Jean-Claude Carriere

Buñuelen konplizea

Jean-Claude Carrierek sei filmetan besterik ez zuen lan egin Luis Buñuelekin, baina bere izena zinemagile espainiar hari lotuta ageri izan da beti, nahiz eta ehun gidoi baino gehiago idatzi zituen zinema eta telebistarako

XAVIER BERTRAL / EFE.
mikel lizarralde
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Bere burua «Lumiere anaien garaiko entziklopediagile» gisa definitzen zuen, eta, horregatik «jende guztiari dena kontatzea» zuen helburuetako bat. Horregatik, idazketara eta bereziki, idazketa zinematografikora bideratu zuen bere lanaren parterik handiena. Jean-Claude Carriere, azken 60 urteetako gidoigile ezagun eta ospetsuenetakoa, atzo hil zen. 89 urte zituen, eta ia bere bizitzaren amaiera arte segitu zuen bere pasioa lantzen. Istorioak kontatzen. Zinemarako kontatzen.

Bitxia bada ere, libururik gabeko eremu batean jaio zen Carriere (Colombieres-sur-Orb, Frantzia, 1931-Paris, 2021), ardogileen familia batean. Berehala piztu zuten, baina, literaturak eta zinemak haren arreta, eta, hain zuzen ere, Literatura eta Historian graduatu zen. Lehenengo pausoak literaturaren eremuan eman zituen, eta Mary Shelleyk idatzitako Frankenstein nobelari omenaldia eta erreferentzia egiten zieten hainbat eleberri argitaratu zituen 1950eko hamarkadaren amaieran. Baina zinemak ere deitzen zuen Carriere gaztea, eta, 60ko hamarkada hastearekin batera, lehen kolaborazioak egin zituen Pierre Etaix zinemagilearekin.

1963ko Cannesko Zinemaldian ezagutu zuen Luis Buñuel zinemagile espainiarra, eta horrek Carriereren ibilbidea baldintzatuko zuen. Ordurako surrealismoa maite zuen idazle eta gidoigileak, eta Viridiana-ren zuzendaria ezagutu zuenean, bere kezkak eta ideiak zituen pertsona bat ikusi zuen aurrez aurre. Mexikotik iritsi berria zen Buñuel, eta berehala hasi ziren eskuz esku lanean. Haien elkarlanaren lehenengo emaitza hurrengo urtean iritsi zen, Le journal d'une femme de chambre (1964), baina ez zen bakarra izan; izan ere, Buñuelen handik aurrerako film ia guztien gidoian parte hartu zuen Carrierek: Belle de jour (1967), La voie lactée (1969), Le charme discret de la bourgeoisie (1972) —ingelesez besteko film onenaren Oscar saria irabazi zuena—, Le fantôme de la liberté (1974) eta Cet obscur objet du désir (1977). Film horietan, irreberentzia landu zuten bi sortzaileek, dramaturgiaren klixeei muzin eginda eta instintuari lehentasun erabatekoa emanda. Kontatzen zutenez, aurrez aurre eseri, ideiak bota, eta hiru segundo baino ez zioten ematen elkarrionak ala txarrak ziren erabakitzeko. Baina, betiere, estereotipoetatik eta bide markatuetatik aldentzeko gogo irmoarekin. «Nola zen Buñuelekin lan egitea?Luzea eta motela zen lana, egun huts eta aztoragarriak zituen prozesua. Isiltasuna, ezinegona, berriro hasi beharra, porrotak, aurkikuntzak, barreak... Hutsalkeriaren amildegiez inguratuta egin behar genuen aurrera, arrunkerian erori gabe, baina inkongruentziari iskin eginda», azaldu zuen Carrierek bere memorietan.

Nahiz eta zinemagile espainiarra bera baino 30 urte zaharrago izan, konplizitate berezia lortu zuten Buñuelek eta Carrierek; baina gidoigilearen lana ez zen mugatu haren filmetara. Lan egin zuen Louis Mallerekin (Viva Maria, 1965), Milos Formanekin (Taking Off, 1971), Jacques Derayrekin (La piscine, 1969), eta eleberri ospetsuak ere moldatu zituen zinemarako: Die Blechtrommel (Volker Schlöndorff, 1979), Gunter Grassen nobelan oinarrituta; eta The Unbearable Lightness of Being (Phillip Kauffman, 1988), Milan Kunderaren liburua ardatz hartuta.

Carriereren azken lanetako bat L'homme fidèle izan zen, Louis Garrelek zuzendu eta 2018an Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.