Bunkerren begiradak

Pirinioetako eraikinak argazki kamera bihurtu ditu Asier Gogortzak, kamera ilunaren teknika oinarri hartuta

Asier Gogortza, bere lanen artean, Museum Cemento Rezolako erakusketan (Añorga) ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Gerrarako sortu ziren bunkerrei beste erabilera bat ematea. Erronka horrek bultzatu du Asier Gogortza argazkilari eta kazetaria (Bera,1976) bunkerrak sorkuntza artistikorako tresna bihurtzera. Bere esku hartzearen bidez, kamera baten objektiboaren ordezko izan dira eraikinak.

Prozesua kamera ilunaren funtzionamenduan oinarritu du: ehun beltz soil batekin, bunkerraren leihotik ikusten den paisaia gotorlekuaren barnealdean islatzen da, argazki baten moduan, baina alderantziz. Argazkilari lanetan ibili da Gogortza, islaren momentua harrapatuz. Horrela, islatutako paisaia eta bunkerraren barnealdea nahasten dituzten irudiak lortu ditu, «esperimentalak» eta «estetikoki oso ederrak», antolatzaileen arabera.

Añorgako (Donostia) Museum Cemento Rezola museoko erakusketa berrian bildu dituzte irudiok, zementuzko euskarri baten gainean, eta zementuzko markoarekin. Concrete Landscapes. Bunkerretik begiradak izena duen erakusketak, eta irailaren amaiera arte egongo da zabalik.

Gogortzak adierazi duenez, bi urteko lana eskatu dion proiektu honek «bi alderdi» ditu: dokumentazio lana, batetik, eta alderdi artistikoa, bestetik. Argazkilariak Pirinioetako defentsa lerroa osatzen duten bunkerrak ikertu ditu gehienbat —naziek eta Frantziako Erresistentziak eraikitako gotorleku batzuk dira salbuespen bakarrak—. Defentsarako lerro hori Francok eraikiarazi zuen II. Mundu Gerraren hastapenetan, eta «4.500 gotorleku inguruk» osatzen dute, Gogortzaren esanetan. Ikerketaren bitartez, bunker abandonatuen erabilera bultzatu nahi du argazkilariak; ikuspuntu kultural, artistiko nahiz turistikotik eraikin probetxugarriak direla uste baitu.

Gerra erabilera, arte bihurtuta

Ideia horri jarraiki, «berrerabilpen» posible horietako bat martxan jarri du beratarrak. Bunkerrak kamera bilakatuz, eraikinen arkitektura modu artistiko batean aztertu nahi izan du; «beste garai batzuen testigu» diren gotorlekuak « alegiazko paisaia berrien» bidez berrikusiz, haren hitzetan. Emaitzak «gizakiaren eta paisaiaren arteko harremanaz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu», Gogortzaren ustez.

Erakusketaren izenari dagokionez, ingelesezko concrete hitzaren bi esanahiekin jolastu nahi izan du. Bat zementua da, eta bestea berriz, zehatza. Azken horrek bunkerreko leihotik ikusten den paisaiaren mugei egiten die erreferentzia: «Bunkerra, barruan dagoenak kanpokoa ikusteko, baina bera kanpotik ikusia ez izateko dago eraikia. Horregatik, paisaia jakin bat zehazten du leihoak, barrukoari inguruko paisaia kontrolpean izateko aukera ematen diona. Eta hori da, hain justu, paisaia bat erretratatu nahi duenak lortu nahi duena».

Erakusketa honek museoaren erronka berriak irudikatzen ditu, Jose Mari Etxarri Cementos Rezola enpresako lehendakariak adierazi duenez: «Artearen hainbat diziplinari tartea egin nahi diegu, gure lurraldearen ehun sozial eta kulturala islatuko duten ekimenen barruan». 2000. urtean zabaldu zuten museoa, eta gaur egun «euskal zirkuitu kulturalaren barruan sendo» ikusten du enpresaburuak. Museoaren helburua da «Añorgako eta, oro har, Gipuzkoako jarduera sozial eta kulturala» indartuko duten erakusketak antolatzea, Etxarriren hitzetan. Gainera, «museoa Donostiara hurbildu» nahi dutela gehitu du, eta azpimarratu du Donostia 2016 egitasmoari euren ekarpena egin nahi diela, «ahal den guztian». Eva SalaberriaDonostia 2016 hautagaitzako koordinatzaileak esan du hiriburutza «denon artean» lortutako «aukera» dela, eta gisa horretako erakusketen «balioa» azpimarratu du.

Urtero 6.000 lagunek bisitatzen dute Museum Cemento Rezola museoa, eta erakusketa hau antolatzen duten 30.a da, gutxi gorabehera. Oraingoa ez da, gainera, bunkerren inguruko lehen erakusketa. 2008an, Bunker Arkeologia izeneko erakusketa egon zen, Norvegiatik Bidasoaraino hedatzen den Atlantikoko harresia defentsa lerroari buruzkoa.

Adlain aldiko erakusketez gain, zementuaren inguruko erakusketa iraunkorra dago eraikinean. Bertan, zementuaren eraketaren nondik norakoak eta Cementos Rezola enpresaren historia ezagutzeko aukera du bisitariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.