatitan banatu du Lauzurikak lana, Txillidak erabilitako ideia edo materialak irudikatuz zati bakoitzean. Lehenengo zatia zerumugan oinarrituta dago, eta irudikatutako materiala hormigoia da. «Zerumugan dena tamaina handikoa da, dena goraka doa», esan du Lauzurikak. Bigarren zatia grabitazioarekin lotuta dago. Ganbera musikaren modukoak ziren Txillidarentzat grabitazioaren inguruko lan horiek, intimitate handiagoz eginak zeuden eta. «Paperezko eta kartoizko artelanak egin zituen Txillidak grabitazio lanetan, eta, horregatik, zati honetako musika ehundura arinekoa da, apalduz joaten da», azaldu du konpositoreak. Burdinan oinarritu du Lauzurikak hirugarren zatia, eta hor Txillidak erabilitako tresnak erabiliko dituzte orkestrako perkusio jotzaileek. «Gorputz handiko zatia da hau, eta, bigarren zatiaren arintasunaren ondoren, kontraste handia sortzen du. Soinu indartsuek bereganatuko dute protagonismoa», azaldu du Lauzurikak. Azkenik, utopia da azken zatiaren ardatza. Eskultoreak Tindaia mendiko proiektua aurrera eramateko ametsa zuen, eta konpositoreak amets hori irudikatu nahi izan du orkestrako instrumentuen bidez. Perkusio jotzaileek burdinak harriekin trukatuko dituzte momentu horretan, eta erritmoa harri kolpeekin ezarri.
Lantokitik oholtzara
Proiektuaren hastapenetatik Lauzurikak oso argi zuen Txillidaren presentzia benetakoa izan behar zela oholtzan, hark egunerokoan erabilitako materialak erabili behar zituztela musika pieza hori egiteko. Oholtzan erabiliko diren objektuak ez dira Txillidaren artelanak, sortzeko prozesuan erabilitako tresnak baizik. «Legazpira [Gipuzkoa] joan ginen prozesu honen hasieran, museoa eta lantokia ikusteko. Hainbat pieza ikusi genituen han, eta baketa batekin haiek jotzen hasi nintzen, ikusteko ze soinu egiten zuten, eta zein zen egokiena orkestraren obrarako», esan du Lauzurikak. «Tresna originalak dira, nire aitonak Mirakruz Gaineko bere tailerrean erabiltzen zituenak», azaldu du Txillidak. Baina tresnak musika egiteko erabiltzeaz gain, eskultorearen artelan bat egongo da musikarien ondoan, bertaratuko diren bisitariek ikusi ahal dezaten. «Oholtzan aitonaren pieza bat jartzea erabaki genuen familiakoek, eta hauxe da aukeratutakoa: Goetheren etxea», adierazi du Txillidak.
Musika sentiaraztea da konpositorearen helburuetako bat: «Musika ez da entzuten soilik, sentitu egiten da, eta bakoitzak bere erara sentitzen du». Horren harira, eskultorearen bilobak argi dauka, bere aitonak zioen moduan, artea bakoitzak bere moduan ulertzen duela: «Gure aitonak bazekien bere artelanek esanahi asko zituztela, ikusten zuen orok bere esanahi propioa hartzen baitzion. Gainera, berak esaten zuen esanahi guztiak baliozkoak zirela, ez zegoela bakar bat ere oker zebilenik». Orkestrak interpretatuko duen obra «ikusi, sentitu eta ikusi» egingo dela esan du Lauzurikak, musikaren bidez eta Txillida Lantokitik ekarritako tresnen eta Goetheren etxea artelanaren bidez.